Kutxak botoz betetzeko deia

Kutxak botoz betetzeko deia

Eider Goenaga Lizaso

Igandean, 09:00etan irekiko dituzte hauteslekuak Donostian eta Irunen. Bi hirietan urtebete inguru eman dute herri galdeketa prestatzen, eta azken astea “eromena” izaten ari dela adierazi dute Xabier Martinez Irungo Hartu Hitza taldeko bozeramaileak eta Donostia Galdeketa taldeko Nora Garciak, ez baita erraza horrelako galdeketa bat antolatzea. Ilusioz bizi dute, ordea, momentua: hitza emango diete 212.075 gipuzkoarri. Ez dute hitz egin nahi emaitza posibleari buruz, ez diote erronkarik jarri euren buruei, eta ez dute nahi presio gehigarririk. “Lorpen handia baita galdeketa egin ahal izatea bera”, azaldu du Garciak.

Donostiak eta Irunek pausoa emanda, Gipuzkoan lau herri baino ez dira geldituko galdeketa egiteko: Aia, Hondarribia, Mendaro eta Urnieta. Orain arte, 16 urtetik gorako 375.239 gipuzkoarrek izan dute botoa emateko aukera, eta igandean ia 600.000ra iritsiko dira boto eskubidea izan dutenak.

2013an Irunen bertan aurkeztu zen Gure Esku Dago (GED) mugimendua. Durango eta Iruñea lotu zituen giza katea egin zuten urtebete geroago, 2014ko ekainaren 8an. Lehen herri galdeketak egin zituzten urte berean: Etxarri-Aranatzen (Nafarroa) eta Arrankudiagan (Bizkaia). 2016koa izan zen, ordea, GEDren eskutik egindako lehen galdeketa olatua. 2016ko ekainaren 5ean Goierrin, Debagoienean eta Azpeitian egin zituzten galdeketak, eta baita Aramaion (Araba) eta Ispasterren (Bizkaia) ere. 124.000 gipuzkoar inguruk izan zuten bozkatzeko aukera, eta ia 36.000k parte hartu zuten erabakitzeko eskubidearen aldeko ariketa hartan.

Bi handienak

Pausoz pauso, galdeketa gehiago antolatuz joan dira ordutik, Gipuzkoako bi udalerri handienetara iritsi arte. 96.365 gipuzkoarrek bozkatu dute orain arteko herri galdeketetan; errolda osatzen zutenen %25,68k, alegia.

Aurreko herri galdeketetako metodologia bera erabili dute Donostian eta Irunen ere: galdeketa sustatuko duen taldea sortu, galdeketa antolatzeko behar den sinadura kopurua zehaztu eta hori lortzeko kanpaina egin, galdera ahalik eta modu adostuenean erabaki, eta, azkenik, galdeketa antolatu. Azken fase horretan daude Donostia eta Irun, eta prozesu osoa aberasgarria izan dela nabarmendu dute.

“Honaino heltzeko egin dugun bidea da garrantzitsuena, zalantzarik gabe: zenbat jende bildu den, zenbat jendek lan egin duen, herrian nolako lanketa egin den, nola lortu den galdera adostea, jende oso anitza elkartzea… Oso garrantzitsua izan da hori, eta niretzat galdeketa egitea bera da lorpenrik handiena”, esan du Irungo ordezkariak. “Gainera, gero eta jende gehiago joan zaigu batzen, eta oso garrantzitsua da hori”, gehitu du Donostiakoak.

Izan ere, azken asteotan jende asko ari da lanean igandean dena behar bezala irten dadin, eta are jende gehiago mobilizatuko da etzi. Garciak azaldu duenez, 37 bozkaleku ipiniko dituzte Donostian eta mila boluntario inguru ariko dira lanean: “Hori egunean bertan, baina gauza asko lotu behar dira aurretik: auzo bakoitzean mahaia non jarri, argindarra nola lortu, mahaiak, aulkiak eta ordenagailuak nondik atera, boto-paperak inprimatu eta banatu… Eta lorpena dela esaten dugu, herritarren borondateari esker lortu delako hori guztia. Jende asko aritu da lanean, eta zerbait eman edo utzi du lanean aritu ez den jende askok”.

Irunen txikiagoa izango da azpiegitura, baina hamasei bozkaleku ipiniko dira han ere eta hirurehun boluntario ariko dira lanean. “Badakigu galdeketa ez dela loteslea, baina, hasiera-hasieratik, gure asmoa izan da kontsulta hauteskundeak izango balira bezala antolatzea, seriotasun osoz, eta berme osoarekin. Hala, ahalegin berezia egin dugu mahaiak hauteskunde ofizialetako bozkalekuetatik ahalik eta hurbilen jartzeko, eta hala egin dugu ahal izan dugun kasuetan”.

