Aitor Gabirondo: “Komunitate oso bat elkartu gara helburu berarekin lanean”

Aitor Gabirondo: “Komunitate oso bat elkartu gara helburu berarekin lanean”

Kerman Garralda Zubimendi

Hilabete batzuez irakasle lanak alboratu ditu Aitor Gabirondok (Zumarraga, 1988), Kilometroak jaiaren koordinatzaile izateko. “Batzuetan pentsatu izan dut hobeto nengoela haurrekin, baina gustura ibili naiz koordinatzaile lanetan”. Haren egitekoak, baina, ez dira etzi amaituko, urtea amaitu arte bai baitu zereginik.

Nolakoa izan da azken urte eta erdia? Nolakoa da Kilometroak jaia antolatzeko lana?

Oso ongi moldatu gara. Ekintza txiki asko egin ditugu bidean, eta, horiek ere lana ematen duten arren, trebatuz joateko balio izan digu. Urtarril-otsail aldean hasi ginen igande honetako jaia prestatzen. Oporretara joan aurretik diseinatuta zegoen dena, eta diseinatutako hori gauzatzen aritu gara oporretatik bueltan.

Arazoak ere sortuko ziren bidean…

Egia da guretzat berria zela dena eta zaila izan dela dena ongi aurreikustea. Kilometroen jaia bigarrenez koordinatu beharko bagenu, askoz errazago moldatuko ginateke. Baina ona da erosotasun gunetik irtetea. Txikikeriak izan dira sortu zaizkigun arazoak, konponbide errazekoak.

Urretxu-Zumarraga ikastola aurretik ere antolatuta dago Kilometroen jaia.

Ezin dira alderatu garaiak: irakasle batzuk mantentzen dira, oraindik, baina berriak dira asko. Gurasoak ere bai. Lan egiteko ohiturak ere aldatu ditugu. Nahiz eta Urretxu-Zumarraga ikastolarentzat hirugarren Kilometroak izan, lehendabizikoak dira bertako askorentzat. Hutsetik hasi gara festa antolatzen.

Nola hasten da eraikitzen halako ekitaldi handi bat?

Gogoan dut 2017ko maiatzean izan zela Kilometroetako lehen bilera. Oinarrioinarrizkoa da ibilbide osoko plangintza egitea, hurrengo pausoak zein izan behar duen jakiteko. Handitik txikira joan gara bidean. Adibidez, ikuskizun batzordekoak behin ibilbidea zehaztutakoan hasi ziren lanean; bide orriari zorrotz jarraitu diogu beti. Komunikazio ildoa zehaztea izan zen lehen pausoa. Hau da, hau guztia zergatik eta zertarako egiten dugun galdetu genion geure buruari. Hortik abiatu ginen jaia prestatzen hasteko.

Zergatik eta zertarako?

Argi dugu, besteak beste, komunitatea indartu nahi dugula: estutu egin nahi dugu Urretxu-Zumarraga ikastolak herriko eragileekin duen harremana. Halaber, parekidetasuna bultzatu nahi dugu, eta gure ondarea kontuan izanda hazi nahi dugu. Hori guztia, nola ez, euskaraz.

Zer eman dizu prozesu honek?

Buruhausteren bat, bai; baina, oro har, gauza positiboak. Jendea eta egindako harremanak hartuko ditut nik gogoan. Azken finean, komunitate oso bat elkartu gara helburu berarekin lanean: jende asko ezagutu dut bidean, talde lanean aritzen ikasi dut, guztiok elkarrekin gehiago garela ikusi dut… Nik horri eman nahi diot garrantzia: bidean lortu dugun komunitateari. Taldean gainditu dugu aurrean genuen erronka. Kilometroetako abestiak dioen moduan, “gure ikastolan benetan sinisten dugunez”, aurrera egiten ikasi dugu. Ilusioz lan egin dugu, eta nabaritu egin da hori.

Eta zer kendu dizu?

Lo orduren bat edo beste.

Haurren falta sumatu al duzu prozesuan?

Momenturen batean, bai. Asko gustatzen zait irakaskuntza, eta oso gustura aritzen naiz irakasle lanetan. Baina egia da asko ikasi dudala koordinatzaile lanetan: ehunka boluntario aritu dira lanean urte osoan, eta oso aberatsa izan da horien guztien lana koordinatzea. Jende asko ezagutu dut, ezezagunekin lan egiten ikasi dut…

Merezi du horrenbeste lan hartzea?

Urretxu-Zumarraga ikastola herrian oso txertatuta dagoela ikusi dut. Oso positiboa izan da jendearen erantzuna. Lana egin behar da, baina argi dut zehaztutako helburuak beteko direla.

Zer moduz doaz antolaketa lanak?

Egin beharrekoak eginda daude. Kronograma zorrotza izan dugu azken egunetan, eta zintzo jarraitu dugu lanean; Kilometroak jaia astebete atzeratu behar dugula esango balidate, eztanda egingo lidake buruak; eskema guztiak apurtuko litzaizkidake.

Zenbat jende behar da antolaketa lanetan?

300 boluntario inguru ibili dira lanean urte guztian, eta gehiago ere bai azken hilabeteotan. Igandean 1.500 lagun ariko gara lanean; egia esan, Kilometroak jaiak boluntarioen lanari esker egiten du aurrera. Horiei guztiei eskerrak eman beharrean gaude.

Nola antolatzen edo banatzen dira boluntarioak?

Batzordeetan antolatu gara gu: ekonomia, ikuskizunak, Erronka, prebentzioa eta parekidetasuna… Hamazazpi batzorde sortu ditugu. Arduradun bat dauka batzorde bakoitzak, eta horietako bakoitza arduratu da barneko boluntarioak kudeatzeaz. Batzordeburu guztiak koordinatzen aritu naiz ni, Ikastolen Elkarteko lankide batekin batera. Ardurak banatuak izan ditugu horri esker, eta hobeto moldatu gara. Sarrisarri batu gara hilabeteotan.

Zuretzat nolakoa izango da Kilometroak jaia?

Goizean goiz hasiko da eguna, eta dena behar bezala doala gainbegiratzea izango da nire ardura. Era berean, arazoren bat egonez gero, ahalik eta ondoen eta azkarren konpondu beharko dugu. Askotan bizi izan ditut Kilometroak jaiak bertatik bertara, baina sekula ez koordinatzaile lanetan. Motibatu egiten nau horrek ere.

Leave a Reply

Your email address will not be published.