Korronteen noranzkoan

Korronteen noranzkoan

Olatz Mitxelena

Itsas hondakin flotatzaileen bilketarako eta kudeaketarako tresna eraginkorrak lortzea. Horixe da Life Lema proiektuaren helburu nagusia, eta hainbat egitasmo jorratzen ditu bide horretan; herritarren inplikazio zuzena beharrezkoa duen bat, tartean: egurrezko ontzi txikiak uretaratzea. Planteamendua sinplea da berez: aurrez zehaztutako hainbat tokitan ontziak uretaratu, eta korronteak nora eramaten dituen aztertu, ontziak non porturatu diren jakinda korronteek bestelako hondakin flotatzaileak norantz eramango dituzten jakiteko.

Albaolak joan den urriaren 25ean eman zizkien Life Lemako arduradunei datorren urtean uretaratuko dituzten ontzi prototipoak; izan ere, Pasai San Pedroko Itsas Kultur Faktorian eraiki dituzte ontziak, bertako boluntarioen laguntzarekin. Proiektuaren komunikazio arduradun Maria Ballesterosek iragarri duenez, “Bizkaiko golkoaren funtsezko itsas eremuetan” itsasoratuko dituzte Albaolan sortutako azken ontziak, udaberrian, orain arteko kanpainetan egin antzera, “korronteei buruzko informazioa biltzeko”. Prozedura ere azaldu du Ballesterosek: “Ontziak uretaratu, eta, ondoren, itxaron, norbaitek hondartzan paseoan dabilela topatu arte”.

Life Lemak uretaratzen dituen ontziek proiektuko logotipoa izaten dute margotuta, eta egitasmoan diharduten arduradunekin harremanetan jartzeko bideak idatzita egoten dira. Herritarren laguntzarekin osatzen da katea. “Horrela badakigu non bota genituen eta non agertzen diren, eta, horri esker, itsas hondakinek egin dezaketen bidea zein den ondoriozta dezakegu”.

Duela bi urte ekin zioten proiektuari, eta orain arte egin dituzten kanpaina ozeanografikoetan 600 ontzi inguru uretaratu dituztela jakinarazi du Ballesterosek: “Uretaratu ditugun ontzien %40 agertu dira, eta gehiago botako ditugula kontuan hartuta, aukera asko dago oraindik edonork baten bat aurkitzeko”. Txalupatxoak topatuz gero nola jokatu behar den ere zehaztu du komunikazio arduradunak: “Argazki bat atera eta gurekin harremanetan jarri, non, noiz eta nork aurkitu duen adierazita. Guk gure datu basean gordeko dugu informazioa eta gure webgunean jarriko dugu argazkia, www.lifelema.eu-en”.

Hondakinen bilketa eta kudeaketarako protokolo bat zehaztea da helburua, eta, era berean, sakelakoentzat aplikazio bat sortzea. Ballesterosek azaldu duenez, “itsas korronteak, haizea, erreken emaria eta beste hainbat datu” kontuan hartuta “hondakinak non bilduko diren probabilitate handiz jakitea” da erronka. “Meteorologia mapen antzekoa litzateke, baina itsasoan eta hondakinen metaketarekin”.

Edonola ere, sentsibilizazioa da Life Lema proiektuaren zutabea, Ballesterosek ohartarazi duenez, hondakinen arazoa ez delako itsasoan hasten. “Guk beti nabarmentzen dugu arazoa ez dela hasten hondakinak itsasoan topatzen ditugunean. Arazoaren azken etapa litzateke hori. Lehenago hasten da arazoa, kontsumitzaileok hautatzen dugunarekin, enpresen produkzioarekin…”.

Horregatik, tailer, hitzaldi, eta sentsibilizazioa helburu duten jarduera asko antolatzen dute Life Lema egitasmoaren barruan. “Gizartea gero eta sentsibilizatuago dagoen arren, oraindik ere beharrezkoa delako gizartean sortzen ditugun hondakinekiko ardura handiagoa izatea”. Lan ildo hori garatuta, eskoletara ere joan ohi dira Life Lemako hezitzaileak, “hondakinen arazoari buruz hitz egitera, eta plastikoei buruzko tailerrak eskaintzera”. Ordiziako Goierri eskolakoa izan zen azken bisita.

Ehun tona zabor

Herritar guztientzako diren bestelako ekitaldietan ere parte hartu ohi dutela azaldu du Ballesterosek, udan Donostiako Ondarreta hondartzan antolatu zuten I. Itsasoaren Soinuak Festibala kasu: “Beste hainbat partaideren artean, Life Lema ere bertan egon zen, egurrezko txalupekin, eta hondakinen arazoaren inguruko azalpenak eman zizkieten inguratu ziren guztiei”. Egurrezko ontziak margotzeko tailer bat antolatu zuten festibalaren barruan, eta herritarrei txalupak uretaratzeko aukera eskaini zieten ondoren.

Hainbat itsasontziren laguntzarekin, Life Lema egitasmoaren barruan itsas hondakin bilketa ere egiten dute urtero; Pasaiako Mater itsasontzi museoak parte hartzen du tartean, eta, Ballesterosek iragarri duenez, hiru urteren buruan Bizkaiko golkotik ehun tona zabor biltzea da helburua. Horrez gain, urtean lau aldiz hondakin bilketa egiten dute hondartzetan, eskola eta boluntario taldeen laguntzarekin, Ospar protokoloa jarraituz —Hondartzetan Itsasoko Zaborra Zaintzeko Programa—. Ballesterosek nabarmendu duenez, “harrigarria” da bilketa horietan zenbat eta zein motatako hondakinak aurkitzen dituzten.

Sei eragile biltzen ditu Life Lema proiektuak: Miarritzeko Udala, RivagesProTech, Kosta Garbia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Azti eta Surfrider. Aldundiak koordinatzen du proiektua; itsas hondakinen arrantzan aritzen dira Miarritzeko Udala eta Kosta Garbia; proiektuaren arlo teknologikoaz arduratzen dira RivagesProTech eta Azti; eta komunikazioan eta sentsibilizazio lanetan aritzen dira Surfrider fundazioko kideak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.