“Zirkuituetan berdinak ziren auto denak eta araudia; gustatu zitzaidan”

“Zirkuituetan berdinak ziren auto denak eta araudia; gustatu zitzaidan”

Aimar Maiz

Garai bateko argazki, aldizkari, datu eta lasterketetako sailkapen artxibo oparoa dauka Pablo Irizar Zubizarretak (Gabiria, 1961). Baita oroimen azkarra ere. Sare sozialetan argitaratzen ditu garai bateko bizipenak. Ia itzali den automobilismo modalitate baten ordezkari distiratsua izan zen, 1980ko eta 1990eko urteetan.

Noiz zaletu zinen autoetara?

Aitarekin zaletu nintzen. Urbasako Igoera, Vasco-Navarro Rallya, Jaizkibelgo Igoera… Proba horiek ikustera eramaten ninduen umetan. Oso zalea zen aita. 1980ko urtarrilean, rally batean parte hartu nuen, Pello Alustiza kuadrillakoaren gidari lagun gisa. Otzaurte, Nuarbe-Beizama eta Beasaingo Erauskin auzoa, horiek ziren lasterketaren hiru zatiak.

Zu zeu noiz hasi zinen gidatzen?

1985ean Bergarara joan ginen, aurreko urtean Avenida taberna jarri genuelako han. Samba Rallye bat erosi zuen Juanra anaiak; txikia baina indartsua. Arrateko Igoera jokatu zen handik bi hilabetera, eta autoa uzteko eskatu nion. Seriekoa zen; ez gurpil berezirik eta ez barrarik, horrela joan nintzen. Kaskoa jantzi, eta aurrera.

Utzi zizun?

Bai. Konfiantza zeukan, nonbait! [barrez] Gaztetan goitibeheretan ibiliak ginen biok, hiru-lau urte. Lasterketa askotan parte hartu genuen. Ni ibiltzen nintzen gidari, nahiz eta gazteagoa izan. Nahiko maila ona eman genuen Arrateko Igoeran, eta hastera animatu ninduen jendeak.

Baina?

Ez zitzaizkidan gustatu igoerak. Maila gehiegi zeuden probetan, auto desberdin asko. Oso motza iruditu zitzaidan, gainera: aste bukaera guztia han, azkenean hamabi minutu gidatzeko.

Autozaleen bilgune bihurtu zen Bergarako taberna, ezta?

Bai. 1984an zabaldu genuen Avenida taberna, eta 2002ra arte eduki genuen. Lan asko egin genuen. Han elkartzen ziren Aitor Zabaleta, Martin Egaña, Aitor Linazisoro… Elkar ezagutu genuen pilotuek. Bergarako eta inguru haietako rally giroko taberna zen.

Nola egin zenuen zirkuituetarako jauzia?

Martin Egaña Bergarako nire laguna hasi zen parte hartzen zirkuituetan, eta harekin joan nintzen lasterketa batera, laguntzera. Asko gustatu zitzaidan zirkuituetako automobilismoa: berdinak ziren auto denak, eta araudi bera zeukaten. AX Kopa sortu zuten hurrengo urtean, 1988an, eta han hasi nintzen.

Gogoan duzu lehenengo lasterketa?

Bai, Tarragonako Calafaten izan zen. Citroen AX GTI bat erosi, izena eman, eta hala joan nintzen. 86 auto geunden irteeran, mordoa. “Nora etorri naiz ni?”, beldurtu nintzen. 30. postua lortu nuen lehenengo entrenamenduan, aurrenekoarengandik segundo batera. Niri asko iruditu zitzaidan segundo bat, eta lur jota itzuli nintzen.

Ez zenuen etsi, ordea.

Hobetzen hasi nintzen gerora, eta gero eta aurrerago ibiltzen nintzen. Hobetoxeago ibili nintzen bigarren urtean, eta Madrilgo talde handi batek fitxatu ninduen hirugarrenerako. Euren kontu zegoen dena; sariak ere bai, baina kosturik ez neukan nik. Ikaragarri ondo. Hamasei probetatik hamabost irabazi nituen urte hartan, 1990ean, eta AX Kopa txapelketa ere bai.

Oso jarraipen handia lortu zuten auto marken lasterketek, ezta?

