Hankei eragin, hotzari iheska

Hankei eragin, hotzari iheska

Irati Saizar Artola

Bigarren urtez jarraian, otsailaren 3an Negu Trail mendi lasterketa egingo dute Berastegin. Iazko arrakasta ikusita, “lanean jarraitzeko gogoz” geratu zirela azaldu du Iker Saizarrek, lasterketaren antolatzaileak. Iaz, 250 korrikalaritara mugatu zuten parte hartzaile kopurua, eta, aurten, 300 jarriagatik, azkar saldu dituzte dortsal guztiak.

Hamasei kilometroko ibilbidea prestatu dute antolatzaileek, Berastegi inguruko mendietan barrena. Iazko ibilbide berbera izango dute aurten, baina aldaketa txiki bat egin dute: masazko errepidea zegoen zati batean, eta, ibilbidea “itsustu” egiten zuenez, mendi bide gehiago sartu dute.

Laurehun metroko altueran dago Berastegiko plaza, eta handik abiatuko dira lasterkariak, 10:30ean. 6,8. kilometroan iritsiko dira Urdelarrera (859 metro), eta, Moa lepora jaitsi ostean, San Lorentzora igo beharko dute (808 metro); ibilbidearen erdia osatuko dute gune horretan. Gorosmendira jaitsiko dira hirugarren eta azken gailurrera igo aurretik; 900 metro dauzka Ipuliñok. Herriko plazarako jaitsiera izango dute azken zatian. Guztira, 1.025 metroko desnibel positiboa du probak. Ion Azpiroz mendi lasterkariak eta antolatzaileak adierazi duenez, “edozeinek” osa dezakeen ibilbidea da, “nahiko herrikoia”.

Azpirozek azaldu du “segurutik” jo nahi izan dutela parte hartzaileen kopurua 250etik 300era igota. Iaz bi arrazoi tarteko jarri zuten muga: “Batetik, ez genekielako hainbeste jende etorriko zen edo ez; eta, bestetik, antolatzaileok ez genekielako prest ote geunden 250 korrikalariri lasterketa on bat eskaintzeko”. Guztia ondo atera zela ikusita eta iaz 30 lagun inguru itxaron zerrendan geratu zirela jakinda hartu dute kupoa handitzeko erabakia.

Antolatzaileek garrantzi berezia ematen diote beti segurtasunari, bai lasterkarienari eta baita boluntarioenari ere. Izan ere, lasterketaren egunean ehun boluntario inguru aritzen dira lanean.

Iaz lasterketaren berri izan zuenak ondo gogoan izango du ezaugarri bat: elurra. Ondo baino hobeto aukeratu zuten lasterketaren izena, bezperan elurra egin eta zuri-zuri esnatu baitzen Berastegi. Politetik bazuen arren, arriskutik ere izan zuen pixka bat. Saizarrek gogoan ditu larritasun haiek: “Oso arriskutsua izan zen iazkoa; momentu txarrak pasatu genituen bezperan, proba egingo zen edo ez zalantzan. Izan ere, elurragatik, arrisku handia zegoen herrira iristeko bideak ixteko”. Bezperan markatu zuten ibilbide guztia, eta beldur ziren elurrak marka haiek estaliko ote zituen. Ez zen horrelakorik gertatu, ordea.

Burua prestatzea zailena

Aurten ere elurra egiteko arriskua hor dagoela onartu du Saizarrek: “Egiten badu, egin dezala astebete lehenago eta mendiak zuritu ditzala, baina errepideak garbi nahi ditugu”. Urte berriari ekin berritan, asteburu libre gutxi dauzkate mendi lasterkariek. Bidegurutzearen gisakoa izango da Berastegiko proba: denboraldi hasiera izango da mendian korrika ibiltzen diren askorentzat, eta amaiera udazkenetik krosetan parte hartzen dutenentzat.

Dena dela ere, “fisikoki eta psikologikoki prestatuta egotea” oso garrantzitsua dela azpimarratu du Jokin Lizeaga mendi lasterkariak eta entrenatzaile pertsonalak. “Aurrez, orduak sartu behar dira mendian, baina, askotan, lan psikologikoak ematen du arazo gehiago; kirolariari fisikoak baino eragozpen gehiago sortzen dio buruak”.

Lizeaga izan zen iazko Negu Trail lasterketako irabazlea (1.35.54), eta, aurten, osasun arazoak tarteko parte hartuko ez duen arren, hainbat gomendio eman dizkie parte hartzaileei: “Aurreko hiruzpalau hilabeteetan zerbait egin izana eskatuko nieke; presarik ez izateko, eta lehenengo ordu erdian burua erabiltzeko, indarrak gordez; azkenik, ez ahaztu tarteka zerbait jatea eta edatea”.

Euskal Herrian betidanik egon izan da mendirako joera handia, baina azken urteetan asko handitu da mendira korrika egitera joaten direnen kopurua. Azpirozek gogoan du mendian korrika hasi zireneko garaia: “Lehen, asko ez ziren mendian korrika ibiltzearen aldekoak; mendi martxetan korrika hasi ginenean, oso arraro begiratzen zigun jendeak. Denborarekin, modernizatuz joan gara pixkanaka”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.