“Pribilegiatua izan naiz, eduki ditudan aukerengatik”

“Pribilegiatua izan naiz, eduki ditudan aukerengatik”

Kerman Garralda Zubimendi

Musikaren bidez egin zen ezagun Estitxu Sudupe (Urretxu, 1974). Uga gorpuztu zuen euskarazko musika elektronikoaren loraldian. Baina garaiak aldatu egiten dira, eta bere burua eraldatu behar izan du urretxuarrak. Oholtzaren beste aldean egiten du lan egun, Donostiako Kursaalean.

Kursaaleko operazioburua zara. Ez da edonolako hitza. Baina zertan datza zure lanbidea?

Alokatu egiten ditugu Kursaaleko espazioak, hala nola auditoriuma, ganbera eta erabilera anitzeko gelak. Gela horietakoren bat alokatu duen konpainiari bere ekitaldia gure etxean egiten laguntzen diogu. Horretarako, bezeroarekin harremanetan jartzen da nire saila, eta zein behar tekniko dituen galdetzen diogu: zenbateko eta nolako lantaldea, zer-nolako argiak, soinua… dena delakoa. Argi teknikariak ditugu, soinu teknikariak… Teknikari guztiak koordinatzen dituen pieza naiz ni. Konpainiarekin elkarlanean betiere, kontzertua, feria, kongresua… behar bezalakoa izan dadin, behar horiek prestatzen ditugu aldez aurretik.

Nolakoa da zure ohiko lanegun bat?

Urretxun bizi naiz, eta egunero joaten naiz Donostiara. Taldekideekin biltzen naiz hurrengo asteko produkzio lanak zehazteko, eta lan horiei heltzen diegu. Nire ardura izaten da produkzio lan horiek gainbegiratzea, kalitatea bermatzeko. Ez da soilik ekitaldi bat antolatzea; eraikin bat kudeatu behar da: guk ez ditugu soilik ekitaldiak antolatzen, Kursaal eraikina kudeatzen dugu guk, eta bizirik mantendu behar da eraikina.

Urretxun bizita, ez al zara aspertu eguneroko joan-etorrian?

Pentsa zer-nolako ikuspegia daukadan Kursaaleko nire bulegotik, baina Urretxun dago nire historia. Bertan dago nire familia, nire lagunak, nire senarraren familia eta lagunak… Haurrik ez nuenean, asko gustatzen zitzaidan Urretxu, eta orain, haurrekin, are gehiago. Nire tokia hemen dagoela sentitzen dut.

Nola lortu zenuen lan hori?

Abesten nuenean, jakitun nintzen bide hori amaitu egingo zela noizbait. Horregatik, enpresa ikasketak egin nituen. Kursaalean lanean hasteko aukera suertatu zitzaidan, eta horri heldu nion. Hamabost urte daramatzat bertan lanean.

Aldaketa handia izan zen musikaren mundutik Kursaalera jauzi egitea?

Batak ez dauka zerikusirik bestearekin, baina uste dut asko lagundu didala abeslari garaiko esperientziak. Gainera, erraz moldatu nintzen Kursaalean lan egiteko erara, eta oso gustura nago.

Ez daukazu asmorik erregistroz aldatzeko, beraz?

Teknikari hasi nintzen Kursaalean, eta geroago bihurtu naiz arduradun. Neure buruari ez diot ixten aterik; oraina bizi dut. Nork daki non amaituko dudan. Auskalo! Oso gustura nago, baina ez dakit etorkizunean zer gertatuko den, eta polita da ezjakintasun hori. Segurtasunik eza sentitu beharrean, askatasuna sentitzen dut nik.

Musika munduan egin zinen ezagun. Nola gogoratzen dituzu garai haiek?

Urte batzuk pasatu dira, baina gogoan dauzkat oraindik. Maitasun handiz gordetzen ditudan oroitzapen onak ditut. Niri asko gustatzen zait kantatzea eta publikoarekin interakzioa izatea: gozamen hutsa da oholtza gainean zure abestiak abestea eta aurrean dituzun neska-mutiko denek jarraitzea. Giro berezia sortzen zen, eta asko maite nuen hori.

Betidanik izan zara plazandrea?