GEDren eskutik antolatu dituzten beste galdeketetan bezala, ez Donostian eta ez Irunen, antolatzaileek ez dute zehaztu lortu beharreko kopururik. “Guk ez dugu zehaztu erronka bat, ez dugu kopururik jarri, baina niretzat, modu pertsonalean, emaitza ona litzateke %10eko parte hartzea”, dio Irungo ordezkariak. “Donostian ere ez dugu zehaztu kopururik, baina niri halako urduritasun bat sortzen dit horrek. Egia da galdeketa egitea bera jada lorpena dela, baina ilusioa sortzen du mugak hausteak eta emaitza on bat eskuratzeak”.

%5etik gorako babesarekin

Kopuruak kopuru, Donostiako zein Irungo erroldaren %5etik gorako babesarekin egingo dira galdeketak, sinadura bilketan kopuru hori gainditu behar izan zutelako bi hirietan. “Berez, sinadura bilketa antolatzeko %2ko langa jartzen du Gure Esku Dago-k, baina %5 aipatzen da Donostiako Udaleko araudian; beraz, %5eko erronka jarri genion geure buruari, eta lortu genuen. 8.000 sinadura lortu behar genituen, eta 9.500 inguru eskuratu genituen”. Negu gogorra izan zela eta sinadura bilketak kalean egin zirela kontuan hartuta, hainbeste herritarrek sinatzea ere lorpen gisa ikusten du Garciak. Jendearen “erantzun ona” aipatzen du Martinezek ere sinadura bilketaz ari denean: %5era iristeko 3.000 sinadura behar zituzten Irunen, eta ia 4.000 lortu zituzten.

Sinadura bilketaren ondoren, galdera adostea izan zen hurrengo pausoa bi hirietan. Irunen, sinatzera joandako jendeak egindako proposamenetatik atera zen galdera; eta, bozketa bidez egin beharrean, adostasunez aukeratu zuten. “Argi geneukan galderan bertan argi gelditu behar zela Irungo aniztasuna”, azaldu du Martinezek. Etorkizun politikoari buruzko galdera bakarrari erantzun beharko diote irundarrek igandean, baina hiru erantzun posible izango dituzte: euskal estatu burujabe eta independentea; estatus politiko berri bat, Espainiako Estatuaren barruan; edo gaur egungo Euskal Autonomia Erkidegoa.

Aurrez egindako galdeketetako galdera guztiak aztertu zituen lantalde bat eratu zuten Donostian, eta talde horrek lau galdera posible jarri zituen aukeran. “Donostia bezalako hiri batean oso zail ikusten genuen adostasuna lortzea, eta bozkatzeko eskatu genien herritarrei”. Udan hainbat aukera jarri zituzten herritarrek botoa emateko, eta hortik ateratako emaitzarekin, uda ostean ezagutarazi zuten galdera: “Nahi al duzu euskal herritarrok gure etorkizun politikoa geure kabuz eta aske erabakitzea?”. Bai edo ez erantzun beharko dute donostiarrek.

Garciaren arabera, galdeketaren data gerturatu ahala ilusio handiagoa antzematen da kalean. “Nik hasieran oso hotz ikusten nuen giroa, gazteen artean batez ere; baina hori aldatzen ari da pixkanaka. Asko kostatu zaigu jende gaztea erakartzea, adineko jendea mugitu baita batez ere, baina pixkanaka ematen du ari garela gazteak ere erakartzen”. Irunen ere gazteak erakartzea gehiago kostatu zaiela esan du Martinezek.

Dena den, Irunen ahalegin handiena askotariko jendea batzen eta sentsibilitate ezberdinak erakartzen egin dutela azaldu du Martinezek. “Gure artean hainbatetan hitz egin dugu horri buruz, eta hori ere lortu dugu. Duela hainbat urte pentsaezina izango zen prozesu honetan mahai berean eseri den jendea elkarrekin esertzea, eta, gainera, adostasunera iristea”. Ildo horretan, Martinezek azaldu du PSE-EEk ere interesa agertu duela prozesuarekiko. “Argi esan ziguten ez zutela parte hartuko, eta are gutxiago babestuko, baina interes bat egon da, eta prozesuaren gorabehera guztiak azaldu dizkiegu guk. Alkateari berari ere azaldu diogu galdeketaren protokoloa…”.

Erabakitzeko eskubidearen kontra dagoen jendea erakartzea ezinezko jotzen dute Garciak eta Martinezek; zail ikusten dute, halaber, estatus politiko berri bat nahi ez duen jendea bozkatzera joatea, baina etzi egingo dutena demokrazia ariketa bat izango dela nabarmendu dute, eta donostiar eta irundar guztiei dei egin diete kutxak botoz betetzeko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.