Bai. Espainiako Turismoen Txapelketarako pilotu ofizial gisa hartu ninduen Citroenek. Hura bukatuta, eta marka hark auto txikirik ez zeukanez, Clio Kopan parte hartu nuen bitartean; irabazi egin nuen txapelketa hura. Ondoren, Citroen ZX Kopan aritu nintzen lau urtez, 1996ra arte. Izugarrizko maila zegoen, oso pilotu onak: Alfredo Mostajo ormaiztegiarra, Jon Casais oñatiarra, Iñaki Goiburu hondarribiarra… Garai hartan, niretzat, Goiburu zen onena. Normalean, bost onenen artean ibiltzen nintzen ni; lasterketa batzuk irabazi, podium asko lortu…

Zer lan izaten zenuen Citroeneko pilotu ofizial gisa?

AX modeloa garatzea izaten zen nire lana. Serieko auto bat ekartzen zuten, kalekoa. Esekidura, gurpilak, galgen erresistentziak, ihes tutua edo erreglajeak aldatu, eta probak egiten genituen. Jaramako zirkuitura joaten ginen, Madrilera, eta 150 bat itzuli ematen genituen egunean, kronometroari begira. Autoa ahal bezain azkarren ibil zedin lortu nahi zuten, baina ahalik eta seriekoena izanda, gero arazorik eman ez zezan.

Pilotu profesionala zinen, beraz?

Bai; momentu hartan, bai. Taberna neukan, baina bezperan hots egiten zidaten, zerbitzari bat jartzen nuen nire ordez, eta gustura joaten nintzen Madrilera. Lan polita zen.

Nolakoa zen zirkuituetako lasterketetako bizimodua?

Hasi ginenean, autoetan joaten ginen lasterketetan parte hartzen genuen pilotuen %80. Atoian eramaten zuten aurrekontu handixeagoa zeukatenek. Autoan bertan joan, lehiatu, eta etxera berriro. Batean fokua erorita, bestean ispilurik gabe… Ostegunean irteten ginen, ostiralean entrenamendu libreak egiten genituen egun guztian, larunbat goizean izaten ziren entrenamendu ofizialak, eta larunbat arratsaldean eta igandean lasterketak. Hiru egun zirkuitutik irten gabe. Gustura, gainera! Gozatu egiten nuen.

Non edo norekin hobetu zenuen gidatzeko teknika?

Neure kasa findu nuen; ez zidan inork erakutsi. Segundo erdia non ateratzen zidaten buruari bueltaka aritzen nintzen hasieran; gidatzeko teknika asko findu nuen horrela. Perfekzio zalea naiz. Lehenengo bi urteetan asko ikasten zen beste baten atzetik joanda: bihurgunera nola sartzen zen, handik nola ateratzen zen… Auto guztiak berdin-berdinak zirenez, gidaria zen aldea. Asko zorroztu nuen lasterketetako teknika, halakoa nintzelako berez.

Auto hobea eman zizutenean nabaritu zen hori, ezta?

Asko. Gidatzeko teknika fintzea hainbesteraino neukan sartuta buruan, hirugarren urtean autoa txasis berriarekin-eta neukanean egurra eman bainuen. Bi hamarrenen gorabeheran ibiltzeko gai nintzen Jaraman, 30 itzuliko lanean. Harrituta egoten zen Citroeneko prestatzaile ofizial Julian Piedrafita.

Nolako giroa edo harremana zeneukaten pilotuen artean?

Oso ona. Orain ez dago horrelakorik. 1 Formulan, lehengo argazkietan ikusten dira pilotuak elkarrekin, auto gainean zigarroa errez… Orain hitzik ez dute egiten euren artean; berean aritzen da bakoitza. 1988an, 80 bat pilotu izango ginen izen emateetan, eta ni bakarrik izaten nintzen euskalduna. Beldur pixka bat eduki nuen lehenengotik; autoari ez nion ipini ez ikurrinik eta ez ezer. Baina oso harrera ona egin zidaten. Oso harreman ona neukan madrildarrekin, politika zikin horren eraginez orain Internetetik daukadana baino hobea.

Zirkuituetan ibili zinen. Ez zenuen izan grinarik rallyetarako?

Xabier Artzamendi lagunak ezin zuela eta, Urkiolako Igoeran parte hartu nuen 1989an, haren autoarekin. Bi egun lehenago deitu zidan; entrenatu gabe eta zirkuituetako gurpilekin joan nintzen. Igoera bakoitzean zortzi-hamar segundo atera nizkien besteei. Igoeretan zirkuituetako gidatzeko teknika aplikatzea zen azkenean, besterik ez.

Zirkuituetako pilotatzea rallyetakoa baino koska bat gorago zegoen seinale?

