Oinarri-oinarrira bisita

Oinarri-oinarrira bisita

Unai Zubeldia

Denboran bidaiatzeko aukera eskainiko du Elgetak bihar. Erromesa, errementaria, apaiza, jostuna, eskribaua, nekazaria, jauntxoa, inkisidorea, sorgina edo emagina, kontseiluburua… Herritarrak aktore lanetan jarrita, Erdi Arora jauzi egingo dute bisita antzeztuarekin. Martxoaren 18an egin zuten lehen saioa. “Eta, negu giroarekin, izoztuta amaitu zuen jendeak orduan”, gogoratu du Nerea Villa bisita antzeztuaren gidoilari eta aktore lanetan ariko den hamabi kideetako batek. “Oso-oso harrera ona izan zuen saioak, hala ere”. Duela lau urte ekin zioten Ezkutuko Altxorrak egitasmoari, eta, horren harira, hilabete bakoitzeko bigarren asteburuan hainbat jarduera antolatzen dituzte Debagoienean, Urola Garaian eta Urola Erdialdean.

Villak zehaztu duenez, behar bati tiraka sortu zuten Elgetako proiektua. “Elizako erretaula besterik ez zuten erakusten lehen, eta bisitarien kopurua mugatu egiten zuen horrek”. Herrian elizaz eta 36ko gerraz gain bestelako interesgunerik ere badela iritzita, “Erdi Aroko herri garrantzitsu hartara bidaia egitea” bururatu zitzaien jardueraren antolatzaileei. 1335eko irailaren 13an, Alfontso XI.a Gaztelako erregeak Hiri Gutuna agindu eta Elgetako hiribildua fundatu zuen, Maiako zelaietan. “Sorrera garaian, Bizkaiarekiko muga herria izatea eta Gipuzkoako lurrak zaintzea zen helburua. Hasieran, pare bat kilometro beherago zegoen herria, eta igo egin zuten gero; aduana jarri zuten berehala, eta hainbat pribilegio ere eman zizkioten herriari”.

Garai hartan, kale bakarra zuen Elgetak: gaur egungo San Roke kalea. “Eta harresi gisako bat osatzen zuten kale horretako etxebizitzek. Elizaren ondo-ondoan zegoen sarreretako bat, eta Kalengua inguruan bestea, kalearen beste aldean”. Erdi Aroko Elgeta hura “oso herri sinplea” zela azpimarratu du Villak. “Gaur egun ere, izatez, bi kale nagusi besterik ez du Elgetak. Alde horretatik, ez da askorik zabaldu”.

Artxibo historikotik ateratako datuei tiraka osatu du gidoia Villak, eta batean eta bestean galdezka arituta inguratu du aktore taldea. “Boluntarioak dira den-denak; inor ez da profesionala”. Gidoilariaren hitzetan, ez zen samurra izan hasierako prozesua. “Udan, esaterako, batzuek esan ziguten ezin zutela proiektuarekin jarraitu beste konpromiso batzuk zituztelako, eta beste jostun bat aurkitu behar izan dugu tartean. Baina moldatu gara azkenerako”. Eguneroko jarduna nolakoa zen irudikatuko dute bisita antzeztuarekin; garai hartako pertsonaiak zein ziren, jendea nola bizi zen, lurra nola lantzen zuten, etxeak nolakoak ziren…

12:00etan hasiko da saioa, San Roke kalean bertan, eta ordu eta erdi inguru iraungo du. “Eskola zaharrera joango gara, esaterako, han zegoen-eta erromesen ospitalea; desagertuta dago orain. Kalean gora, errementariaren etxea irudikatuko dute egungo etxebizitzetako batean. “Izan ere, etxe horrek eta elizak arku gotiko bat zeukaten lehen, eta horixe zen herriko sarrera nagusia”. Eskribauaren etxea, garai hartako maisu batena, errementariarena… Villak istorio bat sortu du ibilian-ibilian, eta garai hartako lanabesak nolakoak ziren irudikatzeko ere balioko du biharko antzezpenak. “San Roke kaletik abiatu, eta elizan amaituko dugu bisita; besteak beste, erretaulak daukan garrantzia azalduko dugu”.

Elgeta ezagutzen ez dutenentzat bai, baina bertakoentzat ere bada bisita Villaren esanetan. “‘Hemen ate bat zegoen orduan lehen? Eta hemendik sartzen ziren?’. Horrelako erreakzioak izango dituzte herritarrek ere, eta polita da garai bateko herria nolakoa zen jakiteko”.

Beste bost jarduera

Elgetakoaz gain, beste lau saio ere izango dira asteburuan Ezkutuko Altxorrak egitasmoan. Bihar bertan, jarduera bana izango da Azpeitian eta Ezkion. Izarraitz mendikatearen magalean, Balda-Soreazu senderismo historikoa egingo dute Azpeitian, 10:00etan, eta Bost zentzumen: baserrira bidaia sensoriala Ezkion, 12:00etan. Etzi, berriz, Santa Klara komentura bisita egingo dute Azkoitian, 11:00etan; eta Antzuola, izan zena eta oraina landuko dute Antzuolan, 12:00etan. Aurretik izena ematea gomendatu dute kasu guztietan, 943-79 64 63, 943-15 18 78 edo 943-72 20 42 telefono zenbakietara deituta. Azken unean bertan behera gelditu da Urretxun San Martin Toursekoaren parrokiara eta gune monumentalera egitekoak ziren bisita.

Leave a Reply

Your email address will not be published.