Bidasoak ez du ahaztu Ordoki

Bidasoak ez du ahaztu Ordoki

Asier Perez-Karkamo

Charles de Gaulle jeneralak Kepa Ordokiri zilarrezko izarra duen Gerra Gurutzea ezarri zionean, nazien aurka borrokatu ziren euskaldun guztiak izan zituen gogoan. Frantziak haien sakrifizioa sekula ez zuela ahaztuko ziurtatu zion De Gaullek irundarrari. Frantzian bezala, jaioterrian ere oroimenean gordeak dituzte Gernika batailoiko komandanteak II. Mundu Gerran egindakoak. Baionan hil zela 25 urte bete direnean, haren borroka aintzat hartzeko jardunaldiak antolatu ditu haren izena daraman eta Bidasoaren bi aldeetako herritarrak biltzen dituen Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan taldeak.

Urrian sortu zen elkartea, eta, Peli Lekuonaren arabera, faxismoaren biktimei aurpegia jartzea izango da helburu nagusietako bat: “Egun ez dago behin betiko biktimen erroldarik, eta ez dakigu zenbat jende fusilatu zuten edo zenbat pertsonak jasan zuen errepresioa, are gutxiago Bidasoa Beherean”. Faxisten kontrako borroka hari balioa ematea da beste helburua, eta hor kokatu dute Kepa Ordokiren heriotzaren mende laurdenari lotuta aste honetarako antolatu duten egitaraua.

Asteartean abiatu zituzten jardunaldiak Hondarribiko kultur etxean egin zuten Bertsotan faxismoari aurre bertso emanaldi gidatuarekin. Kepa Ordoki MHBko kide Joxan Elosegi aritu zen gidari lanetan, eta jardunaldien zioaz mintzatu zitzaien bertaratutakoei: “Kepa Ordoki eta faxismoari aurre egin zioten eta aurre egiten ari zaizkion guztiak kontuan hartzea, hori da gure izpiritua”.

Batez ere erbestean egindakoengatik ageri da Ordoki historiako testuetan, Gernika batailoiaren ekintza militarrengatik, eta erresistentziako buruzagietako bat izateagatik —Pierre Ordoki gisa zen ezaguna—. Baina 36ko gerran ere nabarmendu zen. 24 urte zituela Gipuzkoa, Bizkai eta Santanderko (Espainia) fronteetan borrokatu zen, San Andres batailoiko kapitain gisa. 1937ko abuztuan, preso hartu zuten, eta heriotzara kondenatu, baina ez zuten zigorra bete. Duesoko (Kantabria, Espainia) presondegian zegoela, handik ihes egitea lortu zuen irundarrak, eta Frantzian babestu zen. Han berriro atzeman zuten, eta Gurseko kontzentrazio esparrura (Okzitania) eraman zuten gatibu. Handik ere ihes egin zuen, 1942an, eta Mexikoraino iritsi zen.

Mexikon zegoela, Frantziako erresistentziarekin harremanetan jarri zen Eusko Jaurlaritzaren enkarguz, eta Gernika batailoia osatzen hasi zen. Hasierako asmoa zen Espainiara sartu eta han borrokatzea, baina baztertu egin zuten aukera hori; ekintza suizida zela uste zuten bai Ordokik eta bai Jose Antonio Agirre lehendakariak. Hala, Frantziako nazien kontrako erresistentziarekin bat egin zuen Gernika batailoiak, eta aliatuen esanetara jarri zen, Kanpotarren eta Marokoarren 8. Erregimentu Mistoaren barruan.

Ordoki buru zela, Medoc frontean borrokatu zen Gernika batailoia, Carnot brigadaren barruan. 1945eko apirilaren 14an, fronte atlantikoa askatzeko agindua jaso zuen irundarrak, eta Point de Graven (Okzitania) ezarrita zeuden alemaniarrak kanporatu zituzten euskal gudariek. “Balio moral eta militar handiko ekintza” hargatik jaso zuen zilarrezko izarra duen Gerra Gurutzea Ordokik. “Komandante, Frantziak inoiz ez du ahantziko euskaldunek herrialdea askatzen egindako esfortzua eta sakrifizioa”, horiexek izan ziren De Gaulleren hitzak, Gernika batailoia eta haren ikurrina ohorez eta militarki agurtu eta gero.

Beste aldera, bi heren

1936ko irailaren hasieran iritsi ziren Francoren aldekoak Irun kanpoaldera. Baina Elosegik nabarmendu duenez, gerra hasi zenetik sentitu zuten haien mehatxua: “45 eguneko kalbarioa izan zen gerra irundarrentzat; horregatik eraitsi behar izan zuten Endarlatsako zubia, Nafarroatik mehatxua sentitzen zutelako”. Urte hartako irailean beste zubi bat baliatu zuten irundarrek Hendaiara jauzi egiteko: Santiagokoa. “Biztanleen bi heren igaro ziren egun gutxian, eta beste horrenbeste gertatu zen Hondarribian”, erantsi du Elosegik. Milaka eta milaka bidasotarrek aurkitu zuten babesa Hendaia, Urruña, Ziburu, Getaria eta Ipar Euskal Herriko beste herri askotako etxe eta baserrietan.

Hori nahiko arrazoi da Kepa Ordoki 25 urte jardunaldien egitarau nagusia Hendaiako Zokoburun egiteko. Gaur, 19:00etan, Hegoa aretoan, Kepa Ordoki eta memoria historikoa goiburuarekin solasaldia hasiko da, Iñaki Egaña Euskal Memoria fundazioko lehendakaria eta Alberto Unamuno Markina-Xemeingo Ahaztuen Memoria elkarteko kidea partaide izango direla.

Bihar, berriz, omenaldi xumea egingo diete alde batean zein bestean faxisten aurka borrokatu zirenei, 12:30ean, Irungo Gernikako Arbolan. Kepa Ordoki MHBk bidasotarrei dei egin die bi ekitaldietara joan daitezen.

Leave a Reply

Your email address will not be published.