Babes onena, mendiak zaintzea

Babes onena, mendiak zaintzea

Eider Goenaga Lizaso

Greziatik etorri dira aurten mendi suteen irudiak eta suteek eragindako kalteen datu beldurgarriak. Galiziatik eta Portugaletik etorri izan dira aurreko urteetan. Gipuzkoan, ordea, 2015. urtera egin behar da atzera. Igeldon gertatu zen azken sute handia: Orio eta Igeldo arteko 200 hektarea inguru erre ziren. Orduan erretako hektarea kopuruak eta kalteek, baina, ez dute zerikusirik joan den astean Grezian gertatutakoarekin (ehundik gora hildako, 1.500 etxe suntsituta eta 2.100 mendi hektarea erreta), edo iaz Portugalen (64 hildako eta 46.000 hektarea) eta Galizian (lau hildako eta 4.300 hektarea) izaniko suteekin.

Gipuzkoan, dena den, sute arriskurik handiena ez da uda sasoian izaten. Arkaitz Orbegozo Gipuzkoako suhiltzaileen zerbitzuburuaren arabera, udazken amaieran eta neguan gertatzen da mendi sute gehien. “Oro har, Gipuzkoan, Bizkaian eta Nafarroa iparraldean ez dago mendi suteen arrisku handirik, azken urteetan mendiaren kudeaketan ahalegin handia egin baita suteak saihesteko. Baina, gainera, udak hezeak izaten dira normalean, gure klimatologiarengatik”. Orbegozok hego haizearekin lotzen ditu arazoak, batik bat. Iraila, urria eta azaroa nahiko hilabete lehorrak izan ohi direla azaldu du, eta hego haizeak are gehiago lehortzen dituela mendiak. Ondorioz, abendutik martxora izaten da sute arriskurik handiena.

Horrek ez du esan nahi udan suteak gertatzen ez direnik, baina sute txikiak izaten dira normalki; ez mendi oso bat erretzeko adinakoak. “Udan gertatzen direnak, batez ere, baserritarrek egiten dituzten erreketen ondorio izaten dira. Kontrolpean eta baimenarekin egiten dituzte sasiak eta belar txarrak erretzeko suak, baina ihes egiten die batzuetan”. Orbegozok dio ia ezinezkoa dela halakoak kontrol gabeko sute bihurtzea. Batetik, aurrez abisatuta egiten direlako, eta, bestetik, baserritarrek berehala deitzen dutelako zabalduz gero.

Suhiltzaileak laguntzaile

Orbegozok argitu duenez, mendi suteen kudeaketa, berez, ez da suhiltzaileen ardura. “Gu izaten gara iristen lehenak, erantzuteko gaitasun handiagoa dugulako, baina foru aldundiko Mendietako Zuzendaritzak du eskumen hori. Mendietako teknikariek eta basozainek koordinatzen dute mendi suteetan egin beharreko lana”.

Mendian sute bat gertatzen denean, SOS Deiak-ek jasotzen du abisua. “Handik, lehenengo kolpean, guri deitzen digute, gu askoz azkarrago mugitzeko moduan gaudelako. Basozaina ere azkar iristen da, gurekin batera, normalean, eta bere ardura da egoera aztertzea, eta, horren arabera, nola jokatu erabakitzea”. Sutea azkar itzaltzeko modukoa bada, suhiltzaileek bukatzen dute lana, eta ez dira aktibatzen Mendietako Zuzendaritzaren baliabideak.

Mendi suteak itzaltzeko lanek ordu luzez iraun dezakete, ordea. Hala gertatu zen 2015ean, Igeldon. “Denok egon ginen han: Zarautz, Tolosa, Legazpi eta Irungo parkeetako suhiltzaileak, txandatik kanpoko suhiltzaile pila bat…; eta foru aldundiaren baliabide guztiak eta erretenak ere aktibatu ziren”. 46 basozainen eta hamar teknikariren esku dago mendi suteen ardura; mendian eta basoan esperientzia duten 70 boluntario inguruk osatutako erretenak gehitu behar zaizkie horiei. Guztira, hamahiru erreten dira, eta sei zisterna kamioi handi dituzte.

Sua kontrolatu

Gipuzkoako suhiltzaileek, batik bat, egitura suteetan egiten dute lan: sute txikiak, edukiontzietan eta ibilgailuetan gertatzen direnak, eta handiak, berriz, etxebizitza, baserri edo enpresetan piztutakoak. Orbegozok argitu du lana oso ezberdin egiten dela mendiko sute batean eta egitura sute batean. “Egitura sute batean oso azkarra da erantzun denbora, sua oso azkar zabaltzen baita leku itxietan; suak oso tenperatura altua hartzen du berehala, eta segituan iristen da beste solairuetara eta aldameneko etxeetara. Azkar amatatu behar da”.

