Eskualdeka, oreka handiagoa

Eskualdeka, oreka handiagoa

A. Arzallus

Gipuzkoako batez besteko errenta 21.714 eurokoa da —18.306 euro, zergak ordainduta—. Araban eta Bizkaian baino altuagoa da datua, eta 2015etik 2016ra %5,1 hazi zen, gainera. Dena dela, herritarren %60 bizi dira batez besteko horren azpitik eta %11k ez dute inolako diru sarrerarik. Lanaren errentak dira diru sarreren ia %60, eta transferentziak ia %30 —pentsioak eta laguntza sozialak—.

Ordea, oraindik ere alde handia dago gizonek eta emakumeek jasotzen duten errentaren artean. Batez beste, 27.202 eurokoa da gizonena; emakumeena, berriz, 16.556 eurokoa, %39 txikiagoa. Beste horrenbeste gertatzen da familiako diru sarrera nagusia batena edo bestearena denean. Diru sarrera nagusia gizonezkoarena denean, batez beste %22 handiagoa da familiaren errenta.

Mikel Zurbano ekonomialariaren ustez, errentaren banaketan dagoen genero arrakala indartsuaren froga dira datu horiek. “Soldata apaleko lanpostuetako gehiengoa osatzen dute emakumeek; esate baterako, zerbitzuen sektoreko zaintza lanak edo garbiketa lanak. Horrek eragin zuzena du errentaren banaketaren genero arrakalan. Baina lanpostu kualifikatu ugaritan, lan berbera eginda, gizonen soldatak emakumeenak baino handiagoak dira. Asko dago oraindik egiteko”.

Eskualdeka, parekatuagoa da egoera. Errenta pertsonalari dagokionez, Gipuzkoako batez bestekoaren bueltan dabiltza zazpi eskualdetatik bost, mila euroren gorabeherarik gabe. Debagoieneko herritarrek dituzte diru sarrerarik handienak —urtean 23.323 euro batez beste—; txikienak, berriz, Bidasokoek (18.854 euro).

Zurbanoren arabera, langabezia tasa da faktorerik esanguratsuena. “Bidasoa Beherean dago langabezia handiena, eta horrek zuzenean eragiten du familien errentan”. Bada beste arrazoi bat ere: “Lanaren egitura eta kualifikazio maila. Zenbat eta lanpostu gehiago izan industria arloan, orduan eta handiagoa da langileen soldata. Alderantziz, zerbitzuetako enplegua zabaldua bada, eskualdean apalagoa izango da batez besteko errenta, oso soldata apala eskuratzen dutelako hainbat zerbitzutako lanek”. Eskualdeetako errenta desberdintasunak desagertzea “zaila” den arren, Zurbanoren ustez “enplegu politika eta industria politika egokiak bultzatzea” da bidea. “Tokian tokira egokituak, betiere”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.