Kirola, inklusiorako bitarteko

Kirola, inklusiorako bitarteko

Aitziber Arzallus

Urrats txikiak eginez, helburu handiak lortzen ari dira Orioko Berdin-Berdinak kirol elkarteko kideak. Sei urte dira elkartea sortu zutela, arauz kanpoko funtzionaltasuna duten herritarren premiei erantzuteko asmoarekin. “Ikusi zuten aniztasun funtzionala edo behar bereziak dituzten pertsonek igeriketa eta beste hainbat kirol egiteko aukera egokirik ez zeukatela Orion, eta antolamendu egokirik ere ez zegoela herrian; gutxienez Zarautzera jo beharra zeukatela zerbait egin nahi bazuten”, dio Miren Salsamendi elkarteko presidenteak. Horregatik sortu zuten Berdin-Berdinak. Baina elkartea ez dute osatzen aniztasun funtzionala duten kideek bakarrik, “inklusioa” baitute helburu. Eta, Salsamendiren arabera, ez dute jorratzen edozein modutan: “Guk egiten duguna da alderantzizko inklusioa. Taldea sortu zen aniztasun funtzionala edo behar bereziak dituzten gaztetxoentzat, eta, pixkanaka, sartzen joan dira inolako urritasunik ez duten gazteak. Hori da gure aberastasuna”.

Hasieran, igeriketa bakarrik lantzen zuten, baina, urteekin, kirol aukera zabalduz joan dira. Aurten, batik bat, igeriketa eta arraunketa ari dira lantzen. “Eskaintza aldatzen doa, beharren arabera. Beste urte batzuetan, pilotako taldea ere atera izan dugu; aurten, ez, jenderik ez zegoelako”. Baina, berrikuntza gisa, aukeran badute beste jarduera bat: adinekoentzako ariketa fisikoa. “Orain arte, gaztetxoekin bakarrik aritzen ginen, baina erabaki dugu adinekoei ere aukera ematea. Haiekin jarduten gara bai igerilekuan eta bai lehorrean; patologiaren bat dutenak edo Osakidetzatik gugana bideratu dituztenak dabiltza gurekin, gaixotasunen bat izan ondoren komeni zaielako kirola egitea errehabilitatzeko. Dagoeneko sei bat lagun baditugu taldean”. Horietaz gain, laugarren urtez, Sormena eta Mugimendua ikastaroa antolatu dute Haur Hezkuntzako 4. eta 5. mailako umeentzat.

Herriko elkarteekin eta erakundeekin harreman estua du Berdin-Berdinak elkarteak, haien laguntza ezinbestekoa duelako jarduerak aurrera eramateko. Esate baterako, hitzarmenak dituzte Orio Arraunketa Elkartearekin eta Donostiako Ur Kirolak-ekin. “Arraunketa eskolan Gipuzkoa osoko gazteak dauzkagu eta, hitzarmen horiei esker, aste barruan, Donostia aldeko gazteek Ur Kirolak-en entrenatzen dute eta Orio, Zarautz eta Aiakoek, hemen, Orion. Gero, larunbatero, talde osoa Orion biltzen da, hemengo arraun elkarteak azpiegitura eta baliabideak badituelako guztiak hartzeko”.

Orioko Surf taldearekin elkarlanean ere antolatzen dituzte ekintzak. “Duela hiru urte herriko Surf elkarteak egun bat eskaini zigun, eta urteroko jarduera bihurtu da jada. Aurten, irailean egin genuen, eta herriko 50 boluntario etorri ziren: aurreko urteetakoak eta berriak. Batzuk, lehorrean aritu ziren tortillak eta ogitartekoak prestatzen; eta besteak, uretan. Egun biribila izan zen”.

Orioko Udalaren laguntza ere elkartearentzat ezinbestekoa dela adierazi du Salsamendik. “Elkarteko kideek kuotak ordaintzen dituzte, baina horrekin ez du ematen begirale profesionalen nominak ordaintzeko. Horretarako, ezinbestekoa dugu Orioko Udalak ematen digun diru laguntza”. Izan ere, boluntarioak bai, baina langile profesionalak ere badituzte elkartean. “Gaur egun, 30 bat lagun gaude elkartean. Zuzendaritzan hiru gaude, hirurak ere gurasoak eta boluntarioak, baina begiraleak kontratatu egiten ditugu, uste dugulako garrantzitsua dela profesional prestakuntzadunak izatea behar bereziak dituzten haurrekin ariko direnak. Horregatik, begiraleak nominapean ditugu, kontratatuta”. Igeriketan eta helduekin hiru begirale aritzen dira; eta arraunean, entrenatzaile boluntario bat eta bi begirale profesional. Horien laguntzaile, Soin Hezkuntza ikasten ari den gazte bat eta TAFYD ikasten ari den beste bat dituzte, praktikak egiten. “Eta, gero, gurasoak gaude, laguntzeko prest beti”.

Elkarteko kide batzuk, txapelketetan lehiatzeko prestatzen dira; beste batzuk entrenatu bakarrik egiten dira. Aurten, baina, “sekulako abentura” izan dutela kontatu du Salsamendik, Espainiako Arraunketa Txapelketan, Sevillan. “Gauza da, kirol egokituaren esparrua araututa dagoela, baina kirol inklusiboarena ez, eta gu hor sartzen gara, inklusiboan, txalupa berean aniztasun funtzionala dutenak eta ezer ez daukatenak batera joaten direlako”. Kadete mailako mutiletan zortziko bat atera, eta txapelketan parte hartzea pentsatu zuten, lehendabiziko aldiz.

Besteentzat eredu

Speaker-ak ez zekien ezer, eta mikrofonotik ari zen esaten Orioko txalupan zerbait gertatzen zela, azkenak zihoazelako”. Norbaitek esan zion arte txalupan zihoazela ume itsu bat eta beste hiru autismoarekin. “Hori jakin zutenean, erabateko jarrera aldaketa egon zen. Ikustekoa izan zen oriotarrei emaniko txalo zaparrada; heroiak izan ziren. Harrezkero, Sevillatik deitu digute kontatuz han ere txalupa inklusibo bat osatu dutela, eta Galizia aldean ere horretan ari dira. Lau bat zortziko osatuko bagina, datorren urtean geure artean zerbait egiteko moduan izango ginateke”. Marea Urdina dinamikaren sustatzaileak ere Berdin-Berdinak elkartekoekin harremanetan jarri dira, Azpeitia aldean antzeko egitasmoren bat martxan jartzea aztertzen ari direlako.

Lehiatu ala ez, irabazi ala galdu, Salsamendi “oso pozik” dago orain arteko lorpenekin: “Gure helburua zen Berdin-Berdinak herrian ikusaraztea, eta nik uste dut hein batean lortu dugula, ezagutzen gaituztela. Gure txikian, lanean jarraituko dugu, ekitaldiak antolatzen, ikusarazten eta ikasten”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.