Haurrak zinemagile

Haurrak zinemagile

Miriam Luki

Haurrak eta zinema hitzak elkartuz gero, bururatutako lehen irudian haurra eserlekuan egongo da seguruenik, ikusle soil gisa. Begira elkartearen bitartez, ordea, hitz elkarketa horrek beste irudi batzuk iradokitzen ditu, non umeak zinemagile diren. Zinema hezkuntza tresna gisa erabiltzea du ardatz Bilbotik lanean ari den elkartearen jardunak. Hastear den ikasturtean zine ikastaroak eskainiko dituzte Lasarte-Oriako Sasoeta-Zumaburu eskola publikoan eta Urretxuko Aizpuruenea kultur etxean. Tailerrotan, zinemagintza landuko dute 8-11 urte arteko gaztetxoekin, eta film labur bat ekoitziko dute amaieran.

Zine ikastaro horietan, bi orduko zortzi jardunaldi izango dira. Haurrek egingo duten langintza aurrez orri zuri batean idatzitako eskema jakin bat izan liteke. Haatik, ez da hori Begirako kideek erabiltzen duten bidea. Felix Losada Begira elkarteko kideak azaldu duenez, solasaldi bat izaten da gaztetxoekin egiten duten lehen jardunaldiaren muina. “Bertan, galderak egiten dizkiogu elkarri. Gero, gure lantaldeak hausnarketa pausatu bat egiten du solasaldi horretan mintzagai nagusi izandako gaien gainean”. Modu horretan, antzematen dute zer gai sentitu dituzten bere partaide guztiek. “Eta gai horiek izaten dira abiapuntu hurrengo saioan”. Horrenbestez, abiapuntua taldearen araberakoa izaten da.

Aurrez ezartzen dituzte ikastaroen metodologia eta helburuak, baina, Losadak dioenez, “bideak” dauka garrantzia, eta, bide horretan, Begirako kideek hitz egiteari bezainbesteko garrantzia ematen diote ikasleen ahotsa entzuteari. “Entzute horretan, gaztetxoen egunerokoa jasotzen dugu”.

Narratiba propio bat sortuko dute zinemagintza tailer bakoitzean. Edonola ere, gai batzuk mahai gainean izaten dira beti. Hala azaldu du Losadak. “Aniztasunaren gaia, adibidez, askotan agertzen da: nola pentsatzen dute besteek? Nola gosaltzen dute? Horrekin batera, adiskidetasunaren gaia ere maiz azaltzen da, eta baita besteen onespena lortzeak duen garrantzia ere”. Material horrekin guztiarekin hasten dira onduko duten film laburraren gidoia lantzen, betiere zinemagintzak agintzen duen bezala, jakinda hitzak irudiekin uztartu beharko dituztela.

Losadak gehitu du lanerako erabiltzen duten metodologia “oinarrizkoa” dela. “Gidoia egiten dugu lehenengo, storyboard-a marrazten dugu, narratzaile lanak banatzen ditugu, eszena nolakoa izango den erabakitzen dugu, eta, aukeratutakoan, marraztu edo prestatu egiten dugu”. Taldeak sortzen dituzte lan horiek guztiak egiteko. “Eta partaideak lan guztietan ariko dira, zeregin guztien nondik norakoak ezagut ditzaten”.

Begirak gaztetxoen esku jartzen ditu zinemagintzako baliabide teknologikoak. Zenbait teknika azaltzen dizkiete, eta teknika horien emaitzak ere erakusten dizkiete. Adibidez, cut out teknika lantzen dute ikastaroan: pertsonaia baten silueta marrazten dute paperean, gorputz adarrak mozten dituzte guraizeekin, eta ondoren josi egiten dituzte, mugimendua eman ahal izateko. Azkenik, irudiak grabatu eta editatu egiten dituzte, emaitza ikusteko.

Izenburua eta soinu banda

Film laburraren soinu banda ere lantzen dute ikastaroan. “Aukera badago, guk geuk sortzen dugu soinu banda, eta gustuko dugunen bat hautatzen dugu bestela”. Izenburua aukeratu, kredituak idatzi eta erantsi beharreko guztia eransten dute gero. Azkenik, ordubeteko edo ordu eta erdiko lana izango dute esku artean, gazteek eurek ondutakoa; making off-a ere jasota geratzen da lanean.

Prozesu horretan guztian, gaztetxoentzat sormenerako espazio aske bat sortzea da Begiraren xedea. “Espazio horretan, inor ez da gerta daitekeenaren beldur. Guk ateak irekitzen dizkiogu konfiantzari eta espiritu kritikoari, uste dugulako bide ezin hobea dela ikasteko”.

Gaztetxoek bere sentitzen dute film laburraren proiektua, eta motibatu egiten dira. Losadak azaldu du “jarrera aktiboa” izaten dutela. Sormena garatzen dute, eta, ahal duten neurrian, autoestimua eta taldean lan egiteko gaitasuna ere lantzen dituzte. “Emaitza harrigarriak ematen ditu hezkuntza eta arte sorkuntza elkar hartzeak”, erantsi du. Haurren sormen gaitasunari lotutako irudi bat ekarri du gogora Losadak: “Istorio txundigarriak sor ditzakete umeek; edozer gailurekin jolasteko gai dira, eta orain espaziontzi dena igel bihur daiteke gero”. Alabaina, Begira elkarteko kidearen hitzetan, egungo hezkuntza sistemak ez dio toki handirik egiten sormenari. “Eduki akademikoz betetzen dizkiegu eguneko orduak, ikasi beharreko datuez, eta informazio hartzaile soil gisa hartzen ditugu. Ikerketak, ordea, argi uzten ari dira emozioak eta motibazioa funtsezkoak direla ikasketa prozesuan”. Horiek dira, irudiekin batera, Begira elkarteko kideen lanabesak. “Irudiak garrantzi handia dauka gure gizartean, eta haurrek eta gaztetxoek azkar konektatzen dute zinemarekin”.

Topaketak, tailerrak, zinema jaialdiak, zinema eskolak eta Zinetxiki emanaldiak antolatzen ditu Begirak, eta zubiak eraikitzen zinemaren eta gazte zein haurren artean; jardun horretan, inor ez da izaten ikusle soila.

Leave a Reply

Your email address will not be published.