Urtarrileko zulotik, argitara

Urtarrileko zulotik, argitara

Aitziber Arzallus

Urteko egunik tristeena izango da datorren astelehena, Blue Monday; eta ez Donostian eta Azpeitian bakarrik, Sansebastian egunaren biharamunagatik, mundu guztian baizik. Cliff Arnallek, Cardiffeko Unibertsitateko irakasleak eraiki zuen urteko egunik tristeena zein den ebazteko formula. Eta Porter Novelli komunikazio enpresak gizarteratu eta zabaldu zuen kontzeptua, 2005ean Sky Travel bidaia agentziarentzat egin zuen publizitate kanpaina batekin. Kanpaina hartan, oporraldi on bat proposatzen zuten tristurari aurre egiteko bitartekotzat, eta horretarako beharrezko guztia erosten joatea aholkatzen zuten, hegazkin txartelak, batez ere.

Hain zuzen, ondorengoa da urteko egunik tristeena zein den jakiteko Arnallek erabili zuen ekuazioa: [W+(Dd)]xTQ / MxNA. Formula horretan, egiten duen eguraldiari dagokio W; zorrei D; soldatari d; Gabonetatik igarotako denborari T; helburu bat lortzeko saiakeratik igaro den denborari Q; motibazioari M; eta ekintza berriei ekiteko beharrari NA.

Formula osatzen duten aldagaiek zentzua badutela iruditu arren, formulak berak ez du oinarri zientifikorik. Sortzaileak berak onartu zuen pentsaezina dela aldagai horiek guztiak ekuazio batean biltzea, ez direlako ez konparagarriak eta ez osagarriak. Baina hori onartzeak berdintsu izan zion, ordurako kontzeptu komertzial baliagarria baitzen Blue Monday gisa izendatutakoa. Eta ez pentsa Arnallen asmakizun bakarra hori izan denik. Zoriontasun aholkularitza du ogibide, eta hark asmatutakoak dira urteko egunik zoriontsuena —ekaineko hirugarren ostirala— eta jostailu perfektua zeintzuk diren ebazteko formulak ere; helburu komertzialekin sortuak dira biak ala biak, noski.

Arnallen formulek oinarri zientifikorik ez duten arren, “arriskutsuak” izan daitezkeela ohartarazi du Maria Zunzunegi psikologoak, “norberak betearazten duen profezia bihur baitaiteke”, esatearen esatez sinesten den gezurra. “Izan ere, ideia hori sinesten badugu, gure jarrera, seguruenik, negatiboagoa izango da, gure ekintzak horretan oinarrituko dira, eta gertakizunak modu ezkorrean interpretatuko ditugu”. Urteko egunik tristeenaren formulak funtsik ez duen arren, hura osatzen duten aldagaiek zentzua badutelako. “Benetakoak dira Arnallek aipatzen dituen faktoreak, eta eragina dute gure aldartean eta umorean; baina ahaztu behar ez duguna da faktore horiek present izan ditzakegula urtarrileko bigarren asteazkenean edo otsaileko lehen ostegunean ere”.

Argi dago datorren astelehena, izatez, ez dela izango urteko egunik tristeena, baina Zunzunegik onartu du urtearen hasiera sasoi zaila izaten dela askorentzat. “Sentimendu asko astintzen dituzte Gabonek, handitu egiten dira familia giroko tentsioak, prestaketa ugari izaten da, asmo berriak erortzen hasten dira, neurrigabeko gastuei buelta eman behar izaten zaie, eta eguraldia ere hotzagoa eta etxe girokoagoa izaten da. Horregatik guztiagatik, urte hasiera malkartsua izan ohi da jende askorentzat”. Eta Zunzunegiren arabera, inor ez da libratzen baxualdia izateko arriskutik. “Ez dago tristurak eragingo dion pertsonaren soslai zehatzik. Urtean zehar metatutako ondoezak lehertzen diren unea izaten da maiz, eta edozeini gerta dakioke hori, izan gazte, heldu zein hirugarren adineko; langile zein langabe; emakume zein gizon”.

Udazkena, trantsizio unea

Udazkenaren etorrerarekin ere antzerako zerbait pasatzen dela uste du Zunzunegik. “Trantsizio unea izan ohi da udazkena ere. Izan ere, haizeberritzea dakarte naturan gertatzen diren aldaketek, argi-ilun erritmo berriek, tenperatura hotzagoek, hezetasun handiagoak eta haize hotzagoek. Aldaketa horien guztien ondorioz, denbora gutxiago igarotzen dugu kanpoan, jarduera lasaiagoak hautatzen ditugu, eta hausnartze prozesuetan barneratzeko joera izaten dugu”.

Gizakia naturari “uste baino lotuago” dagoela baieztatzen duten ikerketak badirela adierazi du psikologoak. Eta 1990eko hamarkadan Southamptoneko unibertsitatean egin zituzten ikerketa batzuk jarri ditu adibidetzat. “Ikerketa haietatik ateratako ondorioek diote helduen %90ek aldaketak nabari ohi dituztela udazkenean lo egiterakoan, aldartean eta sentitzen duten indarrean”. Antoni Bulbena adituaren ustez ere, aldaketa atmosferikoek badute eragina aldartean zein egoera fisikoan, “izaki ekologikoak garen aldetik”. Argiagatik, aldaketa meteorologikoengatik eta kutsaduragatik izan daitezke aldaketa horiek.

Trantsizio etapa horiek “aukera” gisa hartu behar direla uste du Zunzunegik. “Testuinguru berria perfektua izan daiteke gure energia eta arreta garrantzitsuenera zuzentzeko; beharrezkoa ez duguna askatzeko, min edo kalte egiten diguten egoerengatik edo pertsonengandik aldentzeko, gure izaeraren alderdi ez funtzionalak aldatzeko eta barne oreka aurkitzeko, bakea sentitzeko”.

Urte guztian tristuraren amildegitik urruntzeko zenbait aholku eman ditu Zunzunegik. “Lehenik, unean unekoa bizitzen hastea, eguneroko gertakari txikiei garrantzia ematea eta malgua izatea. Etengabeko aldaketen kate bat da bizitza, mugimendua da oinarria, eta, mugimendu horren kontra egiten dugunean, sufrimendua agertzen da. Gakoa da bizitzaren mugimenduarekin batera mugitzen ikastea”.

Teknologia berriak zentzuz erabiltzea litzateke hurrengo gomendioa, eta sare sozialekiko jarrera kritikoa garatzea. “Haien ondorioz sortutako arazoengatik gero eta jende gehiago etortzen da psikologoongana”. Garrantzitsua da bizitza aktiboa izatea eta kirola egitea. “Osasun fisikoa zaintzeaz gain, buru osasuna zaintzeko modu ona da kirola egitea, geure buruarekin hobeto sentiarazten laguntzen digulako”. Edozein zalantza edo ondoez psikologikoren aurrean, psikologoarengana beldurrik gabe jotzeko aholkua eman du Zunzunegik.

Leave a Reply

Your email address will not be published.