Pribatutik publikora pausoa

Pribatutik publikora pausoa

Beñat Alberdi

Zerbitzu publikoak esku pribatuetara pasatzeko joera dago gaur egun, eta kontrako norabideko errealitate gutxi plazaratzen da normalean. Ezohikoa izaten da pauso hori, azken aldian zentzu bakarrean egin izan delako zerbitzuaren kudeatzailearen aldaketa. Hori bai, joera hori aldatu, eta kale garbiketa lanak berriro bere gain hartzea erabaki zuen duela bi urte Oñatiko Udalak; eta oso balorazio positiboa egin dute arduradunek.

Gidoi bertsua izaten dute errealitate askok, eta gisa horretakoa izan zuen Oñatik ere. 90eko hamarkadaren hasieran Oñatin ere zerbitzu publikoen esku zeuden kale garbiketa lanak. Enpresa pribatu bat sortzea erabaki zuten, ordea, bertako langileek, eta udalak euren esku utzi zuen lan horren kudeaketa. Hori izan zen lehen urratsa.

Dena den, urte batzuk geroago enpresa berri horrek ezin izan zuen bermatu zerbitzua, eta horretan eragina izan zuten erretiroek eta lanerako jende berriaren faltak. Egoera aztertuta, 1998an lehiaketa publikora deitu zuen udalak, eta FCCk irabazi zuen; hamar urterako kontratua sinatu zuten bi aldeek. Urteak igarota, zerbitzuaren kudeaketak ez zuen izan aldaketarik, “2011n gobernu talde berria sartu zen arte”, azaldu du Mikel Biain Oñatiko alkateak. 2008an iraungitako kale garbiketako kontratu bat aurkitu zuten agintera iritsita. Hitzarmena agortuta zegoen arren, bi aldeek ez zuten utzi bertan behera, eta, ondorioz, beste hamar urterako berritu zuten kontratua.

Beste bat izan zen, ordea, mugarria: “Oso eskasa zen aurreko zerbitzua; makinaria, esaterako, ez zuten berritu 1998tik. Enpresak ez zituen betetzen kontratuan zehaztuta zeuden baldintza gehienak”, nabarmendu du alkateak. Horren jakitun, zigor txostena ireki zioten FCCri eta isunak jartzen hasi ziren egoera hobetu asmoz. Isunak isun, amortizazio gisa makinen gastuari aurre egiteko dirua jasotzen jarraitzen zutela ohartu ziren, makina horiek ordurako amortizatuta egon arren. “Ez zegokigun gainkostu bat ordaintzen ari ginen, eta, kontratu hura etenda, beste bat sinatzea adostu genuen”.

Bi urteko iraupena zeukan, berez, hitzarmen berri horrek, baina urtebeteko probaldian sartu zuten. Emaitzarekin ez zirenez gustura gelditu, bertan behera utzi zuten akordioa, eta hortik abiatu zuten zerbitzua publiko bihurtzeko prozesua. “Beste lehiaketa publiko bat egitea edo zerbitzua publikoa bihurtzea, bi aukera horiek zeuden, eta bigarrena aukeratu genuen”. Pausoa emanda, erabakiaren ondorioak aztertzen hasi ziren udaleko teknikariak, kontu hartzaileak, zerbitzuetako arduradunak, idazkariak eta alkatea bera. Bere alorrari buruzko ikerketa egin zuen bakoitzak, eta argia izan zen emaitza: onuragarria da zerbitzua publiko bihurtzea.

2016an ekin zioten lanpostu publikoak berriz sortzeko bideari. Duela bi urte, dena den, indarrean zegoen udalei lanpostu berriak sortzea debekatzen zien Jose Luis Rodriguez Zapateroren legea. “‘Eskaintza berri bakar bat ere ezin da egin eta zuek hamar egin nahi dituzue?’ esaten ziguten”, azaldu du Oñatiko alkateak. “Baina udalak eskubidea dauka zerbitzu hori berreskuratzeko. Zergatik? Oinarrizko zerbitzu bat delako eta betidanik udalaren eskumena izan delako”.

Zerbitzu bat nola bihurtzen da, ordea, publiko? Bi aukera zeuzkaten: lanpostuak sortzeko lehiaketa publikora deitzea, edo, enpresa publiko bat sortuta, FCCko langileen lana subrogatzea. “Lehiaketara deitzea erabaki genuen. Langabezian zegoenari edo edozein herritarri aurkezteko aukera eskaintzea iruditu zitzaigun bidezkoena”.

Kalitatean, “hobekuntza”

Gehienetan bezala, ondorioak izan zituen erabakiak. Izan ere, subrogazioa lortu nahi zuten FCCko langileek, eta defendatu egin zituen afiliatuta zeuden sindikatuak. Zentzu horretan, eskaintzako pleguak bideratu egin zituzten urte askoan lanean jardun zutenei aukera erraztu asmoz; besteren artean, lan esperientzia ohi baino gehiago kontuan hartuta. Denek ez zuten lortu postu berria. “Baina pausorik bidezkoena eman genuela uste dut. Horrelakoa izan behar du eredu publikoak”.

Bi urte pasatuta, pozik dago alkatea. Bi zentzutan egin dute balorazio positiboa: alde batetik, arlo ekonomikoa kontuan hartuta, eta, bestetik, zerbitzuaren kalitatea aztertuta. Diru kontuei dagokienez, langile eta makina kopuru berberarekin, %30 jaitsi da urteko kostua. Are gehiago, hiru langile berri sartu dituzte, eta baita garbiketarako bi makina eta kamioia ere, eta berritu egin dute presiozko garbiketarako tresneria. FCCrekin zeukaten kontratuarekin alderatuta, kostuari dagokionez pixka bat merkeago ateratzen ari zaie gaur egungoa.

Alkateak zehaztu du, hala ere, aldaketaren helburua ez dela izan dirua aurreztea bakarrik: “Lantalde berriko pertsonak eta antolakuntza berria, horiek dira hobekuntzaren gako nagusiak”. Izan ere, Biainen hitzetan “hobekuntza nabarmena” igarri dute kalitatean. Udalak, orain, arduradun bat dauka kale garbiketarako; lehen, astean behin bertaratzen zen FCCko langile bat, eta langile horrek beste herri batzuen ardura ere bazeukan. “Ibilbide berriak sortu ditugu eta udaletik zuzenean kudeatzen dugu garbiketa. Beste kontrol modu bat da. Beste era batera antolatu gara”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.