Patricia del Rio: “Zesareaz jaiotako umeekin ere ‘azal-azal’ ukipena egiten dugu”

Patricia del Rio: “Zesareaz jaiotako umeekin ere ‘azal-azal’ ukipena egiten dugu”

Eider Goenaga Lizaso

Debabarreneko ESIan pediatra da Patricia del Rio (Abadiño, Bizkaia, 1984), eta edoskitze naturalaren aldeko BPSO programaren arduraduna da, Maribel Lopez erizainarekin batera. Bikaintasun programarekin hainbat urte daramatzate Mendaron, eta duela bi urte edoskitzeari buruzko argazki lehiaketa antolatzen hasi ziren. Hirugarrena da aurten, eta azaroaren 10era arte aurkez daitezke argazkiak. “Sentsibilizatzeko eta mitoak hausteko modu bat” dela dio Del Riok.

Zer da BPSO programa, eta noiz hasi zineten horrekin lanean?

Jatorria Kanadan duen bikaintasun programa bat da, eta zenbait osasun arlotan aplikatzen da. Hiru BPSO programa ditugu Debabarreneko ESIan: edoskitze naturala, erorikoen prebentzioa eta presio ultzeren prebentzioa. Oinarri zientifikodun programak dira, eta guk 2014an jarri genituen martxan, hirurak batera.

Zuen jarduna aldatu du horrek?

Gure ospitalean, 2005ean, aldaketa handiak egin ziren edoskitze naturala bultzatzeko, eta, 2014an, beste bi pauso garrantzitsu eman ziren norabide berean. BPSO programarekin hasi ginen, batetik, eta Mendaroko ospitala ESI (erakunde sanitario integratu) bihurtu zen, bestetik. Ordutik, arreta integrala ematen zaie ospitaleko eta oinarrizko laguntzako pazienteei, eta dena dago bateratuta: haurdunaldian emaginak ematen duen formakuntza; erditzean eta ondorengo lehen orduetan ospitalean ematen diegun formakuntza eta babesa; eta, etxera joan ostean, emaginak, pediatrak eta erizainek egiten dieten kontrola. Helburu, irizpide eta informazio berarekin egiten dugu lan denok.

Zein dira edoskitze naturala sustatzeko egiten dituzuen jarduera zehatzak?

Umea jaio aurretik hasten gara laguntza eskaintzen. Laguntza hori oso garrantzitsua dela uste dut nik, baina ez dela nahikoa baloratzen. Gure ESIan formakuntza eskaintzen zaie guraso izango direnei, eta iaz %59koa izan zen parte hartzea. Oso baxua da. Oso garrantzitsua da aurrez lan hori egitea; egin ezean, hutsune batzuk sortzen dira, eta erditzeko unetik beretik antzematen da hori.

Berebiziko garrantzia dute erditu osteko lehen uneek. Nola lantzen duzue momentu hori?

Oso une garrantzitsua da. Erditzea ahalik eta errespetu handienarekin egiten, praktika inbasiboak saihesten eta maneju ahalik eta fisiologikoena egiten ahalegintzen gara, horrek ondorioak baititu amarentzat: nekea, anemia… Eta ama ospitaleratuta dagoen 48-72 orduetan, ama eta umea une oro elkarrekin egotea bultzatzen dugu, gela berean, separatu gabe. Azal-azal ukipena errazten eta lantzen saiatzen gara ahal den neurrian.

Azal-azal ukipenak lotura zuzena du edoskitzearekin?

Amaren gainean jartzeak umeari lagundu egiten dio umetokitik kanpo egokitzen; amaren taupadak, usaina, ahotsa… eta, noski, bularretik gertuago dagoenez, errazagoa da hartualdia egitea. Duela bi urtetik, zesareaz jaiotako umeen kasuan ere azal-azal ukipena egiten dugu, ebakuntza gelan bertan. Oso argi dago azal-azal ukipenak onurak dauzkala eta lehenengo 120 minutuetan mantendu behar dela, edo, gutxienez, lehenengo hartualdia egin arte. Gero eta ebidentzia gehiago dago horri buruz.

