Erabilera arautzeak salmentak geldiarazi ditu

Erabilera arautzeak salmentak geldiarazi ditu

Aitziber Arzallus

Patinete elektrikoen eta norbanakoen mugikortasunerako gainerako ibilgailuen erabilera arautzeko neurriak hartu ditu Donostiako Udalak. Debekatu egin du horrelako ibilgailuekin espaloian ibiltzea. Parte Zaharrean, parkeetan eta oinezkoentzako guneetan ere ezingo dira ibili. Bidegorria erabili beharko dute orduko gehienez 25 kilometroko abiadura hartzen duten ibilgailuek, eta 16 urte baino gehiago eduki beharko dituzte gidariek. Hortik gorako abiadura har dezaketen ibilgailuek, berriz, errepidea erabili beharko dute, eta, gutxienez, 18 urte izan beharko dituzte gidariek. Kaskoa erabiltzea ere ezinbestekoa izango dute. 16 urtetik beherakoek, berriz, motorrik gabeko patineteak eta antzekoak erabili ahal izango dituzte soilik; bidegorrian ibili beharko dute ahal duten guztietan, nahiz eta 12 urtez azpikoek espaloia ere erabili ahal izango duten.

Horrela, erabilera araututa, Donostiako Udalak aurrea hartu nahi izan die ibilgailu horien ugaritzeak hiriko elkarbizitzan eragin ditzakeen arazoei. Urtearen hasieratik indarrean da araudia, eta, orain, erabiltzaileei hari buruzko informazioa emateko kanpaina abiatu du udalak. Hiriko mugikortasunerako agenteak ari dira erabiltzaileei araudia azaltzen. Informazio kanpaina indarrean den bitartean, ez dute isunik jarriko; hortik aurrera, bai.

Dena dela, behin-behineko araua da Donostiako Udalarena. Berez, DGT Espainiako Trafiko Zuzendaritzari dagokio patinete elektrikoen eta antzekoen erabilera arautzea. Araudia prestatzen ari da uneotan eta uztailerako bukatuta izatea aurreikusi du. Udal gehienak horren zain daude beren ordenantzak egiteko. Donostiako Udalak ere orduan egingo du ordenantza zehatza, baina behin-behineko neurriak hartzea erabaki du. Hala azaldu zuen Pilar Arana Mugikortasun Zinegotziak: horrelako gailuen erabilera “asko” ugaritu dela hirian eta “ezinbestekoa” izan dutela “esku hartzea”.

Kalapie, arautzearen alde

Kalapie Hiriko Txirrindularien Elkartearentzat beharrezkoa zen araudia. Elkarteak orain aste batzuk kaleratutako ohar batean zioen ibilgailu motordun guztiek errepidea erabili beharko luketela. Orduko 25 kilometroz azpiko abiaduran ibiltzen diren ibilgailuak bidegorrira bideratu izanak “zalantzak” sortzen dizkiela aitortu du Maite Alvarez elkarteko idazkariak. “Espero dugu bidegorrian sartzen badira bidegorriko arauak errespetatuko dituztela: ez dutela gaindituko orduko hamabost kilometroko abiadura, txirrindulariak aurreratzerakoan metro bateko tartea utziko dutela eta kaskoa erabiliko dutela”. Haren ustez, ibilgailu motordunak asegurua egitera behartu beharko lituzkete.

Alvarezek ez du ukatu patinete elektrikoak eta antzekoak hirian batetik bestera mugitzeko ibilgailu erosoak izan daitezkeela, baina ohartarazi du dena ez dutela abantaila. “Egia da autoek baino gutxiago kutsatuko dutela, baina horrek ez du esan nahi osasungarriak direnik, motordunak direnez sedentarismoa bultzatzen baitute. Bizikletaren erabilera sustatu beharko litzateke”. Hori guztia kontuan hartuta, gailua erosi aurretik erabakia ondo aztertzeko eskatu die herritarrei.

Araudiak eragina izan du patinete elektrikoen salmentan. Hala baieztatu du Asier Ubarretxenak, Grup Carrerak Donostiako Urbieta kalean duen Supersonido dendaren arduradunak. “Gabonetan izugarrizko arrakasta izango zutela uste genuen, baina ez da hala izan. Ziurgabetasuna eragin zuten Donostiako Udala araudia prestatzen ari zen zurrumurruek, eta erosketa atzeratzeko edo bertan behera uzteko erabakia hartu zuen jendeak”.

Ubarretxenaren esanetan, iazko udaberrian eta udan saldu zuten patinete gehien. “Hilabete horietan, bai; patinete elektriko asko saldu genituen orduan”. Hiri barruan ibiltzeko “oso ibilgailu egokia” dela dio, “azkar eta eroso mugitzeko aukera ematen duelako”. Orain artean, ahoz ahokoa izan da publizitaterik onena. “Lagun batek erosi, eta harena probatu zuelako etortzen zen bestea, eta, horrela, katean”. Horregatik, uste zuten patinetea izango zela Gabonetako opari nagusia. “Baina udalaren araudiak atzeratu egin zuen jendea”. Supersonido dendaren arduradunaren hitzetan, patinete bat erostea ez da nolanahiko inbertsioa. “Merke-merkeak ere ez direlako. Beraz, edozein zalantzak bertan behera utz ditzake erosteko asmoak”.

