“Japoniatik iristen ziren telesailek piztu zidaten Asia ezagutzeko gogoa”

“Japoniatik iristen ziren telesailek piztu zidaten Asia ezagutzeko gogoa”

Asier Perez-Karkamo

Txikitatik ondo marrazten zuen, baina pailazoa izatea zen bere ametsa. Frantziako telebista kateetan ikusten zituen marrazki bizidunekin ere egiten zuen amets Judas Arrietak (Hondarribia, 1971). Horregatik, gerora artista izatea erabaki zuenean, Japoniara eta Txinara bidaiatu zuen. Badira urte batzuk jaioterrira itzuli zela, baina bizitzaren zati handi bat bere mundu propioan ematen duela esaten du: “Judaslandian”.

Lanbidez, artista zara. Baina nolakoa?

[Arnasa bota du] Nolako artista naizen? Ez dakit, bizirik dirauen orotariko artista, pistako artista, ronin bat. Aurrera egiteko mila gauza egiten ari naiz, denetik. Marraztea dut lanik gogokoena, marrazkiaren bidez margotzen dut, baina ogibidea… Lanean ni neu naiz nire nagusia, eta lana dagoen lekura mugitzen naiz.

Noiz sortu zitzaizun artearekiko zaletasuna?

Pailazoa izan nahi nuen txikitan; asko gustatzen zitzaidan zirkuaren parafernalia. Baina ona nintzen marrazten, eta, Hondarribian horretan ona bazinen, aukera zenuen batekin edo bestearekin ikasteko, gauzak egiteko. Erabaki, unibertsitatean erabaki nuen. Zinea egitera joan nintzen unibertsitatera, baina arte garaikidea ezagutu nuen han, eta pinturaz maitemindu nintzen, ordura arte ezagutzen ez nuen beste pintura bat zen hura.

Zu haurra zinela artista handiak zeuden Hondarribian: Nestor Basterretxea, Remigio Mendiburu, Jose Gracenea… Zer ikasi zenuen haiengandik?

Haurra zarenean, horrelakoak ez dituzu ikusten artista handi gisa. Nik ikusten nuena zen gauza normala zela Hondarribian margolaria izatea, kalean margotzen aritzea edo etxean koadroak edukitzea. Egoera normal horretan, nik ez nuen maitatzen ingurukoek egiten zuten arte hori. Beste mundu batera eramaten zaituzten leihoak dira koadroak, baina beste bat zen ni erakartzen ninduen mundura joateko leihoa: telebista, eta gero zinea. Koadro horietan baino inspirazio iturri hobeak aurkitzen nituen telebistan. Margolari batzuekin ikasten aritu nintzen, baina ez zidaten ematen nik nahi nuena, aspertu egiten nintzen eta utzi egin nuen. Nire kabuz aritzen nintzen komikiak eta abar egiten.

Garai hartan jakin nuen zer-nolako irudiak eta narrazioak maite nituen; nire bihotza ukitzen zutenak gustatzen zitzaizkidan. Frantziako telebista kateetan ematen zituzten marrazki bizidunak, eta oso bereziak ziren saioak; ez zuten zerikusirik hegoaldeko telebista kateetan ikusten zirenekin. Ez bakarrik marrazkiak, baita serieak ere: Ultraman, Bioman, Power Rangers… Asko erakartzen ninduten Japoniatik iristen ziren serieek, eta haiek piztu zidaten Asia ezagutzeko gogoa.

Geroago erabaki zenuen artista izatea, eta Japoniara bidaiatu zenuen jarraian, mundu hura ezagutzeko.

Nire lana sortzen hasi nintzen unibertsitateko ikasketak amaituta, eta txikitako komiki, serie, marrazki bizidun eta abarren arteko lotura bat ehuntzen hasi nintzen. Hori izan zen nire lanaren abiapuntua, eta orduan jabetu nintzen noizbait hara joan beharko nuela. 2002an joan nintzen Asiara lehen aldiz, Japoniara, hiru hilabetez. Baina collageak egiten nituen aurretik; Japoniako irudi bat hartu, nire argazki bat moztu, eta tabernetan jartzen nituen. “Japonian egon zara?”, esaten zidaten. Sortzeko modu bat zen, eta baita neure buruari barre egiteko modu bat ere.

