Arrisku handieneko bi guneak, Igeldo eta Jaizkibel

Arrisku handieneko bi guneak, Igeldo eta Jaizkibel

E. Goenaga Lizaso

Mendi sute handirik gertatzen ez bada, urtean ehun hektarea baino gutxiago erretzen dira Gipuzkoan. Gutxienekoei begiratuta, marka guztiak hautsi ziren 2016. urtean: urte osoan 11 baso hektarea baino ez zituen suntsitu suak. Goitik begiratuz gero, 1989koak dira kopururik handienak: 4.300 hektarea suntsitu zituen suak orduan, eta zuhaiztiak ziren horietako 3.200. Lehorte handiko urtea izan zen hura; lehorra izan zen uda eta haizetsua udazkena. Errazagoa zen sua piztea, eta itzaltzea, berriz, zailagoa. Beste garai batzuk ziren; suteei aurre egiteko orduko baliabideak ezin dira parekatu oraingoekin, ezta mendiak zaintzeari gaur egun ematen zaion garrantzia eta herritarren kontzientziazioa ere.

Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, 1985etik beste bi aldiz soilik gainditu da Gipuzkoan 1.000 hektareako langa: 1985ean eta 2002an. Azken horretan, Jaizkibelen gertatu zen hektarea gehien erre zituen sutea, eta, orotara, 1.155 hektarea suntsitu ziren urte osoan.

2010eko datuetan gorakada izan zen berriz ere, nahiz eta ez zen iritsi 1.000 hektareara. 612 hektarea erre ziren, eta orduan ere Jaizkibelgo suteak eragin zuen urteko datuen igoera. Ordutik, behin bakarrik gainditu da 100 hektareako langa: 2015ean. 200 hektarea inguru erre ziren Igeldo eta Orio artean, eta urte hartako martxa ona hautsi zuen horrek. Abenduaren 20an gertatu zen sutea, eta ordura arte 50 hektarea baino ez zituzten erre mendiko suteek.

Kontzientziazioa

Eragindako suteak izan ziren bai Jaizkibelgoa eta bai Igeldokoa. Arantza Ariztimuño Mendietako zuzendariak ondorengoa esan zuen Igeldoko sutearen ostean: “Gipuzkoan, bi gunetan gertatzen dira mendi suteak maiztasun batekin: Igeldon eta Jaizkibelen. Jende asko ibiltzen da bi tokietan, eta arriskua handitzea dakar horrek. Mendira goazenean, edozein arduragabekeria txikik eragin dezake sua: zigarrokin batek, kristal edo plastiko zati batek…”. Ariztimuñok ezinbestekotzat jotzen ditu mendien zaintza eta kontzientziazioa.

Izan ere, Mendietako Zuzendaritzak emandako datuen arabera, gizakiek eragindakoak dira Gipuzkoan gertatzen diren hamar mendi sutetik zazpi; arduragabekeriagatik batzuk, eta nahita piztuta besteak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.