Edertuta ere, zokoratuta

Edertuta ere, zokoratuta

Olatz Mitxelena

Pasaiako badiako lokatza hondeatzea portuko sakonera mantentzeko. Horixe izan zen Jaizkibel dragaontziaren egitekoa Pasaiako portuan aktibo egon zen bitartean. Draga 1933. urtean egin zuten Bilboko Euskalduna ontziolan, eta 50 urtez aritu zen Pasaiako portuan lanean. 1984. urtean hondartu zen, eta harentzat erabileraz kanpo geratzearekin batera hasi zen gaur arte dirauen oztopoz beteriko bidea, utzikeria eta herdoilaren kontrako borroka kasik etengabean.

Pasaiako Portu Agintaritzarena da dragaontzia, eta hura desegitea izan zen bere hasierako asmoa. Portuak 1991. urtean iragarri zuen desegitea, enkante bidez, eta Donostiako Untzi Museoko arduradunen berehalako erreakzioa eragin zuen. Jaizkibel dragaontziak Interes Kulturaleko Ondasun izendapena jasotzea lortu zuten Untzi Museoaren orduko arduradun Jose Maria Unsainek eta Soco Romanok, eta, horrenbestez, gaur arte aipatu izendapena duen ontzi bakarra da Jaizkibel dragaontzia.

Izendapena lortzeak, baina, ez zion bukaera eman dragaontziaren zokoratzeari. Portuan ibili zuten urteetan, alde batetik bestera, zatika, 2012. urtean, azkenik, erakunde arteko akordio bati esker berriztatu zuten arte. Eta, ordutik, Pasai San Pedroko Ondartxoko ontziolan da Jaizkibel, Albaolaren Kultur Faktoriaren ondoan, eder; baina Industri Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkarteak (IOHLEE) duela bi aste salatu zuenez, “berriz ere abandonatuta”.

Berriztatuta inauguratu zutenean, 2012an, dragaontzirako bisita gidatuak antolatuko zituztela eta bisita horiek Albaolak kudeatuko zituela iragarri zuten garai hartako arduradun politikoek. Iragarpena, baina, ez da gauzatu gaur arte. IOHLEEren presidente Javier Puertasek argitu du Jaizkibel dragaontzia “monumentu bat” dela, eta “erabat abandonatuta” dutela.

Kultura eta Ondarearen legeak agintzen duena gogora ekarrita ohartarazi du: “Elementu bati babesa ematen zaionean, eskubide batzuk aitortzen zaizkio babesaren ikuspegitik, baina baita betebehar batzuk ere. Kasu honetan, Portua da ontziaren jabea, eta derrigortuta dago haren kontserbazioa eta mantentzea egitera. Ez da egiten ari, eta salatu egin behar da”, gaineratu du.

Hori dela eta, aurrera begira jarri da IOHLEE elkartea, eta hainbat urrats egin ditu jada: “Arartekoarekin harremanetan gaude, eta idatzi batzuk prestatzen ari gara, bai Gipuzkoan, bai Bizkaian eta bai Araban”, adierazi du Puertasek. Izan ere, Jaizkibel dragaontziaren kasua “ez da bakarra”, eta elementu babestuak abandonatzea “nahi baino maizago” gertatzen da.

Gipuzkoan egoera berean dauden bestelako elementuez galdetuta, Puertasek azaldu du Jaizkibel dragaontziaren kasua dela kezkagarriena, baina beste hainbat kasu ere aipatu ditu: Donostiako Norteko tren geltokia, Orioko Ceramica lantegia eta Beasaingo Manufacturas Olaran tartean. Horiez gain, eta nahiz eta haien egoera “oraingoz” ez dela larria esan, Andoaingo Sapa eta Ziako eta Villabona-Amasako Sacem enpresen egoerarekin kezka dutela argitu du Puertasek.

Iragarri duenez, kasuan-kasuan aztertuko dute egoera, “Arartekoarekin harremanetan, bakoitzaren ardura noraino iristen den argitzeko”, eta, ondoren, “legea eskuan, prozedura bat martxan jartzeko eta erakunde arduradunengana jotzeko”.

Babesaren paradoxak

Jaizkibel dragaontziarekin gertatzen ari dena “paradoxikoa” iruditzen zaio IOHLEEren presidenteari: “Ontzi baten erreplika egiteko lanean ari da Albaola, eta, zoritxarrez, bazterrean utzi dute benetako ontzi bat, monumentua dena eta Pasaiako porturako hain garrantzitsua izan zena”. Hori esanda, berehala ñabardura: “Eta argi utzi nahi dut guretzat oso interesgarria dela Albaolaren proiektua. Honekin, ez diogu kargu hartu nahi, inola ere, Albaolari, ontziaren arduraduna Portu Agintaritza delako, eta erantzule subsidiarioa, Gipuzkoako Foru Aldundia”.

Era berean, Jaizkibel diru publikoarekin leheneratu zutela gogorarazi du: “2012an berriztatu zuten, diru publikoarekin, 650.000 euro inbertituta. Nora joan da diru hori? Dragaontziaren balioa nabarmendu zuten berriro, baina hortik aurrera ez dute ezer egin”.

Alde horretatik, Puertasek uste du erakundeek publizitatea egin beharko luketela bisitariak erakartzeko, egin ezean oharkabean pasatzen delako Jaizkibel: “Ondartxoraino bildu eta Albaola bisitatzen du jendeak, baina inork ez badie hitz egiten Jaizkibel dragaontziaz, inork azaltzen ez badie haren garrantzia eta balioa, jendeak ez du galdetzen”.

Horregatik, Jaizkibel-en etorkizuna bermatze aldera, irtenbidea argi du elkarteko presidenteak: “Albaolarekin lotzea”. Eta gaineratu du: “Albaola euskal itsas ondarearen erreferente bat sortzeko asmoz kokatu zuten Ondartxon eta Pasaian, interpretazio zentro gisa”; hala, Jaizkibel han denez, interpretazio zentro horretan tokia beharko lukeela esan du, ontziak duen garrantzia berretsiz: “Jaizkibel monumentu izendatuta dago, ez kasualitatez. Bakarra da Euskal Herrian, eta bere balioa oso handia da ondarearen ikuspuntutik”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.