Hitza, barre eragiteko tresna bakar

Hitza, barre eragiteko tresna bakar

Eider Goenaga Lizaso

Agertoki huts bat, eta dozenaka begi oholtza gainean dagoen pertsona bakar horri begira. Ez ileorderik, ez makillaje berezirik, ez mozorrorik… hitza da bitarteko bakarra parean daudenei barrea eragiteko. Barrea eragitea negarra eragitea baino zailagoa dela diote gehienek, baina horretan gogotik saiatuko dira, gaur gauean, Donostia Hiria Comedy bakarrizketa lehiaketaren finalera iritsi diren hiru umoregileak: Telmo Irureta zumaiarra, Jon Martinez Txiki donostiarra eta Auritz Zabaleta irundarra.

Azaroaren 21ean eta 22an egin zituzten sailkapen saioak, Donostiako Dabadaba aretoan, eta finala jokatuko dute gaur, 20:30ean, Tabakalerako Kutxa Kultur Klubean. Aitor Nabarrok hogei urte baino gehiago daramatza oholtza gainera igo eta, era batera edo bestera, umorea egiten. Antzerkia, dantza, bakarrizketak… denetarik landu du, agertokiaren gainean normalki; baina antolatzaile lanetan ari da oraingoan. Berak eta Laura Muñoz bere bikotekide artistikoak antolatu dute Donostia Hiria Comedy.

Nabarro eta Muñoz duela bizpahiru urte hasi ziren elkarrekin lanean, Ultramarinos kultur taldean, eta ia aldi berean sortu zitzaien dantza eta antzerkiarekin lotutako lehiaketa bat antolatzeko ideia. “Gure hasierako asmoa ez zen bakarrizketa lehiaketa bat antolatzea. Kale antzerkia eta dantza uztartuko zituen zerbait egiten ahalegindu ginen, baina oso zaila zela ikusi genuen; zailtasun handiak jarri zizkiguten”. Behin-behinean ideia baztertzea erabaki zuten, baina ez zuten etsi.

Tabakaleran ikuskizun pare bat egin dute aurten bikote gisa. “Kutxa Kultur Klubean hankatxoa sartzea lortu genuen, eta, jada ezagutzen gintuztenez, pentsatu genuen une egokia zela gure proposamena egiteko. Bakarrizketa lehiaketa egitea proposatu genuen, eta oso harrera ona egin zion jendeak”. Berehala jarri ziren martxan.

“Hiru gipuzkoar iritsi dira finalera. Eta bitxia da, hasieran lehiaketan parte hartzeko interesa agertu zutenen artean ez baitzegoen ia gipuzkoarrik. Madrildarrak eta bizkaitarrak ziren gehienak”. Azkenean, bost lagunek parte hartu zuten Dabadabako sailkapen saioan. “Tamalez, denak gizonak; hasieran emakume batek ere eman zuen izena, Esther Povedak, baina, agenda arazoengatik, ezin izan zen etorri”. Dabadabako saioan, kanpoan gelditu ziren Juan Manuel Arrollo eta Mario Simancas; eta Iruretak, Martinezek eta Zabaletak jokatuko dute finala. “Telmok eta Txikik esperientzia handia dute bakarrizketak egiten, urteak daramatzate oholtza gainean; Zabaleta hasiberria da. Ikusiko dugu zer gertatzen den finalean”.

Jendea bilduko den esperantza du Nabarrok. “Dabadaban eserleku guztiak bete ziren eta oso giro polita sortu zen, konexioa egon zen aktoreen eta ikusleen artean. Ea gaur, Tabakaleran, gauza bera lortzen dugun”. Itxaropena du, halaber, bakarrizketa lehiaketari jarraipena emateko, eta datozen urteetan umoregile gehiago biltzeko.

Bakarra euskaraz

Parte hartu duten bost bakarlarietatik bakarrak egin du euskaraz: Jon Martinez Txiki-k, eta, hasiera batean, bera izango da finalean euskaraz egingo duen bakarra ere. “Bakarrizketak egiterakoan, umorea egiterakoan, euskaraz egitea da nire marra gorrietako bat”, azaldu du Txikik berak. Euskaraz bakarrizketak egiten aritzen den jende gutxi dagoela diotenean, Martinezek argi du erantzuna. “Egia da, bai, baina antzerkian ere jende gutxi ibiltzen da”. Esperientzia luzea du oholtza gainean, eta 2002tik ari da bakarrizketak egiten, herriz herri. Horren ondorioz, oso argi du umorea euskaraz egitea beste edozein hizkuntzatan egitea bezain erraza edo zaila dela. “Umorea euskaraz egin daitekeela? Zalantzarik gabe, eta oso erraz, gainera. Telebistan lantzen dute umorea euskaraz, eta antzerkian ere bai. Baina antzerkian beste modu batera egiten da umorea, eta hortik jotzen dut nik. Euskaldunoi gertatzen zaizkigun gauzekin, inguruko gauzekin egiten dut nik umorea; gure inguruan badago nahikoa material umorea egiteko”.

Bakarrizketa batean sekretua ikusleekin konexioa lortzea dela azaldu du, eta hori nola egiten duen ere kontatu du: “Jendearen arreta lortu behar da lehen bost minutuetan, ikuslea engantxatu behar da. Eta behin jendea zeureganatuta, orduan has zaitezke prestatutako testua botatzen. Bost minutu horietan jendearekin konexioa lortuz gero, orduan bai egiten dute barre gogotik”. Gaur gauean horretan saiatuko dira hiru lehiakideak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.