Bai. Hobetzeko aukera ere handiagoa izaten da zirkuituetan, noski, muga-mugan ibil zaitezkeelako han. Mendian zuhaitza edo amildegia izaten da parean bidetik irtenez gero. Zirkuituetan, berriz, berriro ere bidean sartu, eta aurrera. Hobea da ikasteko.

Gaur egun, Nafarroan bada abiadura zirkuitu bat, baina garai hartan Euskal Herrian ez zegoen batere. Horixe falta?

Bai. Lehenengo bi urteetan, lasterketetan bakarrik ibiltzen ginen zirkuituetan; ostiraleko entrenamendu libreekin moldatzen ginen. Zirkuitua falta izaten genuen beti Euskal Herrian. Nafarroakoa egin zuten, baina gehiegizkoa da. Izugarrizko dirutza gastatu zuten, ez zegoen diru bat, eta zulo handia egin zuten. 1 Formulari begira diseinatu zuten zirkuitua, eta inori ez zaio gustatzen turismoen mailan. Ez da pilotuentzako zirkuitua; azeleragailuari erabat sakatu, frenatu, berriz azeleratu… Horrelakoa da. Nahiko gaizki egin zuten. 1 Formularako zirkuitua dela esaten dute, baina hemen ez dago horren beharrik, ikaragarri garestia delako lasterketak ekartzea bera. Badira Valentziako eta Bartzelonako zirkuituak kendu nahi dituztenak ere.

Euskadi Racing sortu zenuten euskal pilotuei aukera emateko. Zer-nolako emaitza izan zuen?

Oso ona. Oso ondo antolatuta zegoen estatu mailan ibiltzeko. Xabier Artzamendi, Ignacio San Miguel eta Jorge Espinosa ziren pilotuak. Talde bat osatu genuen lehenagoko pilotuekin-eta, eta oso lan ona egin zuten denek. Euskal automobilismoa indartzea zen proiektu horren helburua. Ostiraletan, pilotu gazteei irakastea zen nire egitekoa. Oso zorrotza nintzen maisu lanetan ere.

Daukazun altuerarekin, nola sartzen zinen auto txiki haietan?

1,92 metro naiz; gehiegi! Baina altuera ez zen arazoa. Hobeto zen, gainera, eserlekua lurrean jarrita eta bolantea jaitsita, grabitate-zentroa baxuago zegoelako. Formula auto bat erabiltzen saiatu nintzen behin, baina ez nintzen sartu ere egiten. Pisua zen nire desabantaila: 90 kilo. Fisikoki ez nintzen entrenatzen bereziki: betidanik gustatu izan zaizkit bizikleta eta frontenisa. Ez gizentzeko zaintzen nintzen, eta asko ez jatera ohitu nintzen; gutxi jaten dut orain ere.

Zein zenuen zirkuitu kutuna?

Alcañizkoa batez ere, Guadalopeko hiri zirkuitua [Espainia]. Ikaragarri gustatu zitzaidan. Istripu kezkarekin joan nintzen lehen urtean; orduko 180-190 kilometroko abiadura hartzen genuen beheko eremuetan, kale barruan. Baina hondoraino sakatzen genuen hirugarren itzulirako. Hiru pole lortu nituen Alcañizen.

Gaur egun zer egoeratan dago turismoen zirkuituetako lehia?

Oso baxu. Toyota Aygo Kopa bakarrik dago une honetan. Oso seriekoa da autoa. 2.14 minutuko denbora egiten dute Jaraman, eta guk 2.03 egiten genuen orain dela 30 urte, AXarekin. Gaur egun, ia ezinezkoa da zirkuituetan hastea; ez dago aukerarik. Erresistentzia txapelketa badago, baina asko balio dute autoek. Ipintzekoa da, gainera, diru guztia; hartzekorik ez dago. Telebista ere gutxi sartzen da. Nik Alcañizen lehen lasterketa irabazi nuenean, proba hura oso-osorik eman zuen Espainiako telebista publikoak.

Zer falta da garai hartatik?

Auto marken laguntasuna. Gaur egun, golfean eta halako kiroletan gastatzen dute dirua. Baina golfa? Gasta ezazu zeure sektorean! Dena marketin hutsa da orain. Diru asko gastatzen zuten gure garaian. Hamabost lagun ginen, adibidez, Citroen Competicion taldean, eta Gabiriako señoritoa neu! Diru asko zegoen, baina iturria itxi zutenean bukatu zen dena.

Leave a Reply

Your email address will not be published.