Antonio Sanchez: “Parkinsonari esker, liburuak idazten ditut, eta hitzaldiak eman”

BeƱat Alberdi

Oztopoa izan daiteke gaixotasuna, edo aukera. Horrela ikusten du Antonio Sanchezek (Madril, 1937). Oiartzunen bizi da egun. Duela hemeretzi urte diagnostikatu zioten parkinsona, eta gaixotasunarekin borrokan jarraitzen du oraindik. Baina, bere kasuan, behintzat, aukera izan da. Liburuak idatzi ditu, egunero egiten du kirola, hitzaldiak ematen ditu… Coach titulua ere atera berri du AEBetako NCI Neurozientzia eta Coaching Institutuan. Herenegun eman zuen azken hitzaldia, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean: Nola bizi positiboki gaixotasun neurodegeneratibo batekin. Gipuzkoako Afagi elkarteak antolatuta, egunerokoari nola aurre egin landu zuen hitzaldian. Gaixotasuna bera baino garrantzitsuagoa delako gaixotasun horri nola aurre egiten zaion.

Ez da erraza izango horrelako hitzaldi baten egitura ondo antolatzea, ezta?

Oro har, jendeak gaixotasunari beldurra galtzea da helburua. Edozein gaixotasunek, normalean, jan egiten zaitu barrutik, pasibo bilakatzen zaitu, eta, datorrena datorrela, onartu egiten duzu. Baina aurkakoa egin dut nik, gaixotasunari kontra egin diot. Negatiboa positibo bilakatu dut. Parkinsonari esker, liburuak idazten ditut, eta hitzaldiak eman ere bai. Nire bizitza hobetzen lagundu dit. Pertsona negatiboek traba bihurtzen dituzte aukerak.

Erronka baten modukoa da, beraz, gaixotasuna?

Bai. Beldurra galtzea da lehen gomendioa. Beldurrarekin ez goaz inora. Askotan, gaixotasuna bera baino handiagoa izaten da beldurra. Ez dizu uzten ezer egiten. Gorputzak men egiten du, eta erraztasunak ematen dizkio gaixotasunari. Baina zuk agintzen duzula esan behar diozu gaixotasunari, eta beldurra berari sartu.

Gaixotasunari aurre egiteko filosofia bat transmititzen duzu?

Hori da. Hiru hankako mahai baten modukoak dira gaixotasunak. Medikuek edo espezialistek osatzen dute hanka bat; hartu beharreko sendagaiek beste bat; eta norberak azkena, garrantzitsuena, gaixotasunari aurre egiteko egin daitekeen horrek. Garrantzitsua da egunerokoari begiratzeko beste betaurreko batzuk janztea.

Garrantzitsua da, beraz, egunerokoa nola ikusten duzun?

Bai. Mendira joandakoan, lore mordoa ikus dezakezu larrean, edo kaka pila ere bai. Azkena jaio den lore horri begiratzea da aukera bat, eta kaka bila aritzea bestea. Eta seguru mendian kaka aurkituko duzula. Gauza onei begiratu behar zaie, gauza txarrak baztertuta. Buruak beste modu batera lan egiten du positiboa izanda.

Gaixotasunaren berri izan zenuenetik al daukazu jarrera hori barneratuta?

Zer zen galdetu nion neurologoak parkinsona neukala esan zidanean. Eritasun neurodegeneratiboa dela esan zidan, jatorri ezezagunekoa, progresiboa eta sendaezina. ‘Esaldi ederra’, pentsatu nuen. Esaldi horri beldurra gehitzeko eskatu nion, baina ez zidala halakorik egingo erantzun zidan. Berehala eman nuen izena pilatesen eta yogan, eta klase guztietara joan naiz harrezkero. Bizikleta bat ere erosi nuen, eta egunero joaten naiz gimnasiora. Txalaparta ere jotzen dut, boxeoan aritzen naiz, saskibaloian… Oso gustuko dut baloia saskiratzea.

Nabarmena da kirolari sutsua zarela. Lehen egunetik horrela jardutearen ondorio da hori?

Goizean, kontsultan zain nengoela, gizon bat sartu da itxarongelara. Gaixo zenbat denbora neraman galdetu dit eta “hemeretzi urte” esan diot. Oso ondo ikusi nau. Berak bi urte zeramatzala eta jada ezin zela guztiz mugitu esan dit. Pasiboa izan zen lehen egunetik. Ahaztu hori eta borrokatu.

Norberak jarri behar dizkio mugak bere buruari?

Bai. Nik neuk mozten dut bizarra, oinetakoen sokak nik lotzen ditut… Egunkaria erosten dut goizero, 60-70 flexio egiten ditut, eta sokasaltoan ibili. Hori guztia eginda, sasoian nagoela esan nezake.

Hiru hankako mahaia aipatu duzu lehen. Medikuen eta sendagaien hankek ez al dute eragiten umore positibo horretan?

Lotsagarria da farmazia industriak gaixotasuna negozio bihurtu izana. Drogen mende nago ni, estatuak eta farmazia industriak onartutako drogen mende. Inori ez zaio bururatzen parkinsona sendatzea. Hilero 300 euro ematen dizkiet farmaziei; nik eta beste drogazale askok. Sendatuko banintz, luxu hori galduko lukete.

Ez al dute nahikoa diru inbertitzen sendagaiak lortzeko?

Irabazien %1 bakarrik. Eriaren egoera arintzeko sortzen dituzte sendagaiak, ez sendatzeko. Ordurako desagertuta egongo den gaixotasuna dela esan beharrean, inolako lotsarik gabe esan dute, gainera, 2050erako hirukoiztu egingo dela parkinsona duten pertsonen kopurua.

Kirol arlotik kanpo, idazten ere aritu izan zara. Makina bat liburu kaleratu duzu jada.

Oso gustuko dut idaztea. Nire bizipenak idazten hasi nintzen parkinsonari esker. Asko hobetzen dit umorea. Horrez gain, lan egiteko modu aktibo bat ere bada idaztea; irakurtzea, berriz, bizitzeko modu pasiboa da. Tira, pasiboagoa da ezer egin gabe sofan etzatea.

Hitzaldiak eman dituzu zure filosofia transmititzeko. Baina ba al duzu bestelako helbururik?

82 urte ditut, eta beste hainbat helburu. Farmazia industriaren aurka borrokatu nahi dut, baina beste hiru helburu ere baditut.

Zeintzuk?

Batetik, eskola jazarpena bukatzea nahi dut. Faraoiak bizi ziren garaian Egipton zegoen filosofia hedatu behar da. Garai hartan, jainkoek ukitutako izakia zen ezaugarri ezberdinen bat zeukan pertsona; miretsi egin behar zen, bere lagun izaten saiatu. Positiboa zen, adibidez, belarri handiak izatea.

Zein da bigarren helburua?

Tabakismoa amaitzea nahi dut. Erretzaileei galdetuz gero, 14-15 urterekin hasi ziren erretzen asko. Ez erretzen irakatsi nahi diet gazteei; tontakeria da erretzea. Ez dut debekatu nahi; askea zara erretzeko eta lixiba edo gasolina edateko.

Eta azkena?

Ikasten eta irakasten gozaraztea.

Nola bideratuko dituzu helburu horiek?

Hitzaldiak ematen ditut gaiak lantzeko. Edozein ikastetxek dei nazake. Gustura joango naiz.