Landa eremura, kutsatu gabe

Landa eremura, kutsatu gabe

Erik Gartzia Egaña

Oiartzunek 10.000 biztanle pasa ditu, zortzi auzotan banatuta. Elizalde auzoa litzateke erdigunea, eta hor daude zerbitzu gehienak: udal bulegoak, banketxeak, komertzio txiki gehienak, osasun zentroa, ikastetxeak… Beraz, oiartzuar gehienek, nahi eta nahi ez pasatu behar dute bertatik, euren eguneroko bizimoduan.

Inguruan beste lau auzo ditu Elizaldek, batez beste kaskotik kilometro batera daudenak. Milatik gora biztanle ditu auzo bakoitzak, eta, nolabait esateko, gerriko urbano bat osatzen dute. Hiru auzo falta dira udalerria osatzeko: Ergoien, Gurutze eta Karrika. Landa eremuan daude hirurak, eta horietara iristeko —edo bertatik mugitzeko— zailtasunak handiagoak dira.

Horregatik, 2012an, Oiartzungo Udalak eta Oiartzungo Taxilarien Elkarteak taxibus zerbitzua eskaintzeko hitzarmena sinatu zuten, nahiz eta aurretik ere ematen zen zerbitzu hori, nola hala. Zerbitzua ofizial bihurtzearekin batera, Londrestik taxi bat ekarri zuten, hangoen itxura berekoa, baina bolantea ezkerraldean zuena. Duela gutxi, baina, jubilatzeko ordua iritsi zitzaion taxibus horri. Koldo Elizasu Oiartzungo Taxilarien Elkarteko presidenteak onartu du arazo askotxo ematen ziela, Oiartzun eta Londres ez baitira igualak: “Auto hori Londresko fabrika batean egiten dute, eta Londres laua da. Oiartzunek, aldiz, malda gora eta malda behera asko ditu, baita abiadura moteltzeko plataformatxoak ere. Guretzat errusiar mendiak bezalakoak dira, eta hainbat matxura handi izan ditu taxiak”.

Ibilgailua ordeztera behartuta zeudenez, aurrerapauso bat ematea erabaki zuten: auto elektrikoa izatekoa. Mugikortasun iraunkorraren bidean hobekuntzak egiteko lehen urratsa dela esan du Eneritz Arbelaitz Oiartzungo alkateorde eta Ingurumen zinegotziak. Hiru faktore aipatu ditu Arbelaitzek aurrerapauso gisa. Batetik, garraio publikoa bultzatzearena: bidaia bakoitzak 50 zentimo balio du, eta egunean bederatzi aldiz lotzen du Elizalde beste auzoekin; bidaia gehienak goizetan dira. Bigarren faktorea da kontsumoan aurreztea; gasoilean, egunero, 18 euro gastatzen ziren, eta, orain 1,10 euro. Azkenik —eta aurrekoarekin lotuta—, kontsumo aurrezpena energia berriztagarriekin egitea zuten helburu. “Nahiz eta zerbitzu txiki bat izan, txikitik ere has daitekeela uste dugu”, zehaztu du.

Oiartzungo zerbitzuak, “txikia” izan arren, lortu du bere oihartzuna. Joan den astean, Irungo Ficoban, Go Mobility Europa Hegoaldeko mugikortasun iraunkorraren azokara gonbidatu zituzten Arbelaitz eta Elizasu, Oiartzungo taxibus zerbitzuaren berri eman zezaten. “Go Mobility kongresuan, hiri handien mugikortasun ereduak eta esperientziak azaldu zituzten. Gu deitu gintuzten esplikatzeko ibilgailu elektrikoek landa eremurako ere balio dutela, ez duela zertan autobus elektriko oso moderno bat izan”, esan du Arbelaitzek.

Autonomia sustatu

Zerbitzua jasotzen duten hiru auzoetan oiartzuarren %12,9 bizi dira. Udalerri sakabanatua denez, herritar guztiei aukera eman nahi diete mugitzeko. Arbelaitz: “Haurrek eta helduek beren autonomia propioa izatea nahi dugu. Auzo horietan, bada jendea auzogunetik bertatik urrun bizi dena, baserrietan. Herritar horiek autoa hartzen dute, eta, autoa hartuta, plazaraino etortzen dira. Taxibusarekin, auzogunean eta inguruan bizi diren horiei aukera bat eman nahi diegu”.

Zerbitzuak egunean, batez beste, 23-27 erabiltzaile izaten ditu; hilean, 500 inguru. Ia huskeria da beste auzoak lotzen dituen Xorrola autobusarekin konparatuta: 73.371 erabiltzaile izan zituen iaz. Horrek, Arbelaitzen iritziz, ez du esan nahi Xorrola garrantzitsuagoa denik. “Taxibusaren erabiltzaileek balorazio oso ona egiten dute, arnasa pixka bat ematen dielako eta ez dutelako beste inorenganako menpekotasunik”.

Zerbitzuarekin ez ezik, erabiltzaileak pozik daude ibilgailu berriarekin ere. Hala ziurtatu du Elizasuk: “Autoak beste tankera bat dauka, eta suabe-suabe doala esaten digute, beste gauza bat dela han bidaiatzea”. Taxilariak ere pozik daude auto berriarekin: kontsumoa txikiagoa da. “Horretan, pixka bat aitzindariak gara”, esan du Elizasuk.

Bi hilabete pasatu dira estreinatu zutenetik, eta oraingoz ongi doala dio Elizasuk, batez ere errepidean. Hori bai, Oiartzungo taxi geltokira iristean arazoak dituzte, oinezkoentzako kale batean baitago: “Motorrak ez du soinurik egiten, eta poliki-poliki joaten gara, sustorik ez emateko. Konpontzeko, bozina bat jarri beharko diogu”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.