Azpeitiarren ‘Matxinada’

Azpeitiarren ‘Matxinada’

Aitziber Arzallus

Bihar hasiko dituzte, Azpeitian, 36. Euskal Antzerki Topaketak, modu berezian hasi ere: Imanol Elias idazle eta antzerkigile azpeitiarrak idatzitako Matxinada ikuskizuna emango dute, herri antzerki musikal bihurtuta. Ehun lagun baino gehiago ariko dira taula gainean, antzezten eta kantuan, Unai Frantzesenak propio sortutako doinuek zuzenean lagunduta.

Azkoitian eta Azpeitian gertatu zen Gariaren Matxinada, jauntxoek gariaren prezioa igo eta herritarrak matxinatu zirenean. Iñigo Aranbarrik Apirila eleberrian kontatu zituen 1766. urtean gertatutakoak. Duela bi urte, gertaeren 250. urteurrena zela eta, Azpeitiko Udalak eta Kultur Mahaiak hainbat ekintza antolatu zituzten urteurren hori gogorarazteko eta ospatzeko, herriko historia ezagutarazteko helburuz. “Imanol Eliasek idatzitako Matxinada ikuskizuna taularatzea polita izango zela iruditu zitzaigun”, azaldu du Xabier Gantzarain Kultur Mahaiko teknikariak. Eta erronka horri heldu zioten, herriko sortzaileekin egiteko eta ondo egiteko modua zegoela sinistuta.

Ordea, nahikoa lan eman die asmo hura gorpuzteak. “Kontua da nahiko konplikatua dela ikuskizuna, antzezlan bat delako, baina musikatua eta kantatua, zuzeneko musikarekin. Aktoreek kantatu egiten dute”, adierazi du Gantzarainek. “Opera bat da, edo zarzuela bat; herri antzerki musikala deitu diogu guk”.

Orain dela bi urte hasi ziren lanean: Unai Frantzesena musika sortzen, Alaitz Olaizola gidoia moldatzen eta aktoreak zein izan zitezkeen pentsatzen… Baina urte hartan ezin izan zuten aurrera atera, obrak zailtasun asko zeuzkalako. “Orduan hasitako lana bukatu dugu orain”, zehaztu du Kultur Mahaiko teknikariak. “Aurtengo udaberrian erabaki genuen Matxinada egin egin behar genuela, eta taldetxo bat osatu genuen gauzak bizkortzeko eta airean zeuden gauzak lotuz joateko”.

Bidean oztopo bat baino gehiago gainditu behar izan dute. “Sekulako lana izan da, adibidez, egutegia lotzea, obra noiz emango genuen erabakitzea”. Ez baita txantxa horrenbeste lagun koordinatzea. “Zuzenean jotzen du Herriko Musika Bandak, eta bestela ere oso egutegi betea izaten dute haiek. Haiekin hitz egin behar izan genuen tartetxoren bat noiz zeukaten jakiteko eta horren arabera entsegu egunak zehazteko”.

Gantzarainen esanetan, taula gainean ariko den jendea topatzea izan da beste oztopoa, “antzeztu ez ezik kantatu ere egin behar dutelako”. “Julian Barrenetxea abesbatzakoengana eta Azketa ahots taldekoengana joan ginen aurrena, eta herritarrengana gero: taldeetan kantatzen dutenengana, koroan ibilitakoengana, bertsolariengana…”. Azkenean, ehun bat lagun izango dira oholtzan.

Gantzarain pozik dago herritarrek erakutsi duten jarrerarekin. “Ahal zuenak baietz esan digu, eta entseguetara etortzerik ez zeukanak esan digu ezetz. Oro har, oso eskuzabal parte hartu du jendeak, eta guretzat oso pozgarria da hori”. Herritarren jarreraz gain, Frantzesenak egin duen lana nabarmendu du Kultur Mahaiko teknikariak. “Orduak eta orduak pasatu baititu obra honetarako doinuak sortzen, bandako instrumentu guztientzako eta txistularientzako moldaketak egiten… Kristoren lana egin du Frantzesenak”.

Ia hutsetik sortzen hasi behar izan du Frantzesenak. Ia hutsetik, bai baitzeukan bere aita Jose Luis Frantzesenak egindako oinarri txiki bat. “Imanol Eliasek berak bere garaian izan zuen asmoa obra hau taularatzeko, eta saiakera ere egin zuen. Unai Frantzesenaren aitarekin hitz egin zuen, eta opera baterako doinuak egiten hasteko eskatu zion, baina bertan behera geratu zen azkenean, oso konplikatua zelako”, azaldu du Gantzarainek. “Gainera, Imanolen asmoa orkestra batekin eta kantari profesionalekin egitea zela uste dut, eta, hori, egundoko lanaz gain, dirutza ere bada. Neurri batean, horixe bera egin dugu guk, baina herri ekimenez”.

Matxinada antzezlana taularatzea, herriko historiaren parte bat ezagutarazteko aukera ederra ez ezik, Imanol Eliasi omenaldia egiteko modu polita ere badela uste du Gantzarainek. “2013an hil zen Imanol, eta Matxinada da idatzita baina taularatu gabe zeukan antzezlan bakarra. Badakigu arantza horrekin hil zela, eta hari omenaldia egiteko modu bat ere bada hau. Guretzat garrantzitsua izan da ikuskizuna haren lanarekin egitea, eta, aldi berean, baita haren alargun Itziar Oiartzabal obran aktore lanetan aritzea ere”.

Azkoitian egiteko aukera

Gantzarainek ez daki beste emanaldirik egingo ote duten. “Norbaitek aipatu zuen ondo egongo litzatekeela Azkoitian ere egitea, Azpeitian eta Azkoitian gertatu zelako 1766ko Gariaren Matxinada hura, baina ezer zehaztu gabe dago oraindik. Oso zaila da denok elkartzeko moduko egun bat topatzea. Azkoitiko proposamenak aurrera egingo balu, denon artean egun bat adostea lortuko bagenu eta jendeak gogoa edukiko balu, egin egingo genuke, baina ikusiko dugu”. Oraingoz, beraz, biharkoa da Matxinada ikusteko aukera bakarra, 22:00etan, Azpeitiko Soreasu antzokian. Sarrerak eskuragai egongo dira gaur, Sanagustin kulturunean, eta bihar, Soreasuko leihatilan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.