Ikasgelatik Zinemaldiari so

Ikasgelatik Zinemaldiari so

Eider Goenaga Lizaso

Gaur hasiko da Donostiako Zinemaldia, eta harekin batera abiatuko du bere ibilbidea Elias Kerejeta Zine Eskolak. Zinemalditik Zinemaldira iraungo du ikasturteak. Hamabi hilabetez, eskolan hartu dituzten 45 ikasleek zinema munduan sakondu eta graduondoa egiteko aukera izango dute. Hiru ildo ditu ikasketak, eta hamabosna ikasle ariko dira bakoitzean: artxiboa, sorkuntza eta komisariotza. Komisariotzako ikasketak zuzen-zuzenean daude lotuta Zinemaldiari.

Izan ere, hiru hankako mahaia dauka zine-eskolak —Euskadiko Filmategia, Tabakalera eta Zinemaldia— eta hanka horietako bati hertsiki lotua dago ikasketa lerro bakoitza. Euskal Filmategiarekin lotuta daude Artxibo ikasketak; Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroarekin Sormen ikasketak; eta, azkenik, Zinemaldiarekin Komisariotza ikasketak. “Dena den, esango nuke ikuspegi mugatua litzatekeela bakoitza espezializazio bakar moduan ulertzea, hirurak batera ulertu behar dira; espezializazio bat aukeratzen duenak beste bietako edukiak jasotzea ahalbidetzen baitute eskolako ordutegiek, eta hiru erakundeak elkarlan estuan ariko gara”, azaldu du Maialen Beloki Zinemaldiko zuzendariorde eta eskolako zuzendaritza akademikoko kideak.

Belokiren arabera, munduan beste batzuk badiren arren, “estatu mailan ez dago Komisariotza ikasketak zinemarekin uztartzen dituen beste ikasketa aukerarik”. Komisariotza ikasketak arte plastikoekin lotuta egiten dira, batez ere.

Zine-eskolako Komisariotza ildoak, baina, espazio profesional oso zabal bat hartzen duela gehitu du: zinema jaialdiak, zinegileen eta beste arte adierazpenetako artisten arteko elkarrizketak, gutun zuriak, museoetako erakusketak, zikloak, zinemaldietako hautaketak, programatzaileak… Horiek guztiak ere zinema direla argi du Belokik; baina, orain arte, ez zen arlo horietan lan egin nahi zutenentzako ikasketarik. “Zinemaldian lanean ari garenoi erreparatzen badiegu, adibidez, gutako gehienok intuizioz egin dugu bidea, esperientziak erakutsi digu. Nahiko nuke ikasketa aukera hau izan banu”.

Hamabi hilabetetan euren arloari dagozkion ikasgaiak jasoko dituzte Komisariotzako ikasleek, baina horri nahi adina eduki eta praktika gehitu ahal izango dizkietela esan du Belokik; alegia, ikasle bakoitzak bere “ibilbide propioa” diseinatu ahalko duela, gehien interesatzen zaizkion arloetan sakonduz. “Berez, eskolako ordutegia pentsatuta dago ikasgai guztiak jaso ahal izateko, norberaren adarrekoak zein bestekoak. Horrez gain, praktikak ziurtatuta dituzte, ehuneko ehun; ia osatuta dago zine-eskola babesten duten hiru erakundeetan egin ahal izango dituzten praktiken katalogoa, eta lanpostu ezberdinetan aritu ahal izango dute. Ikerketa proiektuak ere badituzte; gure kasuan, adibidez, hor dago Zinemaldiaren artxiboaren ingurukoa, eta ikasleek horren parte izan ahalko dute, hala nahi badute”.

Urtebetean, beraz, ikasle bakoitzak nahi adina estutu ahal izango du bere burua. “Baina urtebete bakarrik da, eta merezi du zukua ateratzea. Tabakaleran igaro dezakete eguna; badute zer egin eta zer ikasi, bakoitzak erabaki beharko du noraino estutu”.

Zinemaldiaren ikasgaiak

Komisariotza ildoa aukeratu duten ikasleek Zinemaldiak eskainiko dituen bi ikasgaiak izango dituzte derrigorrezko ikasgaien artean. “Zinemaldia eraikitzen da horietako bat. Bere burua kontatuko du Zinemaldiak, baina, horrez gain, hausnarketa egin nahi dugu ikasleekin batera, Zinemaldia non dagoen eta nora goazen, gogoeta egin zinema jaialdien inguruan…”.

Zinemaldia pareko neurri eta kalitatea duten beste zinema jaialdiekin kontrastatzeko aukera ere emango diete ikasleei. Belokik azaldutakoaren arabera, hori lantzeko hiru gonbidatu oso berezi hartuko dituzte Elias Kerejeta Zine Eskolan: Carlo Chatrian Berlinaleko zuzendari berria, Paolo Moretti Cannesko Quincenako zuzendari artistikoa, eta Cecilia Barrionuevo Mar de Platako Nazioarteko Zine Jaialdiko zuzendaria.

