Oiartzungo organoa, Gipuzkoan bakana

Erik Gartzia EgaƱa

Oiartzungo Organozaleen Elkarteak hiru urte daramatza herriko parrokian dagoen organoa sustatzen, bai ondare gisa duen balioa dibulgatzeko, eta baita haren hamaika tutuei erabilera emateko ere. Etzi, 18:00etatik aurrera, Ignacio Arakistain organistak eta Peio Irigoien txistulariak kontzertua joko dute parrokian. 17:15ean hasiko da kontzertuaren atariko aurkezpena.

Elkarteko kide da Anton Mendizabal. Gogorarazi duenez, lehenago bazen Pagoarte izeneko elkarte bat, eta organoa sustatzen zuen elkarte hark. Bospasei urteko etenaren ondoren, parrokian dagoen altxorra berriz ere jendaurrera ateratzea erabaki zuten, talde berria sortuta. “Imajinazio pixka batekin, gauza asko egin daitezke organo baten inguruan, eta beti ez dira izaten hain serioak”. Cavaille-Coll markako organoa da Oiartzungoa. Mendizabalek azaldu duenez, Erromantizismo Garaiarekin batera, XIX. mendeko organogintza irauli zuen Aristide Cavaille-Coll organo egile frantziarrak; txiki gelditu ziren ordura arteko organo gehienak.

Berezia da Oiartzungo organoa, Europan dauden lau prototipoetako bat delako. Lehenagokoa ote den zalantzak dauden arren, 1843an eraiki zuten, eta 1861ean eraman zuten Oiartzunera, Jose Juan Santesteban donostiarrak Oiartzungo Udalari eskainita. “Baztertu samar egon izan da, baina balio handiko organoa dela jabetu dira orain”. Inguruko beste Cavaille-Collen aldean Oiartzungoa “txiki antzekoa” zela azaldu du Mendizabalek. “Garai hartan probak egiten hasi ziren Cavaille-Coll aita-semeak, eta organo horietako bat da hau. Batez ere, atzerritarrak etorri izan zaizkigu gure organoa baloratzera”.

Horietako bat izan zen Vincent Thevenaz Genevako katedraleko (Suitza) organo jotzailea. Joan den urrian kontzertua eman zuen Oiartzunen, eta gerora ikasleekin bueltatu da bertara. Loic Malliek ere, Parisko La Trinite elizako organo jotzaile nagusi eta Musikeneko irakasleak, altxortzat jo du organo hori. Hain zuzen ere, bertan ematen ditu eskolak.

Jotzeko, sasoia behar

Aristide Cavaille-Coll bera Oiartzunen izan zen, organoa eraiki zutenean. “Handia eta dotorea da eliza, eta, orduko organoa txikia zenez, baliabide gehiago jarri zizkion”, hasi du azalpena Mendizabalek. “Organo musikarentzat oso sonoritate ona zeukan elizak, eta merezi zuen handitzea. Hemen bertan sartu zizkion erregistro berriak”. Gaineratu duenez, prototipoa izanda, organo jotzaile asko uxatzen ditu Oiartzungoak. Erabat sistema mekanikoa du tutuak ireki eta ixteko, nahiz eta gerora haizezko asistentzia bat erabili zuen Cavaille-Collek prozesua arintzeko. Oiartzungoak, baina, ez du halakorik, eta sasoi betean egon beharra dago jotzeko. Oinetako pedala, gainera, “pixka bat alboratuta” dauka, eta horrek zaildu egiten du jotzea. “Erronka bihurtu da Oiartzunen jotzea”. Soinuaren kalitateak eta berezitasunak, ordea, harritu egiten ditu organo jotzaileak.

Besteak beste, Pagoarte elkarteak Gorka Cuestari enkargatutako Le Sommeil de l’Ange (Aingeruaren ametsa) pieza zaila eta ederra joko dute, etzi, Arakistainek eta Irigoienek. Ez da izango aurtengo kontzertu bakarra. Azkue Memoriala egingo dute urrian, eta Lartaun abesbatzarekin emanaldiren bat egin nahiko lukete maiatzean. “Zaharra da organo hau, eta guztiz desmuntatu beharko da berandu baino lehen, garbitzeko eta berriz muntatzeko. Sortzen ari den interesa eta kezka baliagarria izango da organoari azterketa sakona egiteko eta laguntzak lortzeko”.