Angulen ezkutuko sekretuak

Angulen ezkutuko sekretuak

Aitziber Arzallus

Animalien erreinuko izakirik misteriotsuenetakoa da angula —aingirakumea da—, eta baita preziatuenetakoa ere. Aristotelesen garaitik XX. mendera arte, aingirak Sargazoseko itsasoan umatzen zirela jakin zen arte, zientzialarien artean jakin mina eragin du. Eta, oraindik ere, 16.000 kilometroko joan-etorriko itsas bidaia horrez gain, galdera asko eta ziurtasun gutxi dago angulen bizi zikloaren eta ohituren inguruan. Esate baterako, inork ez daki nola ugaltzen diren: gizendu egiten dituzte, baina sortu, ez.

Garai batean, ugaria zen Gipuzkoako Oria eta Urola ibaietan. Gaur egun, aldiz, oso gutxik dasta dezaketen luxua da; prezioagatik, batez ere. Angula kiloak mila eurotik gora balio zuen Gabonen atarian, eta 750 euro inguru balio du egunotan. Munduko zortzi janari luxuzkoenen zerrendan sartu berri du American Expressen Departures aldizkariak.

Gipuzkoako gune batzuetan aspaldikoa da angula arrantzatzeko joera, eta belaunaldiz belaunaldi pasatuz joan den tradizioa da zenbait familiatan; Unai Eizagirre oriotarrarenean, esaterako. “Aitona-amonak ibili ziren, aita ere bai, ni ibiltzen naiz orain, eta ondorengoek ere aukera izatea nahiko nuke”. Oraingo martxan “zail” ikusten du, ordea: “Kultur ondare garen partetik, Eusko Jaurlaritzak saiatu behar luke angula eta angulariak zaintzen; baina, azkenaldian hartu dituen erabakiekin, badirudi kontrakoa lortu nahi duela. Jarrera aldatzen ez badu, dena galduko da”.

Angula galzorian zegoela eta, espeziea leheneratzeko eta haren iraupena bermatzeko egitasmoa abiatu zuen Europako Batasunak duela hamar urte. Neurriak hartzeko eskatu zien angula arrantza egiten den tokietako administrazioei, bakoitzari egokien iruditzen zitzaizkionak. Arrantza aldia bi hilabete eta erdira murriztea eta arrantzarako baimenak mugatzea izan ziren Jaurlaritzak hartu zituen erabakietako bi. Ordutik, azaroaren 15ean hasi eta urtarrilaren 31n amaitu izan da Gipuzkoan angula arrantzatzeko kanpaina. “Gure aitona-amonak bost hilabetez aritzen ziren, eta Frantzian, oraindik ere, hala aritzen dira; baina, tira, horrek angularen iraupena ziurtatzeko balio bazuen, gu konforme”, azaldu du Eizagirrek.

Aurtengo kanpainarako ez zuten espero aparteko neurririk, baina Eusko Jaurlaritzaren eskutitz bat iritsi zitzaien hasteko egun batzuk falta zirela: angula arrantzan ibiltzen diren itsasontziei epea astebetera murrizteko erabakiaren jakinarazpena zen. “Ustekabean hartu gintuen; inondik inora ez genuen espero horrelakorik”. Berehala joan ziren azalpen eske, baina “betiko erantzuna” jaso zuten: “Angula galzorian dagoela eta espeziea leheneratzeko neurri bat dela”.

Orian eta Urolan bi eratara arrantzatzen dituzte angulak: lehorretik eta ontzitik. Arrantzan aritzeko, ezinbestekoa da lizentzia izatea, eta Eusko Jaurlaritzak ematen ditu horiek. “Lehorretik aritzeko, lizentzia pila bat daude, azken urteetan berriak eman dituztelako, baina gero eta gutxiagok daukagu ontzitik aritzeko lizentzia”, azaldu du Eizagirrek. Hemezortzi angularik dute Orion, eta hamarrek Zumaian. “Mugatzea ez zaigu gaizki iruditzen, baina desagerrarazteko bidean jarri ditu”. Izan ere, aurretik dutenei berritzen diete baimena, baina berririk ez dute ematen. Lizentziak pertsonalak dira, gainera. “Lizentziaren jabea ni naizenez, ni arrantzara joan ezin naizenean nirekin joaten direnak ere ezin dira joan, eta hori ez zait bidezkoa iruditzen”.

Ezkutuko interesen susmoa

Angulariak haserre daude Eusko Jaurlaritzarekin, arrantza aldia murrizteko “benetako arrazoiak” jakin nahi dituztelako. “Badakigu azken urteetan angula ugaritu egin dela, egunero hor gabiltzalako eta ikusi egiten dugulako; beraz, ez gaitzatela inuzentetzat hartu”. Datuak nahi dituzte, azken urteetako angula harrapaketei buruzko estatistikak eta angularen populazioaren inguruko bilakaerari buruzkoak. “Arrantzatzen dugun angula bakoitza zenbatu behar izaten dugu guk, eta Eusko Jaurlaritzari eta Aztiri pasatzen diogu informazio guztia. Haien esku daude datu guztiak, eta nahi bezala manipula ditzakete. Ez dakigu Bruselara zer bidaltzen ari diren ere”. Eizagirren ustez, gauzak argi esaten ez badizkiete “zerbait” ezkutatu nahi duten seinale da.

Ganorazko azalpenik ezak, hain zuzen, horren guztiaren atzean “beste interes batzuk” dauden susmoa piztu die angulariei. “Neurriak zona guztietan hartu behar direla esaten dute, eta Frantzian bost hilabetez tonak eta tonak harrapatzen ari direla ikusten dugu. Guk, berriz, astebete bakarrik? Zer esplikazio izan dezake horrek? Bakarra bururatzen zaigu: Azti dela Europako Batasunean angula leheneratzeko proiektuaren ardura duen erakundea, horren truke sekulako diru laguntza jasotzen duela, eta ez zaiola komeni hori galtzea”.

Hainbat ezezkoren ostean, otsailaren 9an angulariekin biltzeko konpromisoa hartu du Leandro Azkue Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura zuzendariak. Eizagirrek espero du bilera horrek balioko diela zalantza guztiak argitzeko. Horren ostean aztertuko dute Oriako eta Urolako Angularien Elkartea sortzeko aukera.

Leave a Reply

Your email address will not be published.