Ez dago lotsarik pasioz eta gustura egiten duzun zerbait egiteko. Gaztegaztetatik ibili izan naiz solfeoan eta hainbat abesbatzatan. Hor hazi zen taula gainean lotsatzen ez zen Estitxu. Ikasi egiten da lotsa galtzen eta taula gainean mugitzen; prozesu bat da. Azkenean, eroso sentitzen naiz oholtzaren gainean, eta hori nabaritu egiten du ikusleak.

Koruetan abesten zenuen lehenik, eta gero Uga bihurtu zinen. Euskal musika elektronikoa egiten zenuen, parrandarako egokia. Oso berritzailea izan zen. Nola sortu zen Uga taldea?

Donostiako antzerki talde bateko kide nintzen unibertsitate garaian. Han esan zidaten musika elektronikoa egiteko abeslari baten bila zebiltzala, eta animatu egin nintzen. Proba batzuk egin ondoren, ni aukeratu ninduten.

Goazen, Hemendik At, Uga… Euskal musika elektronikoaren loraldi bat egon zen mende hasieran.

Nik 1999an, 2000n eta 2001ean atera nituen diskoak. Hemendik At taldeak 1997an atera zuen lehendabizikoa, eta oihartzun handia izan zuen. Merkatua zabaltzen du garai berean talde bat baino gehiago egoteak, eta jende gehiagorengana iristea ahalbidetzen du. Gaztetxo, gazte eta hain gazte ez ziren askorengana iritsi ginen, eta modan jarri genuen euskal dance estiloa.

Abantaila al zen euskaraz abestea?

Denon nahia eta erronka zen dance musika euskaraz egitea. Goazen edo Hemendik At lehendabizikoz entzutean arrotza egin zitzaigun, baina ordura arte ezagutzen ez genuen bide bat ireki zuten haiek. Aukera asko sortu zituen bide berri horrek, baina euskaraz baliatu behar ziren aukera horiek. Ni iritsi nintzenerako, euskaraz egin behar genuela ulertzen genuen denok.

Ez zen euskara zabaltzeko plan gidatu bat, ezta?

Nahi gabe lortzen diren helburuak dira horiek. Ondo pasatuz eta euskaraz, musika egin nahi genuen guk; besterik ez. Baina egia da, gaztetxoengana bideratutako musika izanik, beste helburu batzuk ere lortzen direla.

Arreta berezia izan behar al da gaztetxoentzat musika egitean?

Hitzak asko neurtu behar dira gaztetxoentzako musika egitean. Arinak izan behar dute abestien letrek, ez oso transzendentalak, baina zerbait transmititu behar dute. Dantzatzeko modukoa eta atsegina izan behar du abestiak, baina mezua ere eraman behar du, eta ez du balio edozein hitzek. Puntu egokia aurkitu behar da.

Eta erraza al da puntu hori aurkitzea?

Ez pentsa. Jakitun izan behar duzu nerabe batek entzun zaitzakeela, eta bere tokian jarri behar duzu. Hor dago zailtasuna. Gustuko metafora bat sartu nahi izaten da, agian, baina gaztetxo batentzat zailegia izan daitekeenez, zuzenago idatzi behar izaten da.

Zureak al ziren letra guztiak?

Batzuk, bai; baina beste batzuk, ez. Halere, beti gertutik jarraitzen nuen sortze prozesua; normalean, melodia bat sortzen nuen lehendabizi. Gero, melodia hori oinarri hartuta, musika sortzen zuen beste batek, eta kolpeen arabera sortzen genuen letra. Nik egiten nituen abesti batzuen hitzak, baina ez denak. Alor hori ez geneukan oso finkatuta, eta denetik egiten genuen. Hori bai, bagenekien gaiek arinak izan behar zutela eta hitzak neurtu egin behar genituela.

Gustatzen al zaizu musika elektronikoa?

Donostiako Orfeoian abesten nuen Uga taldearekin hasi aurretik. Pentsa zer-nolako aldaketa: musika klasikoa eta korala egitetik, batbatean, musika elektronikora. Baina rock eta heavy estiloak ere entzuten ditut. Denetik entzun behar dela uste dut, eta bere estiloa dauka une bakoitzak. Parranda egiteko ez dut jarriko musika klasikoa, eta etxean lasai egoteko ezta musika elektronikoa ere. Norberaren unean uneko egoeraren jarraipena izan behar du musikak.

