Espetxe politikaren kontra, manifestazioa

Espetxe politikaren kontra, manifestazioa

A. Arzallus

Bihar, urriak 20, larunbata, manifestazioa egingo dute Donostian, Orain Presoak herritar dinamikak deituta. Joan den ekainean, gizarte zibileko sektore askotako 46 herritar ezagunek aurkeztu zuten Orain Presoak dinamika, eta oinarrizko eskaerak egin dizkiote Espainiako Gobernuari: urruntze politika bukatzeko, gradu progresioa ahalbidetzeko, larri dauden presoen arta bermatzeko eta Frantziako Estatuan presoek betetako kartzela urteak zenbatzeko.

“Gaur-gaurkoz, horiek dira lehentasun modura joak ditugun eskaerak. Eskaerok ardatz hartuta batu gara gu. Hego Euskal Herrian herritarren, alderdien, erakundeen eta sindikatuen gehiengoak ere bat egin du aldarrikapenokin. Lau puntuok bete ostean etorriko lirateke hurrengo pausoak”, azaldu du Olatz Iglesias bozeramaileak. “Azken batean, legedia betetzeko eskatzen diogu Espainiako Gobernuari. Beti aritu izan dira euskal presoei legea betetzeko esaten. Gobernuak berak bete, eta Euskal Herriratu ditzala presoak, baldintzapean aska ditzala gaixorik daudenak eta ahalbidetu dezala gradu progresioa”.

Manifestazioa 17:00etan abiatuko da, Antiguako tuneletik. Ordubete lehenago, ordea, “giza eskubideez, elkarbizitzaz eta bakeaz mintzatzeko ekitaldi publiko bat” egingo dute, Miramar jauregian. Politikan, sindikalismoan, herri ordezkari gisa erakundeetan edo giza eskubideen, bakearen eta elkarbizitzaren alorrean lanean ari diren pertsonek parte hartuko dute ekitaldi horretan, “eta baita sufrimendua jasan behar izan duten eta jasaten ari diren hainbat herritarrek ere”.

Ideologien gainetik, bakearen eta bizikidetzaren bidean urratsak egin nahi dituzten herritarrei manifestazioan parte hartzeko deia egin diete antolatzaileek.

Leave a Reply

Your email address will not be published.