Kritiko eta aktibo, umorez

Kritiko eta aktibo, umorez

Olatz Mitxelena

Gaur hasiko dira, Pasaian, 37. Umorezko Antzerki Jardunaldiak. Urrian, asteburuero, ostiraletik igandera, egunero izango dira antzerki emanaldiak; asteburu honetan, Pasai Donibanen (Juanba Berasategi aretoan); hurrengoan, Pasai Antxon (kultur etxean); urriaren 19tik 21era, Pasai San Pedron (udal aretoan); eta urriaren 26tik 28ra, Trintxerpen (alkateordetzan). Udazkeneko kultur agendan klasiko bihurtu dira jardunaldiok, eta erabat eraberrituta datoz, gainera, aurtengoak.

Miguel Galindo da jardunaldien sortzaileetako bat —Pasaiako antzerki tailerraren zuzendaria izan da urte askoan—, eta hark erretiroa hartu du aurten. Pasaiako Udalak aukera baliatu du Antzerkizaleen Foroa martxan jarri eta jardunaldiei “erabateko buelta” emateko. Hala azaldu du Aitziber Eguskiza kultur teknikariak aste honetan egindako aurkezpenean. Argia izan da apustua: herritarrak antzokietara erakartzea eta jardunaldietako subjektu aktibo bihurtzea. “Gu ez gara ezer publikorik gabe, baina publikoa antzerkiaren errituaren parte sentiarazi nahi dugu”, adierazi du Iñigo Ortega aktoreak eta Pasaiako Badia Antzerki Eskolako arduradunak.

Ildo beretik hitz egin du Marga Altolagirre antzerki zuzendariak ere: “Guretzat garrantzitsua zen herritarren gerturatze hori, guk ezin dugulako ezer egin publikorik gabe”. Ortegak eta Altolagirrek bi ikuskizun zuzenduko dituzte aurten, herritarrak protagonista bihurtzeko asmoz. Altolagirrek herriko artistak igoko ditu, bihar, Pasai Donibaneko Juanba Berasategi aretoko oholtzara, Pasaia Talent proiektuaren barruan; eta antzeko emanaldia eskainiko du Iñigo Ortegak datorren larunbatean, hilaren 13an, Pasai Antxon. Herri afari baten ondotik taularatuko du Kabaretantxo ikuskizuna.

Herriko eta inguruko antzerkizale eta antzerkigileei bultzada emateko asmoz, bestalde, aurten talde amateurrak ere programatu dituzte, lehen aldiz. Patata Tropikalak, Zurriola Antzerki Eskolak, Hamaika Bueltak eta Kukukak, guztiek izango dute aukera jardunaldietan parte hartzeko. “Antzerki talde amateurrenak izango dira ostiraletako saioak. Antzerkiaren munduan murgiltzen ari diren taldeei bultzada ematea da helburua”, zehaztu du Eguskizak. Hori bai, profesionalek ere izango dute euren tartea igandeetan: “Ez genuen galdu nahi talde profesionalen aberastasuna, eta euskal antzerkiaren errealitatean punta-puntan dauden egitasmoak eskainiko ditugu igandeetan”.

Lanen kalitatea. Horixe izan da, ziurrenik, jardunaldien ezaugarri nagusietako bat urte hauetan guztietan, eta horri eutsiko diote aurten ere. Sona handiko konpainiak iritsiko dira datozen lau igandeetan Pasaiara, euren azken lanak aurkeztera: Kamikaz Kolektiboa eta Ttak Teatroa, Tartean Teatroa, Las XL, Pantzart eta Bihotzerre antzerki taldeak, Pixkol@bis konpainia, Trapu Zaharra, Les Figurettes eta Pez Limbo. Eguskizak ohartarazi duenez, “oso lan garaikidea” izango da Pez Limbo konpainiak Ziriza etxean aurkeztuko duen antzezlana. “Mikroantzerkia izango da, eta hiru espazioetan aldi berean gertatuko dira gauzak”.

Clown ikastaroak

Eta bada gehiago berritasunen atalean. Aurten aurrez eros daitezke antzezlanetarako sarrerak, www.pasaia.eus webgunean. Horrez gain, larunbatero, 10:00etatik 13:00etara, eta dagokion barrutian, clown ikastaroak emango ditu Joserra Fachadok, doan. “Herritarrak clown hizkuntza horretara gerturatzea, arte espresio horri beldurra galtzea, gozatzea eta dibertitzea da helburua”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.