Gustuko al duzu zeure burua entzutea?

Aspaldi ez dut entzun; seme-alabei senarrak jartzen dizkie nire abestiak.

Lotsatu egiten zaitu ala?

Harro sentitzen naiz, baina ez dut ohiturarik. Irribarre txiki bat irteten zait noizbehinka neure burua entzuten dudanean, gustatu egiten zaidalako eta oroitzapen asko ekartzen dizkidalako gogora. Baina beste fase batean nagoela uste dut. Hori izan nintzen, baina orain beste bat naiz. Hor dago nire historia, gustatzen zait, eta ez nuke aldatuko, baina nahiago dut orainean zentratu.

Gertatu izan zaizu parrandan zure abestiren bat entzutea?

Lehen, gehiago, abestiak berriagoak zirelako eta gu ere gehiago irteten ginelako. Noizbait gertatu izan zait tabernariak ezagutzea eta espresuki nire abestiren bat jartzea. Asko gustatzen zait; gozamen hutsa da norberaren lana ezagutzea.

Famatu ere bihurtu zinen…

Hirugarren mailako sasi-ospetsua nintzen duela hemeretzi urte; pentsa orain zer naizen! Bizitza normala egin izan dut beti, ezer berezirik egin izan ez banu bezala. Eta hala izan behar du. Pertsona bera naiz oraindik ere.

Musikaren munduan murgilduta jarraitzen al duzu?

Gauza txiki batzuk egiten ditut. Esaterako, UrretxuZumarragako Emakumeen Abesbatza elkartzen denean, haiekin abesten dut. Baina beste lehentasun batzuk ditugu guztiok, eta nahi baino gutxiagotan elkartzen gara. Herri operan ere parte hartu nuen.

Gauza asko zeure egingo zenituen hogei urteko ibilbidean. Zer daramazu motxilan?

Gauza asko. Pribilegiatua izan naiz, eduki ditudan aukerengatik; esperientzia guztiekin ikasi dut. Baina orain lasaiagoa naizela uste dut. Jakin-min handia izaten dut oraindik, eta denetik probatzea gustatzen zait, baina beste patxada bat daukat orain. Beste segurtasun bat eman dit esperientziak.

Zer galdu duzu bidean?

Denbora. Azkenean, itzuli egiten da dena, baina lanordu asko pilatu behar izan dut.

Dena den, beti atera izan duzu denbora zure nahiak betetzeko. Urrutira joan gabe, baratze bat ere jarri duzu orain gutxi…

[Barrez] Egia da, bai! Nire pasio bihurtu da. Beti gustatu izan zait baratzea, eta izena eman nuen Zizurkilgo Fraisoro Nekazaritza Eskolako ikastaro batzuetan. Bertako teknikari batek gomendatu zidan babarrunak landatzeko, eta, ibili-ibilian, Tolosako Babarrun Elkarteko kide bihurtu naiz.

Kursaaleko lana edo abestea baino gogorragoa al da baratzekoa?

Oso gustura joaten naiz baratzera. Duela urtebete inguru hasi nintzen baratzeko lanean. Bakarrik joaten naiz, eta nire gauzei buruz pentsatzeko eta deskonektatzeko aprobetxatzen dut denbora tarte hori. Gainera, sekulako poza ematen du norberak ereindakoa jateak.

Erein bai, baina prestatu ere zuk prestatzen al dituzu babarrunak?

Bai, bai. Ez da egokiena nik esatea, baina mundialak irteten zaizkit. Babarrunak onak direlako izango da, beharbada. Babarrunak ezaugarri jakin batzuk bete behar izaten ditu Tolosako Babarrun Elkarteko kide izateko. Alekaaleka zaintzen ditugu, goi mailako produktua eskaini ahal izateko.

Emakume asko al zaudete Tolosako Babarrun Elkartean?

Ez gara asko; hiru bat izango gara denera. Eta gazteak ere ez gara horrenbeste.

Leave a Reply

Your email address will not be published.