Izarretan erantzun hobeak direlakoan

Izarretan erantzun hobeak direlakoan

Beñat Alberdi

Gauza jakina da ura eta olioa ez direla nahasten; ez, behintzat, Lurrean. Hainbat faktorek eragiten dute gertaera hori, dentsitateak zein presioak, esaterako. Baina grabitateak ere zeresan nabarmena dauka harreman zail horretan. Finean, grabitateak eragiten du likido bat behera erakartzea. Baina zer gertatzen da grabitatea kenduz gero? Mondragon Unibertsitateko Fluidoen Mekanika ikerketa taldeak hari horri segika bidali du espaziora fullereno nanofluidoa. Izan ere, ura eta olioa ez dira elkartuko egoera edozein dela ere, baina harremana ez da berdina izango.

Fluidoen higidura ikertzeaz arduratzen da Mondragon Unibertsitateko Fluidoen Mekanika taldea; hau da, objektu fluidoen mugimenduaz. Baina zer da fluido bat? “Edozein indar aplikatuta deformatzen den materia da fluidoa, hausten ez dena”, azaldu du Mounir Bou-Ali ikerketa taldeko arduradunak. Indar kantitate izugarriari eusteko erresistentzia izanda ere hausten bada, ez da fluido bat; solidoa da.

Hiru bloketan bereizi dituzte ikerketak. Lerro termofluidoa, aerodinamikoa eta termodinamikoa daukate batetik. Aztertutako fluidoari edo fluido nahasketari egoera aldatzea da kontua kasu horretan; hots, aztertutako fluidoari tenperatura edo presioa aldatzea, esaterako, eta egoera berrian daukan portaera ikertzea.

Lerro magnetoreologikoa daukate bigarrenik. Fluido bati kanpo magnetiko bat aplikatuz gero jasaten dituen aldaketak ikuskatzen dituzte kasu horretan. “Substantzia batzuk gogortu egiten dira imanekin. Luxuzko kotxeen motelgailuetan erabiltzen da hori, adibidez”. Ahalik eta egoera gehienetan ikertutako materiaren portaera ezagutu nahi izaten dute bi lerro horiekin. Izan ere, fluido asko aplikatzen dira eguneroko jardunean, eta gerora erabilerarik onena bermatzeko bakoitzaren erantzuna nolakoa den aztertzen dute.

Petrolioa ateratzen laguntzeko osatu duten ikerketa da adibiderik onena. “Indusketa lanei ekin aurretik, petrolioa non dagoen eta petrolio horrek zenbateko kalitatea daukan jakin nahi izaten dute”, nabarmendu du Bou-Alik. “Zenbaki kodeak erabiltzen dira horretarako. Baina zenbait koefiziente eskatzen dituzte kodeek”. Petrolio enpresek lagin bat ateratzen dute hobitik balioak lortu ahal izateko. Lagina aztertu eta ahal beste datu lortzen dituzte. Fluidoen Mekanika taldearen lanari esker, lor daitekeen informazio horretan dago aldea: “Makina batzuk sortu ditugu, eta horiei esker beste hainbat ezaugarri zehaztu ditzakegu. Mundu mailan makina horiek bakarrik zehaztu ditzakete ezaugarri horiek”. Eta datu horiei esker, noski, zorrotzagoa da petrolio hobiaren zehaztapena.

Hirugarren lerroak dauka, ordea, zerikusi zuzena fullereno nanofluidoa espaziora bidaltzearekin. Fluido konplexuak aztertzen dituzte bertan. “Beste bi blokeetan egoera berriak sortzen ditugu, ondoren nola moldatzen diren ikusteko. Kasu honetan, berriz, fluidoa bera ezagutu nahi izaten dugu, hutsetik hasita”. Funtsean, probak egitea eta fluidoaren ezaugarriak zehaztea da oinarria. Behin ezaugarri horiek ondo ezagututa, ikusiko da zein aplikazio eman dakiokeen”.

Espazioaren arau propioak

Baina fluidoa zertarako bidali behar da espaziora? “Egoera berriak sortu nahi izaten ditugu beti ikerketak osatzeko. Baina muga-mugan gabiltza. Ikerketa askok ez dute aurrera egiten, ezin dutelako egin esperimentu gehiago”, zehaztu du ikerketa taldeko arduradunak. Munduak bere joko arauak dauzka azken finean, eta ezin da jokatu arau horietatik kanpo. Espazioak, berriz, bere arau propioak dauzka. “Espazioan zer gertatzen den ikusten dugu, baina Lurrean ere jarraitzen du ikerketak”. Erreferentzia bat lortzen dute espazioan; hau da, baldintza horietan fluido batek nola joka dezakeen ezagutzen dute. Eta portaera hori Lurrean ere errepika dadin lortzea da helburua. “Lortuz gero, fluidoa ez dago berriz espaziora bidali beharrik”.

Fullerenoaren ikerketak ere mugak dauzka Lurrean, baina garrantzi berezia eman dio nanofluidoa izateak. “Edozein fluido eramaileri nanofluido bat gehituz gero, erabat aldatzen da bere portaera. Aukera asko sortuko zaizkigu”. Nanofluidoa da fullerenoa bera, pilota baten modukoa. Barrutik hutsa dago, ordea, eta horregatik izan dezake hainbeste erabilera.

Grabitateak ikerketan eragin zuzena daukala azaldu du Bou-Alik: “Egonkortasun arazoak dauzka fullerenoak. Erori egiten da. Eta horrela ezin dugu aztertu, adibidez, presio aldaketari nola erantzuten dion”. Izarrek esango dute bere egoera aldatuz gero fluidoaren portaera zein den. “Behin bere ezaugarriak ezagututa ikusiko dugu zein erabilera eman diezaiokegun”.

Erretinako arazoak nola konpondu, adibide hori jarri du Bou-Alik nanofluidoen erabilera ulertzeko. Lehen, erretina egonkortzeko, globo gisako bat sartzen zuten begian, likido batekin, eta pazienteak bi edo hiru hilabete pasatu behar izaten zituen behera begira. Orain, ordea, bestelakoa da egoera: “Nanofluidoak sartu zaizkio likidoari. Buruaren atzealdean iman bat jarrita eusten zaio globoari. Bizimodu normal-normala egin daiteke”.

Materiala espaziora bidaltzeko bidea ez da erraza izan. Ikerlari taldearen prestigioak eta esperimentuak berak zerikusi zuzena dute horretan. “Ikerketan sakondu ahala, prestigioa irabazten da”, azaldu du arduradunak. “Baina proposamena bidali behar izaten da ikerketa bat martxan jartzeko, eta milaka proposamen egoten dira”.

ESA Europako Espazio Agentziak azaroaren 17an bidali zuen ontzi ez tripulatu bat espaziora, fullereno fluidoarekin eta beste bi substantziarekin. Egun, oraindik, ikerketan sakontzen ari dira, eta martxora arte, behintzat, jarraituko dute. “Esperimentuen emaitzak bidaltzen dizkigute, argazki bidez”.

MU ez da aukera baliatzen ari den unibertsitate bakarra. Kongresuetako harremanari esker, beste hainbat unibertsitaterekin batera bidali zuten esperimentuen proposamena. “Lan jakin bat aurkeztu, eta batzuetan beste norbait inguratzen da antzeko zerbait lantzen ari dela eta berak ere interesa daukala esanez”. Hitz egiteko eta jendea ezagutzeko aukera egoten da horrelakoetan. Elkarlan horri esker bidali dute fullerenoa espaziora.

Leave a Reply

Your email address will not be published.