Mendi suteetan bestelakoa izaten da lan erritmoa, eta hainbat faktore hartu behar dira kontuan itzaltze estrategia zehazterakoan. Irisgarritasuna da horietako bat. “Zenbaitetan, ez dago pistarik sutera ibilgailuekin heltzeko, eta eskuz egiten dugu lana, muturrean pala moduko bat duten makilekin suari joz”. Sua ez zabaltzea, eta, ahal bada, norabide batean eramatea izaten da helburua. “Adibidez, sua sasi tartean piztu bada, eta aldamenean larre bat baldin badago, badakigu sua bere kabuz itzaliko dela larrera iristen denean”.

Sua pista batera hurbiltzen denean, berriz, zisterna kamioiak hurbiltzen dituzte, eta urarekin egiten diete aurre garrei. “Mendian gauza asko hartu behar izaten dira kontuan: zer ingurutan zauden, inguruan zer landaredi eta zuhaitz mota dagoen, gertu errepiderik ba ote dagoen, haizeak zer norabidetan eta nolako indarrarekin jotzen duen… Lehenengo, kontrolpean hartu behar da sua, eta gero, itzali”.

Gipuzkoako suhiltzaileen buruak gogoratu du hamabi ordu behar izan zituztela Igeldoko sutea kontrolatzeko. “Nekea ere handia da, ezin da alderatu egitura sute batean izaten denarekin. Lan gogorra da, eta txandak egiten ditugu, oso nekatuta egoten baita bi edo hiru orduz lanean aritu den suhiltzailea. Halakoetan, mekanismo berezi bat dugu atsedena duten suhiltzaileak abisatzeko; mezu bat iristen zaie denei, eta oso-oso ona izaten da erantzuna. Horrelakoetan, behar baino suhiltzaile gehiago bertaratzen da beti”.

Sute luze horietan, hasierako lana suhiltzaileek hartzen dute beren gain, baina gero basozainek eta mendietako teknikariek koordinatzen dute erretenen lana. “Haien aginduetara jartzen gara gu. Berez, erretenek itzaltzen dute sutea. Gure lana gehiago da azpiegitura, etxebizitza, baserri eta esplotazioak babestea; erreskaterik behar bada, erreskateak egitea… Gure kamioiak eramaten ditugu baserri inguruetara, edo, sua errepide handi samar batera hurbiltzen bada, errepidea babesten dugu. Gure ardura gehiago da pertsonak eta azpiegiturak zaintzea”. Hori bai, Orbegozok zehaztu du mendiko sute guztietan izaten direla suhiltzaileak, nahiz eta ardura ez den beti eurena.

Erritmoa eta sutea itzaltzeko estrategiak ezberdinak diren bezala, jantziak ere ez dira berdinak izaten. “Tenperatura altuei aurre egiteko jantziak behar izaten ditugu egitura suteetan; bereziak dira, hiru edo lau kapakoak. Eta kearekin arnasarik hartu ezin denez, maskara bereziak eramaten ditugu. Mendi suteetan, hain tenperatura altuak ez direnez eta mendian gora eta behera ibili behar izaten denez, arinagoak dira arropak, eta kaskoa ere bai”.

1989an, 4.000 hektarea

Orbegozok uste du oso zaila dela Gipuzkoan aurten Grezian eta iaz Portugalen eta Galizian gertatutako suteen parekorik gertatzea. 1980ko hamarkadan gertatu izan ziren halako suteak hemen, eta 1989an, adibidez, 4.000 hektareatik gora erre ziren Gipuzkoan. “Baina ordutik asko hobetu da mendien kudeaketa eta zaintza, eta hori da bermerik onena. Mendi suteei buruzko foroetara joan izan garenean, eredugarritzat jo izan da hemengo mendien kudeaketa”.

Orbegozoren esanetan, kudeaketa publiko eta pribatuaren arteko oreka lortu da, denen inplikazioarekin, eta mendiak garbi mantentzea bermatzen du horrek. Izan ere, zuhaitzguneek osatzen dute Gipuzkoako eremu osoaren %62, eta jabego pribatukoak dira gune horien %80. “Arauak oso zorrotzak dira, kudeaketa ondo zehaztua dago, mendi publikoa oso ondo zaintzen da, eta diru laguntzak daude jabe pribatuek mendia zain dezaten. Gainera, mendia ustiatzetik bizi direnez, haien interesa ere bada suteak saihestea”.

“Zaila da Grezian gertatutakoa hemen gertatzea, baina ez dut esango ezinezkoa denik”. Batetik, klima aldatzen ari dela dio. “Ondorioz, mendi suteen arrisku garaia pixka bat aurreratzen ari zaigu; udak beroagoak eta lehorragoak ari dira izaten, eta ondorioak ditu horrek”. Bestetik, adierazi du Gipuzkoan, oraindik, pisua duela lehen sektoreak, baina hori ere alda litekeela. “Paisaia horretatik bizi direnek egiten dute mendi eta paisaien kudeaketa, lehen sektorekoek. Horiek desagertzen diren neurrian, mendiak zaintzeari utziko diote. Diotenez, Nafarroan-eta jada ari zaie gertatzen. Nekazariak desagertzearekin batera, deskuidatu egiten da mendiaren zaintza, sasiak mendia hartuz joaten dira, eta inork ez ditu biltzen zuhaitzetatik eroritako adarrak. Eta horiek bazka ezin hobea dira suarentzat”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.