Salgai daudenak alokatuta

Salgai daudenak alokatuta

A. Arzallus

Etxebizitza oso gutxi daude errentan, eta are gutxiago gazteentzat. Bilatzen jakitea da kontua. Jone Arregik eta haren bikotekideak, esaterako, urtebete egingo dute aurki euren kontura bizitzen. 23 urte ditu Arregik, oñatiarra da, ikaslea, eta Azpeitian bizi da, alokairuan, iazko otsailetik. “Egia esan, dezenteko zortea izan genuen, pare bat hilabetean topatu baikenuen guretzako moduko etxe bat”.

Aurrena, Interneteko webguneetan hasi ziren bila. “Ikusi genuen herrian bazeudela pare bat etxebizitza alokairuan, eta haiek eskaintzen zituzten etxe agentzietara joan ginen, baina ez ziren guretzako modukoak”. Bila jarraitu zuten, eta, azkenean, jakin zuten ezagun batek bazuela etxebizitza bat. “Nire bikotekidearen amonaren lagun baten etxebizitzaren berri izan genuen. Inon ez zuen eskaintzarik jarria, baina galdetu egin genion, eta baietz esan zigun, alokatuko zigula”. Halaxe, baldintzak hitzartu zituzten, eta kontratua sinatu zuten.

Lanean ari da Arregiren bikotekidea, eta Arregik ikasi egiten du batez ere, nahiz eta asteburu batzuetan lan ere egiten duen. “Baldintzak betetzen genituenez, Azpeitiko Udalak alokairua pagatzen laguntzeko gazteei ematen dien diru laguntza eskatu genuen, eta orain dela gutxi erantzun digute ordaindu dugun errentaren %30 emango digutela”. Oraingoz, alokairuan bizitzen jarraitzeko asmoa dute Arregik eta haren bikotekideak. “Agian, aurrerago, aztertuko dugu etxebizitza bat erostea, baina, oraingoz, ez gara ari horrelakoetan pentsatzen”.

Jon Larrañagak, berriz, hilabete batzuk daramatza alokairuan. Hark ere ez zuen denbora askorik behar izan beretzako moduko etxea topatzeko, baina bila ibili zen denboran ondo saiatu zelako. 31 urte ditu Larrañagak, eta azpeitiarra da. Lau bat urte munduan zehar lanean eta bidaiatzen pasatu ostean, irailean iritsi zen herrira. “Gurasoen etxera bueltatu nintzen hasieran, baina berehala hasi nintzen etxe bila”. Berriz ikasketei heldu dienez, kontuak egin behar izan zituen bere kontura bizitzeko modurik bazuen jakiteko. “Asteburuetan lan eginda irabazten dudanarekin eta alokairua ordaintzen laguntzeko udalak ematen duen laguntzarekin, ikusi nuen banuela modua neure kontura bizitzen jartzeko, eta animatu egin nintzen”. Herriko etxe agentzietan galdetuz eta Interneteko atarietan begiratuz ekin zion bilaketari. “Agentzia horietako batean etxebizitza bat bazutela esan zidaten, baina hilean 650 euroko errenta zuen, handiegia, udalak ematen duen laguntza jasotzeko 550 euro baita gehienezko errenta”.

Beste eskaintzarik topatzen ez zuela eta, salgai zeuden etxebizitzekin saiatzea pentsatu zuen. “Webgune batean ikusi nuen herrian hamahiru etxebizitza zeudela salgai, eta guztien jabeei idatzi nien. Batzuek erantzun zidaten ordurako alokatua zutela etxea, baina batek esan zidan libre zeukala. Etxea ikusi nuen, niretzako modukoa iruditu zitzaidan, eta hartu egin nuen”. Hilean 550 euro ordaintzen du, udalak ematen duen laguntza jasotzeko gehienez ordain daitekeen zenbatekoa.

Kontratuaren iraupenarekin, ordea, izan zituen gorabeheratxo batzuk Larrañagak. “Kontratua sinatzerakoan ez nintzen ohartu, baina hiru hilabeterako bakarrik sinatu nuen. Udalera diru laguntza eskatzera joan nintzenean, ezin nuela esan zidaten, baldintzak ez nituela betetzen, kontratuak gutxienez urtebetekoa behar zuelako izan. Etxe jabearengana joan nintzen, eta aldarazi egin nion”. Kontratu berriarekin, diru laguntza eskatu, eta orduan bai, alokairuaren erdia ordainduko diola erantzun zion udalak.

Ane Bereziartuari, berriz, ustekabean etorri zitzaion alokairuan bizitzen jartzeko lehendabiziko aukera. “29 urte nituen, eta buruan neukan gurasoen etxetik alde egiteko ideia, baina artean ez nenbilen etxe bila. Ezagun batek etxe bat libre utzi behar zuela jakin nuen, ordea, eta probatzea erabaki nuen”. Halaxe, Azkoitira joan zen bizitzera. “Etxe txikia eta merkea zen; horregatik hartu nuen, baina ez zegoen oso baldintza onetan”.

Txakurra, oztopo

Beste etxe baten bila hasi zen, Azpeitian. “Herrian dauden etxe agentzia guztietara joan nintzen. Pare bat etxe eskaini zizkidaten, baina txakurra daukat, eta hori oztopoa da etxea bilatzeko orduan, jabeek atzera egiten baitute eta lehentasuna ematen baitiete txakurrik ez dutenei”. Jabeetako batekin hitz egin zuen Bereziartuak, eta kontratuan klausula berezi bat jartzea hitzartu zuten. “Klausula horrek dio txakurrak arazoak sortzen baditu kontratua bukatu aurretik etxea utzi beharko dudala”. Urtebeterako kontratua adostu zuten, eta iazko maiatzetik alokairuan bizi da Bereziartua. “Berez, salgai zegoen ni bizi naizen etxea, eta ez alokagai. Urtebeteren ondoren ere hemen jarraitu nahi nuke, baina ikusiko dugu”. Hark ere udalaren laguntza jasotzen du alokairua pagatzeko. “Sekulako laguntza da. Bestela, gurasoen etxean jarraitu beharko nuke”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.