Fundazio bat sortu dute, V. mendeurrenerako

Fundazio bat sortu dute, V. mendeurrenerako

A. Arzallus

San Martzial Guduaren V. Mendeurrena fundazioa sortu dute, Irunen, 1522an izandako borrokaldi hura gogorarazteko helburuarekin. 500. urteurrenaren harira, datozen lau urteetan dozenaka ekitaldi antolatuko dituztela jakinarazi zuten joan den ostiralean, fundazioa aurkezteko Irungo Gazteluzarren egin zuten agerraldian.

Iñaki Arruabarena fundazioko presidenteak azaldu zituen proiektuaren nondik norakoak. “Irundar talde batek orain dela urtebete hasi zuten ibilbidearen emaitza da fundazio hau, eta gure hiriarentzat hain garrantzitsua izan zen gertakari historiko horren 500. urteurrena ospatzea du helburu, jende guztiak ezagut dezan zer gertatu zen urte horretan”.

Horretarako, 2022. urtea bukatu artean, era guztietako ekitaldi eta jarduerak egingo dituzte, “irundar guztiei zein eskualdeko merkataritzako, ostalaritzako eta bestelako elkarte eta erakundeei zuzendutakoak”. Fundazioak gauzatuko dituen ekinbideen artean aipagarrienak honako hauek dira: EHU Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera ikerketa beka bat sustatuko du, Gazteluzar gaztelua berritzen saiatuko da, Historiaren Nazioarteko Kongresu bat antolatuko du, eta ikastoletan bakearen inguruan dibulgazio programa bat eskainiko du. Horiez gain, antolatuko ditu hitzaldiak, tailerrak, erakusketak eta guduaren antzezpen bat ere bai, besteak beste. Arruabarrenaren hitzetan, baina, “ekitaldi horiek proiektuaren oinarria baino ez dira, hasiera, fundazioa hiritar guztiei irekita baitago eta proposamen guztiak ongi etorriak izango baitira”.

Irun, jomuga turistiko

1522. urtean Irunen gertatutakoa jakitera emateaz gain, fundazioak beste helburu bat ere baduela azaldu zuen presidenteak. “Irunen izena gure mugetatik kanpo entzunarazi nahi dugu, eta beste udalerrietako jendea gure hirira erakarri; funtsean, Irun helmuga turistiko bihurtu”. Hori horrela, aurreratu zuen 2020an Fiturrera joateko asmoa dutela, Madrilen egiten duten naziarteko turismo azokara, hain zuzen. Arruabarrenak eskertu egin zuen eskualdeko enpresek, Irungo Udalak eta Eusko Jaurlaritzak fundazioari egin dioten harrera, “guztiek erraztasunak baino ez dizkigutelako jarri”.

Fundazioak abenduaren 19rako antolatu du lehen ekitaldia. Viendo dentro en la tierra a los enemigos. Las compañías de Azcue y Ambulodi frente a las tropas franco-navarras (1521-1524) liburuaren aurkezpena, Irungo CBA liburutegian.

Leave a Reply

Your email address will not be published.