Zentzua ematen diote

Zentzua ematen diote

E. Goenaga Lizaso

Elias Kerejeta Zine Eskolaren lehen promozioak jada hasi du bere bidea, eta bi ekitaldi antolatu dituzte zine-eskolaren lehen ikasturteari hasiera emateko. Aste honetan, asteazkenean, izan da lehena, Tabakaleran bertan. Zine-eskolako 45 ikasleak toki berean elkartzen ziren lehenengo eguna izan zen, eta solasaldian aritu ziren eskolako zuzendari Carlos Mugirorekin, zuzendaritza akademikoko kideekin, eta zine-eskolaren euskarri diren erakundeetako ordezkariekin: Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendaria, Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari nagusia, Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendaria eta Denis Itxaso Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatua.

Rebordinosen arabera, oso une “hunkigarria” izan da ia bi urte lanean aritu ostean eskola martxan jartzea eta ikasleen aurpegiak aurrean ikusi ahal izatea, eta horrela adierazi die borobilean bere inguruan eseritako ikasleei. Horrez gain, bere bulegoko ateak ikasleentzako irekita egongo direla eta Zinemaldia behar duten guztian laguntzeko prest dagoela nabarmendu du. Izan ere, Rebordinosen hitzetan, ikasleek Zinemaldiaz eta Zinemaldiaren esperientziatik ikasiko dute, baina Zinemaldiak ere ikasi nahi du ikasleen ideia eta ekarpenetik. “Gugandik ikasiko duzue, bai, baina hau ez da doakoa, zuen ekarpena behar dugu; gu ziur gaude zuek Zinemaldia aldatuko duzuela, urte batzuk barru ez dela berdina izango, eta zuen begirada behar dugu horretarako”.

Ikasleen iritsiera “inork pentsa dezakeena baino gogo handiagoarekin” espero zutela gehitu du, bere aldetik, Ormazabalek. Eta zine-eskola osatzen duen hirugarren erankundearen izenean, hala adierazi die Fernandezek ikasleei: “Lehenengo aldiz ikusi zaituztedanean, lehenengo aldiz ikusi dut eskola ere. Denbora asko igaro dugu lanean, eta hau irudika genezakeen, baina, azkenean, ikasleek ematen diote zentzua eskola bati, zuek ematen diozue zentzua gure eskolari”.

Ildo beretik hitz egin du Itxasok ere: “Esaten da zinea ez dela ezer ikuslerik gabe, eta pelikula bat ez dela errealitate bihurtzen norbaitek ikusten duen arte. Beno, bada, gauza bera esango nuke nik eskola bati buruz. Eskola bat ez da ezer ikaslerik ez badago”.

Ikasleen eta eskola bultzatu duten erakundeetako arduradunen arteko topaketak hasiera eman dio ikasturteari, baina bihar egingo dute zine-eskola inauguratzeko ekitaldi ofiziala, Tabakalerako Z Aretoan. Bertan, Jose Guirao Espainiako Kultura ministroa, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia eta Eneko Goia Donostiako alkatea izango dira, besteak beste, eskolako arduradunekin batera.

Leave a Reply

Your email address will not be published.