Pantaila laborategi bihurtuta

Unai Zubeldia

Bitxia izan zen ekimenaren sorrera. “Urtero Gustukoena izeneko saioak eskaintzen ditugu gurean”, hasi du azalpena Joxean Fernandezek, Euskadiko Filmategiaren zuzendariak. “Eta Euskal Herriko pertsona ezagun bati bere film gustukoena aukeratzeko gonbita egiten diogu bertan. Filma proiektatu aurretik, aurkezpena egiteko eskatzen diogu beti, film hori zergatik gustatzen zaion azaltzeko argudio pertsonalak eman ditzan”. 2016ko otsailaren 25ean hala egin zuten Pedro Miguel Etxenike zientzialariarekin ere, eta Stanley Kubricken Espartacus filma aukeratu zuen nafarrak. “Zinemaren eta zientziaren arteko loturaz hizketan hasi zen berehala, eta orduan pentsatu genuen oso ideia ona izan zitekeela bi arlo horiek lotzea”.

Buruan sortu zitzaien ideia gauzatuta, hari horri tiraka sortu zuten iaz Hor Kanpoan. Zinema eta Zientzia zikloa. “Bi arlo horiekin zerikusia zeukaten hamabi film eskaini genituen urtarriletik martxora, Bilbon eta Donostian, eta zientzialariek egin zituzten film guztien aurkezpen lanak. Horrek izugarrizko garrantzia eman zion, noski, zikloari”. Fernandezen hitzetan, ikusleek ere “estimu handiarekin” hartu zuten Euskadiko Filmategiaren proposamen berria —Donostia International Physics Centerrekin batera sortutako proiektua da—. “3.000 lagun elkartu ziren guztira, eta aurretik halakorik lortu gabe geunden”. Herritarren erantzuna ikusita, egitasmoa ezin zela urte bakarreko kontua izan erabaki zuten antolatzaileek.

Zientzialari baten aurkezpena, filmaren proiekzioa eta ondorengo solasaldia. Egitura hori izan zuten iazko saioek, eta hala hasi ziren atzo ere, Euskadiko Filmategiaren egoitzan, Donostiako Tabakaleran —Bilbon ere eskainiko dituzte filmak, Arte Ederren Museoan—. Ezezaguna. Zinema eta Zientzia da aurtengo gaia, eta hamabi zientzialari gonbidatuko dituzte bigarren ekitaldian ere. Bestela ezin eta, Etxenike bera izan zen atzoko lehen gonbidatua, eta 2001: A Space Odyssey [2001: Espazioko Odisea] filma aukeratu zuen —Gines Morata, 2007an Asturiasko Printzea saria irabazi zuen zientzialaria ere aritu zen aurkezpen lanetan—. “Ezinbesteko klasikoa da film hori”. Atzo lehen pausoa emanda, martxoaren 30era arte gozatu ahal izango da hurrengo emanaldiekin.

Filmen zerrenda aztertuta, “klasiko modernoak, gaur egungo film modernoak eta pantaila handian ikusten zailak diren filmak” uztartuko dituzte aurten ere. “Alex Garlanden Annihilation [Deuseztapena] filma ikusiko dugu, adibidez. Netflixek ekoitzi du eta ez dute eskaini pantaila handian; guk proiektatuko dugu”. Beste adibide bati helduta, Bang Bang Zinemaren saio bikoitza antolatu dute martxoaren 16rako. “Blade Runner eta Blade Runner 2049 filmak eskainiko ditugu, eta uste dut plazer handia izango dela film horiek pantaila handian ikustea”.

Eskolentzat ere prestatu dute saio berezi bat, martxoaren 21erako, eta Hidden Figures [Figura Ezkutuak] filma aukeratu dute. “Emakumeek zientzia arloan egiten duten lana jorratzen du filmak, eta guretzat oso garrantzitsua da emakumeen rol hori islatzea”. Hainbat eskolatako haurrak bertaratuko dira filmaren proiekziora. “Iaz zoragarria izan zen The Martian [Martetarra] filmaren proiekzioa. Plazer izugarria izan zen ikasleen poza bertatik bertara sentitu ahal izatea. Eztabaida zoragarria sortu zen behin filma amaituta. Zinemarako zaletasuna indartzeaz gain, etorkizuneko zientzialariak sortzen ari ginela sentitu genuen”.

Bi saio berezi

Fernandezek berebiziko garrantzia eman dio film bakoitzaren aurreko aurkezpenari. “Filma desberdin ikusten da zientzialarien hitzak entzun ondoren”. Eta, zentzu horretan, Euskadiko Filmategiaren zuzendariak goratu egin nahi izan du Donostia International Physics Centerrek egiten duen lana. “Bidelagun ezin hobearekin egin dugu topo, eta oso harreman polita sortzen ari da bion artean”. Zinema zaleak zientzia kontuekin janztea da egitasmoaren helburuetako bat. “Baina zientzialariek eurek zientzia kontuak bakarrik ez, zinema arloko hainbat gauza ere irakatsi dizkigute, izugarrizko zaletasuna daukatelako askok eta askok”.

3,50 euro ordaindu beharko dira film gehienak ikusteko, eta bereziak izango dira bi saio: “Netflixek hala eskatuta, martxoaren 16an doakoa izango da Annihilation [Anikilazioa] filmaren proiekzioa, eta martxoaren 2an 14 euro balioko du Bang Bang Zinemaren emanaldi bikoitzerako sarrerak. Noodleak dastatu ahal izango dira bertan, eta edari bat ere eskainiko dugu”.

Fernandezek onartu du batzuetan zaila dela zinemarekiko kultura edo lotura hori sortzea eta jorratzea. “Baina lortzen ari garela uste dut”. Zinema eta zientzia, bi alor horiek gustuko dituzten guztientzat eginda dago gonbita.