BPSO programaren barruan gauzatu duzue zesareen kasuan eginiko aldaketa?

Hainbat aldaketa egin ditugu, eta hori izan da bat. Profesional askoren laguntzarekin egin behar izaten dira halako aldaketak. Prozesuan ginekologoek, erizainek, anestesistek, emaginek… parte hartzen dutenez, denek egokitu behar izaten dute, eta askotan kosta egiten zaigu aldaketak egitea; badakigu ona dela, baina beti ez da erraza izaten aldaketak egitea.

Lehenengo hartualditik harago, edoskitzea finkatzeko garaian sortzen dira maiz zailtasunak…

Ospitalean dauden bitartean laguntza asko eskaini behar zaie guraso berriei. Izan ere, edoskitzearen lehenengo bi egun horietan teknikoki eboluzio ona izatea da inportanteena; umeak bularrari ondo eusten diola kontrolatzea, xurgatze eraginkorra egiten duela ziurtatzea… Oso garrantzitsua da ospitaleko erizainen eta erizain laguntzaileen lana; etengabe egoten dira gainean.

Zer emaitza izan du edoskitze naturalaren aldeko apustu horrek? Nabaritu da kopuruetan?

Etxera joaten direnean, %90ekoa da edoskitze natural esklusiboaren tasa, eta oso tasa handia da hori. Edoskitze mistoa edo edoskitze artifiziala egiten dute gainerako %10ek. Guztiz errespetatzen dugu erabaki hori; edoskitze mota edozein dela ere, zelan egin erakusten diegu, zelan eman biberoia, azal-azal ukipena ere egiten dugu… Gurasoen erabakia da umea nola elikatu, beti-beti, eta guk egin dezakegun bakarra da informazioa ematea eta aholkatzea.

Edoskitze artifiziala hautatu duten hainbat guraso kexatu izan da presio egin dietela sentitu dutelako.

Bai, guri ere hainbat amak esan izan digu hori. Gero eta indartsuagoa da edoskitzearen aldeko joera, ebidentzia zientifikoak ere gero eta gehiago dira, eta baliteke gizartearen presioa sentitzea. Baina guk beti esaten diegu erabakia eurena dela. Guk informazioa ematen dugu; dauden mitoak apurtzen saiatzen gara…

Zer mito, adibidez?

Amak ez zuela esnerik izan eta berak ezin izango duela bularra eman; bular txikiak edo handiegiak izanik, ez duela esne nahikorik izango; haurdunaldian ezin dela bularrik eman; edota bikiekin edoskitze naturala ez dela posible. Halakoetan, gutxien-gutxienez, hasierako oritz edo kalostro hori emateko aholkatzen diegu. Lehen txertoak bezain garrantzitsua da hori; esaten diegu urre likidoa dela, aprobetxatu egin behar dela, ezin dela galtzen utzi…

Osasunerako Mundu Erakundeak edoskitze naturala aholkatzen du lehen sei hilabeteetan…

OMEk, Unicefek eta beste hainbat erakunde garrantzitsuk. Baina aholkua ez da soilik sei hilabetez edoskitze natural esklusiboari eustea; aholkua da umea beste elikagai batzuekin hasi ondoren ere edoskitzea bi urte arte luzatzea.

Badago mugarik?

OMEk aholkatzen du bi urte arte ematea, baina mugarik ez da. Hortik aurrera, amaren eta umearen borondateak jarriko du muga. Nahi den bitartean edoskitze naturalari eustearen alde gaude gu.

Badaude edoskitzea posible egiten ez duten arrazoiak?

Oso kontraindikazio gutxi daude, hiru baino ez: amak hiesa izatea, amak toxikoak kontsumitzea, eta umeak galaktosemiaren gisako gaixotasun metabolikoren bat izatea. Gero, badaude edoskitzeari eustea zailtzen duten beste arrazoi batzuk; baina, normalean, babes handia eta laguntza emanez gero, ama ahaldunduz gero, lortzen da.

Leave a Reply

Your email address will not be published.