Txinara joan zinen urte batzuk geroago, eta zortzi urte igaro zenituen han. Zergatik Txina?

Japonia, Korea, Txina, Hong Kong, Taiwan… Herrialde horiek erakartzen ninduten. Behar bezala prestatu gabe egin nuen lehen bidaia; oso ondo pasatu nuen, baina huts asko egin nituen. Hiru urte igaro nituen hurrengo bidaia prestatzen, hainbat herrialdetan amua botatzen, eta Txinara joatea suertatu zen. Koadro bat saldu nuen han, eta hamar egunez joan nintzen, kontaktuak egin, hura ezagutu, eta gauzak ondo egiteko.

Nolako egoerarekin topo egin zenuen Txinan?

Oso berezia zen egoera. Galeriak, artistentzako egoitzak… Pil-pilean zegoen artea. Picassoren garaiko Paris zirudien; antzeko abangoardia garai bat. Irekitzen hasia zegoen Txina, kanpotar asko zegoen ordurako, eta gero eta mugimendu handiagoa zegoen artearen munduan. Niretzat, ematen dizutena bueltan itzultzea da artea, eta hori egin nahi nuen nik, haien kulturatik hartutako inspirazioarekin egindako lanak haiei erakutsi eta zer harrera zuten ikusi. Hasierako bidaia izan zen, eta aurretik egindako hutsak ez errepikatzen saiatu nintzen neure burua berriz asmatzeko lan horretan.

Zortzi urte igaro zenituen Txinan. Asko ikasi al zenuen?

Bai. Argi dago ez nintzela bizi txinatar moduan, nahiz eta saiatu, baina lehen eserlekutik ikusi nuen haien hazkundea. “Zer gogoratzen duzu Txinatik?” galdetzen didatenean, “hiriak zein azkar handitzen ziren” erantzuten dut beti. Izugarria da Pekin hiria; ez dauka zerikusirik han bizitzeak edo Hondarribian bizitzeak.

Zergatik itzuli zinen?

Bi arrazoirengatik. Batetik, krisialdiagatik. Asko murriztu ziren han abian nituen programen truke jasotzen nituen laguntzak, eta bi aukera nituen: gauzak okerrago egin edo utzi. Alaba jaio zen, gainera, eta uste dut Pekin ez dela hiri aproposa haur bat hezteko.

Urte batzuk pasatu dira itzuli zinenetik. Ondo zabiltza herrian?

Bai. Inoiz ez dut eduki izan herriminik; ez daukadana ez dut faltan sumatzen. Neure mundu propioa eraikitzen dut nagoen tokian nagoela. Hondarribian bizi naiz orain, baina Judaslandian igarotzen dut egunaren %80 [barrez].

Askotan aritu izan zara kalean koadroak margotzen, haurrekin ere bai… Gustatzen zaizu kalean margotzea?

Oso garrantzitsua da artistak beretzat, enpresentzat edo erakundeentzat lan egitea. Baina hori bezain garrantzitsua da dauden hutsuneak agerian uztea, eta pankarta baten atzean jartzea baino nahiago dut nik marraztera kalera ateratzea, haurrekin eta gurasoekin hitz egitea, eta eztabaida bat sortzea. Horrelakoa izan naiz beti, eta ez naiz aldatuko. Nire kabuz egingo dut batzuetan, erakundeekin beste batzuetan, udalarekin… Lagundu nahi duten guztiekin arituko naiz.

Hondarribian badira zure muralak tabernetan, etxeetan… Baina kalean ez; ez zureak eta ez beste artistenak. Zergatik?

Horretan ari gara, eta iritsiko da momentua. Herriak noizbait hartuko du erabakia eta hasiko dira gauzak egiten, baita kalean ere. Artista ugari dago Hondarribian, eta ez pinturan bakarrik; zinean, eskulturan… Sortzaile ugari dago. Pena da horiek ez biltzea herriari balio erantsi bat emateko. Noizbait iritsiko da agintera hori ikusiko duen pertsona bat, hori sustatu nahiko duena, eta, une hori iristen denean, laguntzeko prest izango nau. Saiatzen naiz beste herri batzuetako egitasmoak hemengo arduradunei eta herritarrei erakusten, baina denbora behar da, gauzak ezin dira azkartu.