Ikasgai horretan, halaber, Zinemaldiko filmen hautaketa egiten duten taldeko kide guztiak igaroko dira ikasleen aurretik, eta, 2019ko Zinemaldirako egiten dituzten bidaien eta ikusten dituzten filmen berri ere jasoko dute, haien ahotik eta unean-unean. “Zinemaldiko departamentuetako arduradun guztiekin ere egongo dira: industria departamentua, komunikazio departamentua, teknika departamentua… eta horien eskutik ezagutuko dute nola antolatzen den zinemaldi bat”.

Mintegi formatua izango du Zinemaldiaren eskutik jasoko duten bigarren ikasgaiak. Besteak beste, euren etorkizun profesionalean baliagarriak diren tresnak eskaintzea da helburua. “Euren proiektu propioa garatzen lagundu nahi diegu ikasleei, eta ikasturtea amaitzean bukatuta izango dute. Baina, horrez gain, ezagutza bat eman nahi diegu proiektu horrekin zer egin, nola mugitu, nola saldu, zein diru laguntza eskuratu, norengana jo…”. Hor ere izen handiko gonbidatuek partekatuko dute euren ezagutza ikasleekin.

Lehen ikasgaia, Zinemaldia

Ikasleek asteazkenean izan zuten euren arteko lehen kontaktua, ikasturte hasierako aurkezpenean. Urriaren 1ean hasiko dituzte eskolak. Aurretik murgilduko dira, baina, zineman. “Ikasleek Zinemaldiko akreditazioa jasoko dute ostiralean [gaur], eta bertan murgiltzeko aukera ezin hobea izango dute. Zinemaldiarekin amaituko dute ikasturtea, orduan ere zineman murgilduta”. Urtebete geroago, baina, beste ikuspegi batetik begiratuko diote Zinemaldiari; barrutik ezagutuko dute, antolaketa nolakoa izan den jakingo dute, eta beste begi batzuekin ikusiko dute.

Gipuzkoarrak dira Komisariotza adarra aukeratu duten hamabost ikasleetatik hiru, donostiarrak hirurak: Telmo Edurza (23 urte), Andrea Navarro (22 urte) eta Sara Hernandez Askasibar (23 urte). Ikus-entzunezko ikasketak egin zituen Edurzak, eta zinema munduan sakontzeko aukera ikusi zuen Komisariotza ikasketetan: “Zinema nire modura bizitzen jarraitzeko aukera ematen didate ikasketa hauek, eta teorikoagoa da nire modua. Beste tokietan ez dut aurkitu aukera hori, eta hemen topatu dut zinema modu teoriko horretan lantzeko aukera, baina baita teoria hori aplikatzekoa ere”. Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatua da Edurza, eta zinemaren munduan ikusten du bere burua, baina ez sortzaile gisa; zine-eskolak bide hori jorratzeko aukera emango dion itxaropena du.

Ikasketa berberak egin zituen Navarrok ere, eta zineman gehiago sakontzeko interesak eraman du zine-eskolara. “Ez nekien nondik jo, eta hiru ildoak aztertu ondoren, Komisariotza aukeratzea erabaki nuen. Sormena ere gustatzen zait, baina Komisariotza da nire nortasunarekin eta zinema bizitzeko dudan moduarekin hurbilen sentitzen dudan ikasketa ildoa”.

Enpresaritza ikasketak egin zituen Hernandezek, eta zine-eskolak zaletasuna eta ikasketak batzeko aukera eman diola sentitzen du. “Zinema betidanik izan dut oso gustuko, baina enpresa ikasketak egin nituen nik. Beraz, aukera hau ikusi nuenean, paregabea iruditu zitzaidan. Azken finean, zinemaren indutrian sakontzeko modu bat da, eta zinemaren arlo guztiak, prozesu guztiak, gertutik ezagutzekoa”.

Zinemagintzaren inguruan irtenbide profesionala bilatzea dute hirurek buruan, baina urteari belakiaren filosofiarekin egiten diote aurre. “Komisariotza aukeratu arren, ildo batek ez dizu besterako atea ixten, eta denetara joan zaitezke; beraz, arlo guztietako ezagutza jasoko dugu, eta hori oso interesgarria iruditu zitzaidan hasieratik”, gehitu du Navarrok, beste bi ikasleek buruarekin baietz egiten duten bitartean.

Zinemaldia hastera doa, eta Tabakalerako Elias Kerejeta Zine Eskolan ikasiko duten 45 ikasleek oihala igotzera doanean sentitzen den emozio bera dute barnean; filma hastera doa, baina ikusteko dago bideak nora eramango dituen eta filma nola amaituko den.

Leave a Reply

Your email address will not be published.