Manuel Collado: “Nik medikua banintz bezala tratatzen ditut bezero guztiak”

Manuel Collado: “Nik medikua banintz bezala tratatzen ditut bezero guztiak”

Beñat Alberdi

Jaiotzez, Manuel Collado (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1973) izena jarri zioten gurasoek. Orain, ordea, berak ere zalantzan jarri du Manuel Collado edo Manolo Macomaco, zer den gehiago. 2002an sortu zuen Macomaco taldea, arrebarekin. Harrezkero, berritasunak eskaini dizkiote ile apaintzaileen munduari. Besteak beste, hondartzan eta bi solairuko autobus turistiko batean moztu zieten ilea bezero askori. Manolo Macomacok zuzendu du “ilea mozteko teknikei buruzko munduko film labur bakarra” ere. Masterclass-a eskainiko du datorren astelehenean, Urnietako Oianume sagardotegian.

Manolo Macomaco edo Manuel Collado, zein dira izen-abizen zuzenak?

Udan, jendeak barre egiten zidan nire izena Manolo dela esandakoan. Izen zaharra dela esaten zidaten, eta nire itxurarekin ez duela bat egiten. Manolo Macomaco naiz sare sozialetan.

Gurasoek jarritako izena gainditu al du izen artistikoak?

Rossana Macomaco da nire arreba, bazkidea eta lankidea. Haren alaba ziur dago bere abizena Macomaco dela.

Zer eskainiko duzu Urnietako masterclass-ean?

Nik ez dut hitz egiten ilea mozteari buruz, ileari ematen zaion tratamendu zehatzari buruz baizik. Esaterako, tratamendu asko ematen ditugu ilea hidratatzeko edo elikatzeko. Kasu bakoitzean modu jakin bateko mozketa eskaintzen dut nik, pertsona bakoitzari egokitutakoa. Oso kontu sinpleak landuko ditugu Urnietan. Nire ikuspuntua azaltzera noa.

Gauza errazenak nola egin behar diren irakatsiko duzu?

Ez noa ezer irakastera, nire ikuspuntua ematera baizik. Asko eztabaida daiteke horri buruz. Nire arrazoiak ditut nik, baina ez da existitzen arrazoi bakarra. Ez da izango distira egiteko show edo ikuskizun bat, jendea aho zabalik uztekoa. Orrazkera landuagoa ere eskainiko dugu, hala ere.

Ile apantzaile hasi zinen, baina ez bereziki zaletasuna zeneukalako, ezta? Egoerak gaina hartu zizulako baizik.

Nik ez nuen izan nahi ile apaintzailea; ez neukan inolako interesik. Ile luzea eduki nahi nuen gaztetan, eta, niretzat, ilea mozten zuten izaki maltzurrak ziren ile apaintzaileak.

Azkenerako, ile artean ari zara lanean.

Oso artistikoa nintzen eskulanetan: gaitasuna nuen horretarako. Gaur egungo lana proba nezakeela pentsatu nuen, eta aurrera.

Arte gisa ulertu behar al da, orduan, ile apaintzaileen lana?

Niretzat, bada; baina gutxietsita dago gaur egun. Lan berbera egiten duten kide askok iraindu egiten dute ile apaintzaileen lana.

Pasio gutxi izaten al da lanean?

Oso gutxi. Gaur egun, gainera, gazte askok ez dute ikasi nahi izaten. Baina oso ondo moldatzen dira lisaburdinarekin. Horregatik, ile-apaintzaile ikasketak egitera bultzatzen dituzte, ikasi nahi ez duten arren. Hori da gaur egungo profila.

Hamar urtez jardun zinen amarekin bere ile apaindegian lanean. Mozteko moduek zalantzak eta ezinegona sortzen zizkizuten, ordea. Zer ezinegon?

Lanerako parametro batzuk irakasten dizkizute ikasgelan, eta horiekin bidaltzen zaituzte lan mundura. Izan eskolan edo fakultatean, ikasle guztiek ikuspuntu berberarekin bukatzen dituzte ikasketak. Gero hasten zara zeure burua trebatzen. Mozte parametroak oso estandarrak zirela ulertu nuen nik, eta probak egiten hasi nintzen, ingurukoen onarpenik gabe.

Ohiko orrazkera estiloetatik kanpo jarduten al zara?

Kontua ez da hori. Unibertsalak dira erabiltzen ditugun teknikak, baina hutsuneak dituzte. Belaunaldiz belaunaldi, mundu guztiak errepikatzen ditu hutsune horiek; inork ez zeukan konponbiderik. Urte askoan konponbide horien bila ibili naiz ni.

Eta aurkitu al dituzu?

Bai.

Amarekin lanean aritu ondoren, ile apaindegi baten maizter hasi zinen lanean. Mugarria izan al zen ordura arteko zure ibilbidean?

Amak beste ile apaindegi bat jarri zuen martxan, eta hura zuzentzera joan zen. Nik nahi nuen probak egiten hasi nintzen ni. Dakidan hori ez dit inork irakatsi, eta ez dut inorengandik ikasi. Baina oso barneratuta daukat dakidan guztia. Zalantzak sor daitezke norbaitek zerbait irakatsiz gero, ez dizulako dena irakatsi edo klaseren bat galdu duzulako. Baina, nire kasuan, oso ondo dakit landu dudan horrek nola funtzionatzen duen.

Ile apainketako estilo berri bat sortu al duzu?

Nik medikua banintz bezala tratatzen ditut bezero guztiak. Orri zuri bat hartu, eta galderak egiten dizkiet, diagnostiko gisa: zenbatean behin garbitzen duzu ilea? Lehortzen al duzu? Goizetan edo gauetan garbitzen duzu? Zer nahi duzu egitea?… Garbi uzten diet nik ilea moztuko diedala; horretara mugatuko naizela. Irudi berri bat lortu nahi badute, zaindu beharreko portaera arau batzuk daude. Nik azaldu egingo dizkiet, baina eurek zaindu behar dituzte gero. Irudia defendatu egin behar da.

Diagnostikoarekin ba al dakizu arau horiek beteko dituen edo ez?

Jakin egin behar dut beteko dituen edo ez. Zertarako moztuko diot ilea ondoren defendatu behar ez badu? Eguneroko harremana behar da ilearekin.

Bizimodu bakoitzak bere orrazkera al dauka?

Orrazkera baino gehiago, zentzu estetikoan bere orrazkera estiloa dauka bizimodu bakoitzak. “Nik ile luzea nahi dut, bulegora noanean mototsean bildu eta trabarik ez egiteko”. Norbaitek halakoren bat esanez gero, baldintza horiek beteko nituzke.

2016an estreinatu zenuten Cuando el viento film laburra, ile apainketari buruzko bakarra. Nolatan sortu zitzaizun ideia?

Iragarki bat grabatu nahi genuen berez. Nola lan egiten dugun azaltzea zen kontua, ikastaroak-eta hedatzeko. Grabatzen hasi, eta, ohartzerako, hogei ordu baino gehiago geneuzkan grabatuta. Irudi onak ziren, gainera. “Zer egingo dugu material honekin?”, pentsatu nuen, eta horrela sortu zen film laburra. Ni neu izan nintzen zuzendaria, produktorea eta aktorea.

Zine jaialdietan ere ibili zarete.

Ez dugu jaso saririk, baina izendapenak bai. Izugarria da profesionalek aurkeztutako lanen artean gurea aukeratzea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.