Begiratu nahi ez zaion argazkia

Begiratu nahi ez zaion argazkia

Beñat Alberdi

Adingabeek alkohola edaten dutela ez da hain ezezaguna. Edozein herri edo hiritako festak dira horren erakusle. Beste kontu bat da gizartea gai horrekin arduratuta ote dagoen, gehienek beste alde batera begiratzen ote duten edo alkoholaren kontsumoa normalizatuta ote dagoen.

Bide horretan beste jauzi bat eman dute Arrasateko San Juan de Dios ospitaleak eta Aretxabaletako UDA kirol elkarteak. Alkoholaz gain, gazteek beste substantziarik kontsumitzen ote duten ikertu dute. DBHko ikasleengan jarri dute fokua Aretxabaletan eta Eskoriatzan, 13 eta 16 urte arteko gazteengan. Batez beste, %30ek hilean behin marihuana porro bat erretzen dute, gutxienez. Eta, neurri txikiagoan, baina anfetaminak, speeda eta kokaina ere kontsumitzen dituzte. “Alarmistak garela esan digute askok”, azaldu du Mikel Anduagak, ikerketa taldeko kideak —asmatua da izena; Arrasatera zabaltzekoak dira ikerketa, eta nahiago izan du anonimotasuna gorde—. “Baina euren kabuz hitz egiten dute zenbakiek. Hor dagoen den errealitatea da hori”. 326 ikaslek bete dute galdeketa, anonimotasuna gordeta. Horietatik 104k aitortu dute marihuana kontsumitzen dutela.

Ikerlariaren hitzetan, garrantzi berezia dauka kantitateak. Inkestan bost aukera eskaini dituzte hilabetean zenbat porro kontsumitzen dituzten jakiteko: bat edo bi, hiru eta bost artean, sei eta bederatzi artean, hamar eta hemeretzi artean, eta hogeitik gora. Astakeria dirudi adin tarte horretan hilean hogei porro baino gehiago erretzeak, baina egunerokora jo besterik ez dagoela azaldu du Anduagak. “Hilabetean, 30 erretzen ditu egunean bat erretzen duenak. Egunean bi erretzen dituenak, berriz, 60”.

Bi multzotan bereizi dituzte droga kontsumitzen dutela onartu duten gazteak: hilabetean bederatzi porro edo gutxiago erretzen dituztenak, batetik, eta hamar baino gehiago erretzen dituztenak, bestetik. Kontsumitzaileen %47k porro bat edo bi erretzen dituzte hilabetean; %26k, hiru eta bederatzi artean; eta gainontzeko %27ek hamar porro baino gehiago erretzen dituzte hilabetean.

Lehen talde horretan jarri nahi dute arreta, erretzea hain ohikoa ez dutenez, joera alda daitekeelakoan. Bestelakoa da bigarren taldearen errealitatea. “Kontsumoa ohiko bihurtzen den neurrian, gero eta kantitate handiagoa behar da emaitza berbera lortzeko”, azaldu du ikerlariak. “Bi aukera egoten dira behin egoera batera iritsita: gehiago erretzen hasi edo beste substantzia batzuk probatu”. DBHko 326 ikasle horietatik zortzik onartu dute kokaina kontsumitzen dutela, hamahiruk speeda hartzen dutela, eta hamarrek anfetaminak kontsumitzen dituztela.

Drogen gaia lantzen dutenean, hilean hamar porro baino gutxiago erretzen dituztenei erakutsi nahi dizkiete kontsumoaren ondorioak. Anduagaren hitzetan, finean, hilabetean hamar porro baino gehiago piztera iristen ez badira, ez dute hainbesteko beharrik sentituko gainontzeko substantziak kontsumitzeko. Horregatik, lehen taldekoak murriztea da erronka nagusia.

San Juan de Dios ospitalean sei urte daramatzate gazteen droga kontsumoko ohiturak lantzen, Ospitalea ezagutu proiektuaren barruan. Prebentzioa dute helburu, eta, bide horretan, drogen ondorioak erakusten dizkiete ikasleei. Horrez gain, drogen kontsumoaren eraginez ondorio psikologikoak jasan dituzten herritarren testigantzak ere jasoko dituzte ikasleek. Euskal Herriko ikastetxeak bisitan joaten dira ospitalera. “%20-25ek kontsumitzen dute drogaren bat. Berdin dio gaztea herri txiki batekoa izateak edo hiribururen batekoa izateak”, nabarmendu du Anduagak.

Gazte horiek, drogaren bat hartu aurretik, izan ditzaketen ondorioen jakitun izatea da helburua. Kontuan hartuta DBHn kontsumitzaileak topatzen dituztela, Anduagaren ustez, jaitsi egin beharko litzateke lanketa egiten hasteko adina. “Drogarik ez hartzeko egiten da prebentzio lana, eta dagoeneko probatu dutenekin egiten dugu lan gaur egun, atzera bueltarik gabeko errealitatera irits ez daitezen. Lehen Hezkuntzan landu beharko genuke gaia”.

Islandiara begira

Gazteak eta droga gaia nola landu ulertzeko, ikerlariak Islandia jarri du adibide gisa, “neurri gogorregiak” hartu zituztela zehaztu duen arren. Islandian, gazteen aisialdi garaian, ohikoa zen drogen kontsumoa, alkoholarena bereziki. Gobernuak neurri zorrotzak jarri zituen martxan, gurasoei isunak jartzeraino. Ordutik asko jaitsi da kontsumoa. “Islandiak Munduko Kopan parte hartu du, eta herrialdeko lehendakariak azpimarratu zuen drogen kontsumoa jaitsi osteko lehen belaunaldia dela gaur egungoa, eta horri esker lortu dutela eliteko kirolari gehiago izatea”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.