Patinete aukera zabala dute Supersonidon: 130 eurotik hasi eta 800 euro ingurura arteko hainbat modelotakoak dituzte. “Bezero bakoitzak ikusi behar du zer behar dituen eta behar horiei erantzuteko zein ibilgailu datorkion ondoen”. Ubarretxenak gaineratu du jendeak, oraindik ere, baduela interesa. “Galdezka etortzen dira, eta antzematen zaie interesa badaukatela, erosi edo ez zalantzan dabiltzala, baina erabakia hartzea falta izaten zaie”. Zail ikusten du salmentak berriz iazko udaberrikoen eta udakoen parekoak izatera iristea. “Orain ere saltzen ditugu, baina tantaka, eta hemendik aurrera horrelaxe jarraituko dugula uste dut”.

Decathlonen ere beherakada nabarmena antzeman dute salmentetan, %20 eta %30 artekoa, gutxi gorabehera. “Jende askok zeukan buruan semeari edo alabari patinete elektriko bat oparitzea, baina 16 urtetik beherakoentzat ibilgailu motordunak debekatu egin dituztenez, ez erostea erabaki dute”. Hori horrela, motorrik gabekoak dira, oraindik ere, gehien saltzen dituzten patineteak. Gogoan izan behar da, hala ere, patinete elektrikoak ez direla jostailuak, mugikortasunerako ibilgailuak baizik, eta haurrei oparitzat ibilgailu motordun bat oparitzea arriskutsua izan daitekeela, abiadura handian ibil daitekeelako.

Fernando Peraltari “oso berri ona” iruditu zaio Donostiako Udalak patinete elektrikoen erabilera arautzeko neurriak hartu izana. Donostiako Errege-Errregina Katolikoen kalean dagoen La Bicicleta dendaren arduraduna da Peralta; hirian eta inguruetan mugitzeko era guztietako ibilgailuak saltzen, alokatzen eta konpontzen dituzte han. “Hiriko elkarbizitza bermatzeko ezinbestekoa zen araudia egitea. Orain, badakigu ibilgailu bakoitzak non eta nola ibili behar duen, eta, horren arabera, bakoitzak erabakiko du zein ibilgailu erabili”.

Araudirik ez zegoenean ziurgabetasuna zen nagusi, Peraltaren arabera. “Ondorioz, salmentak erabat geldituta egon dira. Interes handia zeukan jendeak; asko etortzen ziren galderak egitera eta probatzera, baina ez ziren ausartzen erosteko erabakia hartzera, ez zekitelako araudiak zer esango zuen”. Turistei ez ezik, hemengo bertako jendeari ere dezente alokatzen dizkiete horrelako ibilgailuak, erosi aurretik probatu egin nahi izaten dituztelako.

Peraltaren beldurrik handiena zen hiri barruan haien erabilera galaraztea. “Orain, badakigu ez dituztela galarazi, eta uste dut denon mesederako izango dela gauzak argi araututa izatea. Orain, jendeak baditu irizpideak zein ibilgailu erosi nahi duen erabakitzeko, eta espero dut erostera animatuko dituela horrek”. Hirian mugitzeko era guztietako ibilgailuen salmentak haziko direla uste du Peraltak.

Herrietan, presarik ez

Gainontzeko herrietan, oraingoz, ez dute uste patinete elektrikoen erabilera arautzeko beharrik dagoenik. Eibarren, Errenterian, Irunen, Arrasaten eta Zarautzen, esaterako, oso jende gutxi dabil patinetean, eta udaltzainek ez dute izan istripuen berririk.

Errenterian, esaterako, ez daukate inolako presarik arauak jartzen hasteko. “Patineteren bat edo beste ikusten da herrian, baina hau ez da Donostia”, azaldu du Mikel Goñi udaleko komunikazio arduradunak. “Oraingoz, ez daukagu asmorik inolako neurririk hartzeko. DGTren zain egongo gara, eta gerora ere ez dugu uste herri bakoitzeko udalak egokitu beharko lukeenik araudia; uste dugu Eudelek edo antzeko erakunderen batek egin beharko lukeela lan hori, herri guztietan arau berak ezartzeko”.

Zain egongo dira Eibarren ere. “Eibarko kaleetan ez dabil patineterik, eta udaltzainek ez dute haiek sorrarazitako arazoen erregistrorik”, adierazi du Begoña Dorronsoro alkatetzaren idazkariak. “DGTren araudiaren zain egongo gara, eta gure ordenantzara egokituko dugu gero”. Zarauzko, Irungo eta Arrasateko udalek ere gauza bera azaldu dute; gertutik jarraitu dute bilakaera, baina neurririk hartu gabe.

Leave a Reply

Your email address will not be published.