Irla bat osasun sisteman

Irla bat osasun sisteman

Itzea Urkizu Arsuaga

Zortzi urteko soka luzea osatu du, honezkero, Tolosaldeko osasun publikoaren aferak. 2011 hasieran Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde (TOPA) koordinakundea sortu zutenetik, bertako kideek eskualdeko udaletxeetan, Batzar Nagusietan, Eusko Legebiltzarrean eta kalean hamaika aldiz eskatu dute eskualde horretarako kudeaketa publikoa duen ospitale publiko bat. Baina, denbora tarte horretan guztian, soka tenkatu baino ez da egin herritarren, koordinakundearen eta ordezkari politikoen artean.

Azken aldarriak Eibarko ospitalearen atarian plazaratu berri ditu TOPAk, joan den urriaren 22an zentro berria inauguratu ondoren; Debagoiena eskualdeko bigarren ospitale publikoa da. 75.000 herritarri emango die zerbitzua erietxeak, bost solairutan eta 20.000 metro koadroan, eta Javi Arana TOPA koordinakundeko ordezkariak “gehiegikeriatzat” jo du azpiegitura: “2015ean Mendaroko ospitaleko zuzendariak zehaztu zuen eskualde hari komeniko litzaiokeela epe ertaineko egonaldietarako 10-15 ohe inguru izatea. Bada, orain, 72 ohe jarri dituzte ospitale berrian”.

Aranak dio eskualdeko osasun zerbitzu guztiak “hustu” egin dituztela ospitalea bete ahal izateko: “Batetik, Eibarko Torrekuako osasun zentroa, buruko gaixotasunen Eibarko zentroa, eta Etengabeko Arretako Gunea. Eta Mendaroko ospitaletik ere Eibarko ospitale berrira lekualdatu dituzte espezialistak, X izpien gunea eta errehabilitazioa”.

Beren aldarriak ez direla “kontu ideologikoak”, hala nabarmendu du TOPAko kideak, eta “datuetan” oinarritzen dutela beren diskurtsoa: “Beti esan izan dugu guk kalitatean galtzen ditugula enpresa pribatuak eskuratzen dituen etekinak. Eta, ondorioz, ospitale publiko bat eskatzen dugu. Zergatik? Ekitateagatik. Guk ez dugu pribilegiorik nahi; gainerako eskualdeek dutena eskatzen dugu, ez besterik”.

Patxi Lopezen garaitik

Kontrara, ordea, Aranak iradoki du Eibarren ospitale berri bat eraikitzeko arrazoiak “politikoak eta higiezinen arlokoak” izan direla. Azaldu duenez, Patxi Lopez lehendakari zela, ospitale hori egiteko hitza eman zien Debagoieneko herritarrei, eta, hori gaur egunera ekarrita, “estrategia politiko bat” ikusten du azpian: “EAJk ospitalea egiteko baldintza onartu du PSE-EEren botoaren truke, eta izugarri haserretu gaitu horrek”.

Gaur egun, Tolosaldeko osasun eskualdeak Tolosaldeko 28 herriek, Andoainek eta Legorretak— Asuncion klinika du erreferentziazko lehen ospitale. Kudeaketa pribatua duen ospitale publiko bat da, eta zentroak 65.000 herritarri ematen die zerbitzua. 2011n borrokan hasi zirenetik, TOPAk ia 19.000 sinadura bildu zituen bere aldarriekin bat egiten zutenak, baina erabateko publikotasunaren eta publikoa eta pribatua uztartzearen arteko talkak ez du irtenbiderik izan oraindik. Areago, Tolosako Asuncion klinikaren inguruko protestak beste zenbait bidetara ere zabaldu dira denbora horretan guztian.

2012ko maiatzean Inviza SA Asuncion klinikako enpresa kudeatzaileak murriztu egin zituen langileen soldatak, Eusko Jaurlaritzak ematen zien diru laguntza jaitsi egin zela argudiatuz. Langile batzordeak negoziazioei ekin nahi izan zien orduan, eta, besteak beste, urteko datu ekonomikoak eskatu zizkioten enpresari; ukatu egin zizkieten.

Orduan, langileek salaketa jarri, eta epaileak arrazoia eman zien 2013ko urrian. Jesus Gomez Montoia Inviza SAko jabeari buruzko informazioa plazaratu zuten epaiketan froga moduan baliatutako zenbait datuk. Hala, Tolosako LAB sindikatuko ordezkariek 2013an azaldu zuten enpresa sare bat sortua zuela Gomez Montoiak, Inviza SA enpresa kaudimengabe deklaratu eta Asuncion klinikaren zor historikoa ez ordaintzeko.

Zorra murriztu ezinik

Izan ere, Asuncion klinikak hondoa jo zuen 1994an, eta Inviza SAk erosi zuen zentroa; lau milioi euroko zorra zuen. Asuncion ospitale itunpekoa izaki, Gomez Montoiak hitzarmena sinatu zuen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin: urtero jasotzen zuen hogei milioi euro inguruko diru laguntzetatik, gradualki, zorra kitatuz joateko konpromisoa hartu zuen, eta, halaber, 2001etik aurrera, irabazien %75 zulo ekonomikoa konpontzera bideratzekoa. Urte horietan guztietan zorra ia ez da murriztu, ordea.

Ordutik, osasun publikoaren gaia etengabeko albiste emari izan da Tolosaldean: espezialitate zenbait anbulatoriotik kendu eta Asuncionen jarri zituzten; Donostia ospitalea ere erreferentziazko ospitale izateko aukera kendu zieten Tolosaldeko herritarrei, eta Tolosaldeko ESIa berrantolatu zuten; Asuncioneko langileek sei hilabeteko greba eten zuten joan den maiatzean… Eta, bitartean, TOPAk eta zenbait alderdi politikok osasun mahai bat osa dezaten eskatzen jarraitzen dute.

Aranak argi dauka: “Ardi beltzak gara, eta beti esan izan dugu: Tolosaldekoa esperientzia pilotua da, pribatizazioaren alde. Bada zerbait, eta ezkutuan egon litekeen informazioaren bila ari gara”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.