Sindikatuek patronalaren jarrera aldaketa eskatu dute negoziatu ahal izateko

Sindikatuek patronalaren jarrera aldaketa eskatu dute negoziatu ahal izateko

E. Goenaga Lizaso

Zahar etxeetako hitzarmen sektoriala, horixe dute mahai gainean zahar etxeetako patronalak eta sindikatuek. 2012aren amaieran agortu zen 2009an sinatutakoaren indarraldia, eta, ordutik ez dute izan sektoreko hitzarmenik. 2013-2016ko epealdian enpresa hitzarmenak sinatu zituzten zahar etxe batzuetan, baina horiek ere agortu ziren, eta 2016 amaieran sektoreko hitzarmena negoziatuko zuen mahaia osatu zen.

Adegi, Matia 2020, Lares eta ACCG dira patronalaren ordezkariak negoziazioan, eta langileen ordezkaritzari dagokionez ELA (%60,4), LAB (%21,8), UGT (%9,1) eta CCOO (%8,6) sindikatuak daude. Gaur arte negoziazioak oso gutxi egin du aurrera; patronalak ez zuen proposamenik aurkeztu joan den urriaren 19ko bilera arte. Baina proposamen hori ez dute ontzat jo ELAk eta LABek; batez ere, sektoreko hitzarmenik gabe egon diren bi urteetako soldata izoztea proposatu duelako patronalak.

2017ko eta 2018ko soldatetarako urte bakoitzari dagokion KPIa gehi %3 igotzea eskatzen zuen ELAk; eta, ondorioz, “lotsagarria” iruditu zaio patronalaren proposamena. Patronalak emango zuen erantzuna aurreikusiz edo, ELAk, irailean, urte amaiera arteko borroka egutegi bat aurkeztu zuen. Irailaren 28an egin zuten lehen greba eguna, joan den astean egin zituzten beste hiru greba egun, eta urtea amaitu bitartean honako egun hauetan greba egingo dutela iragarri dute: azaroaren 26, 27, 28 eta 29an, eta abenduaren 24, 25, 26, 27, 28, 29, 30 eta 31n.

ELAren antzeko analisia egin du LABek ere. “Mahaira ez gatoz denbora galtzera eta indarrak alferrik xahutzera. LABek hasiera-hasieratik esan du hori”. Patronalak proposamena ahoz egin izana salatu du, batetik, LABek. “Bi urte pasatu direnean ez zarete gai izan proposamen bat idazteko? Seriotasun falta, gutxienez, antzematen da hor”, salatu du LABeko Ane Sarriegik. “Baina okerrena da 2019tik 2022rako itun bat jartzen dutela mahai gainean, eta 2017-2018 urteak pasatu ez balira bezala, bi urteko soldata izoztea planteatzen dutela”. Horrelako proposamen bat “onartezina” iruditzen zaio LABi. “Gure haserrea izugarria izan zen”, azaldu du Sarriegik, eta, horregatik, hori entzun eta berehala utzi zuten bilera. Urriaren 22an proposamen hori aztertzeko bilera egin, eta urriaren 26an langileak grebara deitu zituen LABek.

ELAren eta LABen artean langileen %80tik gora ordezkatzen dituzte, eta biak ados daude patronalaren proposamena onartezina dela. Hala, hurrengo bileretarako jarrera aldatzeko eskatu diete zahar etxeetako enpresa ordezkariei. Azaroaren 9an dute hurrengo bilera. ELAk ez du parte hartuko. Patronalak aurreko enpresa hitzarmenen eta lortzen den sektoreko hitzarmenaren aplikazio berme batzuk eskaintzen ez dituen bitartean, ez dira negoziatzera eseriko. LABeko ordezkariak azaroaren 9ko bilerara joango direla azaldu du Sarriegik, eta bilera ostean batzarra dutela langileekin, patronalak jarrera berari eusten badio, hurrengo mobilizazioen egutegia zehazteko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.