Pareta itsusiz beteta dago herria, eta artearen bidez politago jartzeko momentua da. Pareta batean duela ehun urteko herriko argazkiak jar daitezke, baina, ondoren, pareta horretan bertan ezin da egin artelanik. Zergatik? Muralismoari buruz hitz egitean, denak ez dira hizkiak eta rap abeslariak; gaiak adostu daitezke eta herria apaindu. Egiten duzun horrek definitzen zaitu herri gisa, eta Hondarribiak zerbait behar du bere irudia hobeto azaltzeko.

Beste leku askotan daude zuk margotutako hormak. Santanderren, Valentzian, Mallorcan, Gibraltarren… Zein izan da egin duzun lanik handiena?

Calvian egin nuen handiena, Mallorcan (Herrialde Katalanak). Kiroldegi baten kanpoaldea margotu nuen; lau egun igaro nituen horretan. Polita geratu zen, baina ez niri gustatzen zaidan bezala; barrokoagoa gustatzen zait niri, horror vacui gehiago.

Boisen ere (AEB) egin zenuen halako bat, ezta?

Bai, Modern Hotel hotelean; bi aste eta erdiz aritu nintzen hor. Handiagoa zen Calviako eraikuntza, baina askoz landuagoa zegoen Boiseko murala, osatuagoa.

Proiektu desberdin batean murgilduta zabiltza orain: Donostiako Okendo kultur etxean abian den Forever Toys erakusketako komisarioa zara. Zer ikus daiteke erakusketa horretan?

Kide naizen Artoygama kolektiboaren erakusketa da. Lau urte daramatzagu art toy edo egile jostailuen kultura Euskal Herrian, Espainian eta Hego Amerikan zabaltzen. Instagramen 120.000 jarraitzaile baino gehiago lortu ditugu tarte horretan. Oso kolektibo eraginkor bilakatu gara, eta sare handia osatu dugu. Mundu osoko ehun artista baino gehiagoren lanak bildu ditugu Okendoko erakusketan.

Ez da ohikoa egile jostailuen erakusketa bat aurkitzea.

Oso mugimendu gaztea da. Orain 30 urte sortu zen mugimendu artistiko bezala, erakusketak egiten hasi zirenean eta merkatua parte hartzen hasi zenean. Artearen merkatutik aparte lortu du bilakaera, eta artista gehienek Internetez saltzen dituzte lanak. Prezioan, esaterako, alde handia dago egilearen arabera. 10 eurotik 15.000 edo 20.000 euroraino irits daiteke art toy baten prezioa.

Zure jostailurik ba al dago han?

Bai, Judas Z dago. Espainiako estatuan nik produzitu nuen, lehen aldiz, art toy bat seriean, 2007an. Erakusketaren lehen zatian dago. Eta muntaketa pieza bat ere aurkezten dut gero. Normalean, dendetan erositako piezak nahasita sorturiko panpina da muntaketa, eta Mario Brosen txanpiñoiaren eta Dragoi Bolako Krilinen gorputzaren arteko nahasketa aurkezten dut nik. Polita da, ondo geratzen da, pieza berezia da, baina inperfekzio hori du.

Erakusketa oso ederra da haurrentzat, baina baita helduentzat ere, haurtzarora itzul daitezen, ezta?

Bai. Artisten piezena da erakusketako zatirik garrantzitsuena, egile jostailuena. Baina art toy-ak ez direnak azaltzen dira atal batean, bildumako jostailuak. Gure bizitzan asko eragin digute gurasoek edo osaba-izebek oparitutako jostailuek; gure gelako paisaia osatzen zutenean, puskatzen zitzaizkigunean, bildumak egiten hasten ginenean, gordetzen zizkigutenean… Hori ere bilatzen du erakusketak; beste mundu hori gogora ekarri nahi du. Gainera, haurrak jostailu batzuk ezagutuko ditu, eta gurasoak, haurraren jostailuez gain, bereak ere ikusiko ditu; elkarren arteko elkarrizketa sor daiteke hor. Egile jostailuen atalean, ilustrazioak jarri ditugu jostailuekin batera, sortze prozesua azalduz. Zer lortu nahi dugu horrekin? Edozeinek berregin baditzake jostailuak, zergatik ez asmatu bat, marraztu eta 3Dn gauzatu? Zergatik ez sortu norberak bere gustuko panpina? Nik Judas Z sortu nuen bezala, edozein haur izan daiteke gai berea sortzeko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.