Sagardoa bere testuinguruan

Sagardoa bere testuinguruan

Eider Goenaga Lizaso

Txotx egitearena ez da betidanik datorren ohitura bat. Garai batean, beste modu batera jokatzen zuten sagardo ekoizleek, eta, 2014. urtean, garai bateko ohitura zahar hori berpizteko ahaleginean, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak Sagardo Apurua jarri zuen martxan. Bosgarren ekitaldia da aurtengoa. Atzo hasi zen, eta igande eguerdira bitartean iraungo du.

Olatz Mitxelena Gipuzkoako Sagardogileen Elkartearen Sagardoa Route-eko koordinatzaileak sagardo apurua zer zen eta nola egiten zuten azaldu du: “Txotx garaia oraindik existitzen ez zenean, sagardo apurua egiten zuten etxeetan. Etxean sagardoa ekoizten zutenek egun batean etxera gonbidatzen zituzten bere ingurukoak, bere bezeroak eta, oro har, bere sagardoa kontsumituko zuen jendea”. Sagardo berria dastatzen zuten etxean, eta abenduan izaten zen, Eguberrien inguruan betiere.

Sagardo Apurua egiteko data, beraz, nahiko argi zeukaten hasieratik. Beste kontu bat zen nola irudikatu garai hartako baserri bat Donostian. “Baserri dolarea berreraikitzea eta erreproduzitzea erabaki zen, Igartubeiti baserriaren eredua hartuta. Igartubeiti da, oraintxe, martxan dagoen XVI. mendeko dolare baserri bakarra”. Karpa berezi baten bidez lortu zuten Igartubeiti Donostiako Bulebarrera eramatea. “Karpa oso berezia da. Aurreko aldea dena egurra da, eta baserri itxura du. Barruan ere baserriaren elementu guztiak ditu, bere balkoi jarraituarekin, bere zakuekin…”. Bi giroko baserria da, gainera. Alde zaharra edo tradizionala eta alde berria edo modernoa uztartzen ditu. “Zaharra ilunagoa da, eta berria, berriz, erabat gardena da”, dio Mitxelenak.

Sagardo Apurua Donostian egitea erabaki zuten. “Eta zergatik Donostian? Bueno, bada, Donostian, Alde Zaharrean bakarrik, ehun sagardotegi baino gehiago zeudelako garai batean”. Sagardotegi haiek ez ziren egungo sagardotegien antzekoak. Tabernak ziren, euren upategia izaten zuten, baina ez ziren ekoizleak. “Dolare baserriak ziren ekoizleak, fabrikak, eta horregatik zeuden Donostia inguruan sagardoa ekoizten zuten hainbeste eta hainbeste baserri: Aieten, Altzan, Loiolan, Intxaurrondon, Astigarragan… Saiatzen ziren baserri horiek hiribildutik ez oso urruti jartzen, baina, era berean, sagastien ondoan egon behar zuten”.

Sagardoaren hiriburu

Sagardo ekoizleek Donostiara jaisten zuten euren produktua, Donostia baitzen sagardoaren salerosketa gune nagusia. “Bi arrazoi nagusi zeuden hori horrela izateko: batetik, Urumea ibaia, eta produktuak jaisteko erraztasuna; bestetik, itsasoa, gero sagardoa zabaltzeko erabiltzen zutena”. Sagardo Apurua egiteko Donostia aukeratzeak, beraz, bazuen bere arrazoia. Mitxelenaren arabera, Donostia “sagardoaren hiriburua” izan zen aspaldian, eta lau egunez berriro ere lehengora itzultzea da euren helburua.

Sagardo Apuruak, ordea, “jana eta edana baino gehiago” izan nahi du: “Jana eta edana badago, noski, baina eskaintza zabalagoa da, kultura ere bada. Gure helburua beti izan da produktua plazaratzea, baina plazaratzen dugu agertoki oso landu eta zainduarekin. Sagardoa da produktua, baina guk produktuaren kontakizun osoa egiten dugu, testuinguruan jartzen dugu. Horregatik sortu genuen Sagardoa Route kontzeptua; sagardoa aintzat hartu, eta gure jatorrira bidaiatzea da helburua”. Olatz Mitxelenaren esanetan, eszenifikazio hori euren jarduera guztietan —Donostiako Sagardo Eguna, Ordiziko Sagardo Eguna, sagardo txapelketa…— zaintzen dute, baina Sagardo Apuruan bereziki zaintzen dute. “Urtea biribiltzeko jarduera da guretzat Sagardo Apurua”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.