“Psikologikoki asko laguntzen du kirola giro onean egiteak”

“Psikologikoki asko laguntzen du kirola giro onean egiteak”

A. Arzallus

Gipuzkoako eta beste zenbait lekutako hainbat kiroldegitako zerbitzuak kudeatzen dituen enpresa da BPXport, eta enpresa horretako langilea da Garikoitz Barrio (Hernani, 1984); hain zuzen ere, Azpeitiko eta Urretxuko kiroldegietako kirol koordinatzailea da. Ziurtatu du tristuraren kontrako botika bikaina dela kirola egitea.

Urtearen hasieran nabaritzen duzue izen-emate kopurua handitzen dela?

Garai batean, bai; baina, gaur egun, gutxiago. Irakasleak gidatutako taldeko ikastaroetan igoera nabarmena antzematen dugu irailean, eta bakarren batzuk animatzen dira urtarrilean, baina igoera ez da izaten garai batean bezalakoa. Martxo aldera, berriz, eguraldia hobetu ahala, jende kopurua jaisten hasten da, kirola kanpoan egiteko joera izaten dutelako askok. Gimnasioan igoera nabarmenagoa antzematen dugu urtearen hasieran, baina ez du askorik irauten, hilabeteren bat edo.

Zein motatako jendeak ekiten dio kirolari urtea aldatzearekin batera?

Emakumeak izaten dira batez ere, eta 35 urtetik gorakoak.

Urte berriko asmo berriekin lotuko zenuke igoera hori?

Bai, nabarmena da urte berriak gauza berriak egitera bultzatzen duela jendea, baina beharrezkoa da gogoa izatea, joera berriak segituan alboratzen baititugu bestela. Berehala antzematen da nor etortzen den konbentzituta eta nor zalantzan. Eta, hain zuzen, hor oinarritzen da gure lana: pauso bat aurretik joaten ahalegindu behar dugu, zalantzan dauden horiei bultzada bat ematen, kirolak dituen onuretan sinets dezaten eta kirola egiten jarrai dezaten.

Taldekako ikastaroak albo batera utzita, zer zerbitzu eskaintzen diezue besterik gabe gimnasiora etortzen diren herritarrei?

Zer lortu nahi duten galdetzen diegu beti gimnasioan sartu eta gugana laguntza eske etortzen direnei; horretan laguntzen diegu guk. Baina argiak izan behar dugu: hau ez da panazea. Gimnasioan aritzeak lagundu egiten du, kalterik ez du eragiten, baina hemendik kanpo ere zaindu egin beharra dago; elikadura, batez ere. Bakoitzak eskatzen digunaren arabera, era bateko edo besteko ariketak proposatuko dizkiogu: giharrak tonifikatzea helburu dutenak izan daitezke, aerobikoagoak bestela…

Kirola modu ona al da baxualdiei, tristurari eta depresioari aurre egiteko?

Bai, dudarik gabe. Burua argitzen laguntzen digu kirolak, eta burua argitzen zaigun tarte horretan, gainera, sozializatzeko, jendearekin harremanak egiteko eta harreman horietan sakontzeko aukera baldin badaukagu, burutik joan egiten zaizkigu arazoak eta beste gauza guztiak, minutu batzuez bada ere; asko laguntzen du horrek. Eta, gainera, geure buruarekin hobeto sentituko gara kirola egite hutsagatik.

Taldeko ekintzetan, agian, are eta gehiago, ezta?

Hala da, bai. Talde baten barruan egoten dira ekintza horietan, eta, normalean, oso giro ona sortzen da talde horietan. Lagunarte edo kuadrillatxo berri bat sortzen da, azkenean, gune horretan, eta kiroldegitik kanporako ere balio izaten du askotan. Ez da berdina gimnasiora bakarrik etortzea eta bakarlanean aritzea, edo taldean eta irakasle batek gidatuta jardutea. Gogo eta indar handia eduki behar da bakarrik jarduteko, eta, aldiz, taldearen eta irakaslearen babesa izaten da ekintzetan. Baina badira bakarka ere oso ondo moldatzen direnak. Azken finean, ordu jakin batzuetan jende asko egoten da gimnasioan, batarekin eta bestearekin hizketan hasten zara, eta harreman berriak egiteko leku egokia izan daiteke. Egunero, antzeko ordu tartean etortzen dira gehienak, eta lagunarte polita sortzen da hemen topo egiten dutenen artean. Psikologikoki asko laguntzen du kirola egiteak, eta, are gehiago, kirola giro onean egiteak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.