Mendea abereak haziz

Mendea abereak haziz

Mikel Iraola

Alejandro Goiak ez zuen ezagutu bere aitona Francisco Goia. Berehala izan zuen, ordea, haren lanaren berri, 7 urterekin hasi baitzen Legorretako Gurutzeta Txiki baserrian aitari eta osabari laguntzen.

Animalien salerosketan aritzen zen Francisco, eta, hura hil ostean, hark hasitako bideari jarraipena eman zioten Patxik Alejandroren aitak— eta Jose Ramonek osabak. Zaldiak, txekorrak eta esne behiak zituzten, gehienbat, eta, horiek hazteaz gain, baserriz baserri eta azokaz azoka ibiltzen ziren. Torrelavegaraino (Espainia) ere joaten omen ziren abereak erostera, Alejandrok gogoan duenez: “Oinez itzultzen ziren ganaduarekin. Bideko herrietan boluntarioak izaten ziren animalien garraioan laguntzeko. Egunetako bidaia izaten zen. Gainera, behiren bat bidean erditzen bazen-edo, gehiago atzeratzen zen itzulera”.

Zaldiei ferrak kentzea izan zen Alejandroren lehen lanetako bat, eta diru pixka bat irabazten zuen horrekin. Hasiera baino ez zen izan. Urteak eman zituen abere artean: jaten ematen, garbitzen, ukuilua txukuntzen… Gogor lanean, baina baita pasioz ere.

Gero —eta lehenago zer izan zen jakin gabe—, afizioa ofizio eta ofizioa afizio bihurtu zen: 1976an harategia zabaldu zuen Tolosan, eta Legorretara joaten zen hango lanak amaitutakoan, egunero-egunero, hutsik egin gabe, animaliei jaten eman eta garbiketa lanak egitera. “Tolosako harategian lan asko egindakoa da aita, baina, ziur asko, are lan gehiago egin du Legorretan”, dio bere alaba Cristinak. “Oporrak? Aitari behin hitz hori aipatu nion, baina ez zuen ulertzen zer esan nahi zuen ere. Hori du baserriko lanak”, erantzun du Alejandrok.

Idiak haztea, zaletasun

36ko gerraren ondoren zaldi haragia saltzen ibili zen Alejandro, aitarekin eta osabarekin. Garai zailak ziren, eta merkeagoa zen haragi hori, “saltzeko errazagoa”. Harategia zabaldu zuenerako, ordea, egoerak hobera egin zuen, eta ohikoagoa zen beste animalia batzuen okela. Hori bai, jendeak zaldiaren haragiarekin identifikatzen zuen artean ere bere harategia: “Oilaskoak, txerrikiak, txekor haragia… denetik geneukan, baina kosta egin zitzaigun zaldiaren irudi hori aldatzea”.

Azken urteotan, berriz, idiaren okelagatik ere bada ezagun Goia. Idi haragiaren eskasiak bultzatuta ekin zion Alejandrok idiak hazteari. Txekorrak zirela erosi izan ditu beti, eta animaliaren atzealdeari erreparatzen dio idi izatera irits daitekeen ala ez baloratzeko orduan, formari. Cristinaren esanetan, “gaitasuna” da bere aitarena. “Ez dakit odolean daramagun zerbait ote den, baina etxean horrenbeste aldiz ikusi ondoren, ikasi egiten da. Eta hanka sartzearen ondorioz ere bai”, aitortu du Alejandrok.

Osasunak utzi dion arte, Alejandrok mimoz zaindu ditu idiak Legorretako baserrian. Cristinak du orain harategiaren ardura, eta laguntzen ibiltzen da Miguel Cruz semea. Hura arduratzen da orain idiak zaintzeaz. Egoera aldatu egin dela dio: “Idi gutxiago ditugu orain. Pixkanaka, kenduz joan gara. Aitonak, harategiko lanaz gain, egunero ordu mordoa eskaini dio lan honi, baina guk ez dugu aukerarik horretarako. Egunero joaten gara, baina ordu gutxiago pasatzen dugu”.

Potxolo izenekoa da orain duten idietako bat. Akitaniako blonda arrazakoa da, eta, zortzi urtez hazi ondoren, 1.900 kilorekin Espainiako Estatuko idirik handiena izatera iritsi da. Hilabete gutxiko txekorra zela, taxi gidari bati erosi zion Alejandrok, Villabona-Amasako azoka berezian. Legorretako baserrian zikiratu zuten, eta hantxe dago ordutik, erosle baten esperoan. Idia bere horretan saltzeko asmoa du Goia sendiak, baina ez da lan erraza: “Txuletak oso preziatuak dira, baina irteera ez da oso erraza, prezioagatik eta leku fisikoagatik. 25 kilo ingurukoak dira harategian izaten ditugun txuleta barrak. 100 kilokoak izango dira idi honenak, eta lekua behar da hori gordetzeko eta manipulatzeko. Guk ez dugu aukerarik. Horregatik, osorik saltzea da gure asmoa”, dio Miguelek.

Idiak haztea, garestia

Prezioa bera ere faktore garrantzitsua da, Miguelen esanetan, eskaini beharreko denboraz gain, garestia delako idiak haztea: “Zortzi edo bederatzi urtez hazten da idi bat. Lanerako erabiltzen ziren garai batean, baina gaur egun makinek egiten dute lan hori, eta jan baino ez dute egiten. Egunean 50 kiloko bi pentsu zaku botatzen dizkiegu, pentsa. Inbertsio bat ere bada, azkenean. Horregatik da garestia, eta horregatik dago gutxi. Kapritxo bihurtu da”.

Erosle bat topatu artean, eta gerora ere bai, idiak hazteko asmoa du Goia sendiak. Eta hori ikusirik, Alejandro pozik da bere bilobak eta alabak aitonak hasitako bideari eutsi diotelako, bost belaunaldi baitira, jada, pasio beraren inguruan lanean. “Garaiak aldatu diren bezala, gure lana ere asko aldatu da, baina familiatik halakorik jaso izan ez bagenu, orain ez ginateke hemen egongo. Guretzat oso garrantzitsua da aitonak utzi digun legatua, eta horri segida ematen saiatzen gara, nahiz eta ez den egungo bizimoduarekin batera erraza”, azaldu du Cristinak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.