Iritzia sortzeko iritzi emaileak

Iritzia sortzeko iritzi emaileak

Unai Zubeldia

Beste batengan eragina daukan edonor. Misterio handirik ez dauka horrela esanda. Gai jakin baten inguruan gutxieneko sinesgarritasuna daukana, sarean bateko edo besteko iritzia sortzeko nolabaiteko gaitasuna daukana… Hitz batean: influencer-a. “Betidanik egon izan da influentzien marketina”, argitu du Arkaitz Sukuntza TaPuntu kooperatibako kide eta Nortasuna Sarean jardunaldien antolatzaileak. Baina sare sozialen iraultzarekin, enpresa, erakunde eta marka gehienek gero eta inbertsio handiagoa egiten dute alor horretan, “influencer horiek komunitate bat sortzen dutelako, eta markek marketin gisa erabiltzen dituztelako gero. Horretaz baliatzen dira markak, influencer horiekin akordioak lortu eta marketin teknika gisa erabiltzeko”.

TaPuntu kooperatibako kideek sorreratik bertatik argi zeukaten euren lan jarduna ez zutela mugatu nahi bezeroei proiektuak eskaintzera eta horiek gauzatzera. “Beste hainbat egitasmori ere heldu nahi genien; jardunaldien bidez, guk lantzen ditugun gaietako batzuk modu errazean, doan eta euskaraz gizarteratzea zen helburuetako bat”. Eta, hain zuzen ere, erronka horren fruituetako bat da Nortasuna Sarean jardunaldia. Laugarren urtez antolatu dute, eta influentzien marketina izango dute hizketagai aurten, hurrengo asteazkenean, 18:30ean, Donostiako Koldo Mitxelena kulturuneko aretoan. www.nortasunasarean.eus webgunean izena eman beharko da bertaratzeko.

Ioar Oteiza Sorland enpresako langileak eta Josu Bergara Burutu komunikazio eta publizitate agentziako kideak Influentzien Marketina hitzaldia egingo dute lehenengo, eta, Ainara de Miguel aurkezle lanetan dela, mahai ingurua egingo dute ondoren: Beñat Iraola (Zatzaizkit markaren arduraduna), Egoitz Txurruka (irrati esataria), Laura Chamorro (San Sebastian Moda Festival), Nerea Alias (telebista aurkezlea) eta Nerea Arriola (SuperTxope youtuberra) izango dira hizlariak.

Oteizak azaldu duen moduan, “nahiko kontzeptu berria” da influencer-ena, eta gizartea errealitate horretara egokitzen ari da oraindik. Nolabaiteko arriskuak ere izan ditzake influentzien marketinak edo influencer horien erabilerak. “Baina, neurri batean, influencer-ek eta markek eurek neurtu beharko dute non dauden muga etikoak eta norberaren mugak”. Sorland enpresako langileak adibide bat jarri du arriskuez jabetzeko: “Enpresa batek kanpaina bat egiteko pertsona bat kontratatzen badu, eta bere markaren irudia bihurtzen bada, bere alde edo kontra egin dezake hark idazten duen edozein gauzak. Ondorioz, enpresa horren balioekin bat egiten duen pertsona bat izan beharko luke kontratatutakoak”.

Hain zuzen ere, ezaugarri horri berebiziko garrantzia eman dio Iraolak. Zatzaizkit markaren arduradun gisa, egunerokoan beste pertsona baten eragina nola baliatzen duen azalduko du Iraolak mahai inguruan. “Nire kasuan, ezinbestekoa da bi aldeen arteko gutxieneko konfiantza giro bat sortzea”, adierazi du. “Nolabaiteko lotura behar da markaren eta pertsona ezagun horren artean”.

Jon Plazaolaren eragina

Bila joan gabe, sagardotegi giroan sortu zen Zatzaizkit markaren eta Jon Plazaola aktorearen arteko lotura. “Joan den abenduan topo egin genuen txotx eta txotx artean, eta hantxe hasi ginen hizketan. Markaren berri eman nion nik, eta interesa zeukala esan zidan, Sevillara eramango zuela”. Dena den, bere markako arropari sustapena egiteko “proposamen asko” jasotzen dituen arren, Iraolak “ahalik eta gutxien” jotzen du influencer horiengana.

Onartu du, hala ere, Plazaolaren kasuan berehala nabaritu zuela eragina. “Bai jarraitzaile kopuruan eta baita erosketetan ere. Duela bi aste inguru, argazki bat igo zuen Plazaolak, eta ehunka jarraitzaile irabazi nituen egun horretan bertan; banekien horren eraginez iritsi zirela hurrengo egunetako erosketak”. Iraolak azpimarratu duenez, “zailagoa” da influencer-ak epe luzera daukan eragina neurtzea.

Gaur egun, jada, badaude markak eta influencer-ak harremanetan jartzen dituzten zerbitzuak. “Sare sozialen kontua indarra hartzen hasi zenean, enpresa batzuek, agian, ez zuten ondo ulertu elkarrizketa dela sarearen oinarria, ez zela nahikoa euren buruaz ondo hitz egitea”, azaldu du Oteizak. Bitartekari lan horretarako “oso baliagarriak” izan daitezke influencer-ak. “Jada ez delako ari enpresa bera bere buruaz hizketan, beste bat ari delako marka edo enpresa hori goratzen”.

Hori bai, Sorlandeko langilearen esanetan beste arrisku bat ere badauka influencer-aren lanak. “Pertsona hori egunero gauzak gomendatzen ari bada, ez dakit zenbaterainoko zilegitasuna daukan, edo esaten ari zaigun hori zenbateraino sinesten edo barneratzen dugun”. Mezua ahalik eta gehien zabaltzeko lanean, sarri, “eta aitzakia gisa”, galtzeko asko izaten du euskarak. “Eta arlo hori ere indartu nahi dugu”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.