“Espazio publikoa irabazten ez bagara ari, galtzen ari gara”

“Espazio publikoa irabazten ez bagara ari, galtzen ari gara”

Aitziber Arzallus

Euskaltzalea eta euskal kulturaren bultzatzaile sutsua da Laxaro Azkune (Azpeitia, 1950). Irakasle izateko ikasi zuen arren, kazetaritzan jardun da urte askoan, eta Herri Irratian esatari eta bertso saioetan gai jartzen aritzeak egin dute ezagun. Ia zortzi urte dira erretiroa hartu zuela, baina beti du zerbait esku artean. “Gurasoa umea izateko zain dagoenean bezala” dago orain ere, argitaratzear direlako Nuarbeko sokatira taldearen historiaz idatzi duen liburua.

Sei senidetan bosgarrena, Azpeitiko Oñatz auzoko Oñatz Haundi baserrian jaio zen Azkune, “giro euskaldun-euskaldunean”. Eta Oñazko eskolan bertan ibili zen 8 urtera arte; 8 urtetik 10era bitartean, berriz, Azpeitian, Maristetan.

Ondo hartu al zintuzteten kaletarrek?

Kaletarren eta baserritarren artean bazegoen liskar giroa. Kaletarrak espabilatuagoak ziren, eta burla dezente egiten ziguten baserritarroi. Baina, denborarekin, aldatuz joan da hori.

Gazteleraz moldatzen al zinen?

Ez genekien tutik ere. Maistrak esaten zituenak aditzen genituen, zer edo zer ulertzera ailegatuko ginen, baina hitz egitera, ez.

Donostiara joan zinen gero, kolegiora.

Donostiako mojen kolegiora bidali ninduten, gaztelera ikasteagatik eta seminariora joateko handik pasatzea beharrezkoa zelako.

Apaiz izan nahi zenuen ala?

Intentzio horrekin bidali ninduten etxetik. Garai hartan, izan ere, ez zegoen baserrietatik eskolarako beste irtenbiderik. Gogoan daukat 15 bat urte nituenean hemendik Donostiako seminariora nola joaten ginen, hasi Azkoititik eta Zestoara artekoak; bete egiten genuen autobusa.

Gogorra egin zitzaizun etxetik kanpo bizitzea?

10 urterekin etxetik irten nintzenean, Gabonak arte ez nintzen bueltatu. Hiru hilabetean behin etortzen ginen hasieran, eta gerora hasi ginen asteburuero etortzen. Hala ere, ez daukat gaizki pasatu nuen oroitzapenik.

Nolako giroa zenuten han?

Euskara oso zapalduta zegoen, eta euskaldun talde bat klandestinitatean biltzen ginen geure gauzak egiteko. Han hasi ginen euskarari balioa ematen, eta hantxe euskaltzaletu nintzela esango nuke.

Beste urte batzuk egin zenituen seminarioan, baina apaizgintza uztea erabaki zenuen azkenean. Zergatik?

Bide hark bazituelako nire joerekin eta zaletasunekin bat ez zetozen ezinbesteko gauza batzuk.

Nola hartu zuten etxean?

Aitak ez zuen ezer esan, baina nahigabe handia hartu zuen amak; apaiz ikusten ninduen, nonbait.

Irakasle eskolan hasi zinen.

Aldaketa handia izan zen; Donostian jarraitu nuen, baina pisuan. Titulua nahi genuelako ari ginen irakasle eskolako ikasketak egiten, baina ikastolarako prestatzea zen gure helburua, eta han ez gintuzten prestatzen. Gau eskoletara joaten ginen euskara, euskal kultura, literatura, historia… lantzera. Oso talde ona elkartzen ginen, eta oso giro ona izaten genuen.

Ikasketak bukatuta, Azpeitiko ikastolan hasi zinen lanean.

Bai, eta urte garrantzitsua izan zen, gainera, ni hasitako hura, orduan hartu baitzen erabakia: Urola bailaran euskara batua behar zen, bai ala ez. H bai ala ez, hori zen borroka, azkenean. Erreferendumak ere egin genituen. Aurretik, aztoratuta ibili zen bailara guztia. Baiezkoak irabazi zuen.

Zortzi urte ikastolan egin ostean, irratian hasi zinen. Nolatan?

Joxe Mari Iriondok, irratia utzi, eta telebistara alde egin zuen, eta hutsunea gelditu zen. Ikasturte bukaera zen, azterketak zuzentzen nazka-nazka eginda nenbilen, eta irratian hastea proposatu zidan lagun batek. Sekula burutik pasatu ere ez zitzaidan egin, baina zer lan arlo ziren esan zidanean —herri kirolak, euskara, euskal kultura eta haren inguruko mugimendua—, probatzea erabaki nuen.

Erraz egokitu al zinen?

Gogorra izan zen hasiera. Ekitaldietara joan, eta haien berri zuzenean ematen aritzen nintzen.

Orduantxe hasi zinen gai jartzaile lanetan ere, ezta?

Betidanik izan dut oso gustukoa bertsolaritza; ikastolan ere umeekin jarduten nuen bertsolaritza lantzen, neure erara. Irratian hasteak aukera eman zidan arlo horretan barneratzeko. Joxe Mari Iriondok landutako eremua zen, bertsolariek harreman handia zeukaten irratiarekin, eta ni ere berehala hasi nintzen haiekin harremana egiten. Txapelketa antolatzeko garaia zen, eta joateko eskatu zidaten niri ere. Euskaltzaindiak antolatzen zuen ordura arte, baina bertsolarien eta antolatzaileen arteko harremanak bihurritu egin ziren 1985ekoa antolatzeko bileretan, eta bertan behera gelditu zen ekitaldia. Urtebete geroago egin zen, baina bertsolariek eta bertsozaleek antolatuta. Oraindik gogoan dut Tolosan aurkezle nork izan behar zuen erabakitzeko bilera batean Sebastian Lizasok nola esan zidan: “Hori hik egingo duk”. Sekula egin gabea nintzela erantzun nion, eta berak: “Hurrengoan ez duk hori esango”.

Nola gogoratzen duzu debuta?

Azkoitian izan zen, eta oraindik gogoan dut hankek dardara nola egiten zidaten. Baina ahotsean ez zitzaidan nabarmendu, nonbait, egundoko patxada transmititu omen nuen, eta, halaxe, finalean aurkezle izateraino. Sekula ez zait ahaztuko zer ikara sartu zitzaidan belodromoan saioa hasi aurretik agertokira irten eta hura guztia jendez gainezka imajinatu nuenean. Neure buruari esaten nion: “Hik, gutxienez, paperetik irakurri behar duk, irakurtzen ez zaik ahaztu, eta egingo duk; bertsolariak okerrago zaudek”.

Zer da zailagoa, txapelketan gai jartzen aritzea ala bestelako saioetan aritzea?

Oso desberdinak dira. Taldearen babesa izaten da txapelketan, eta irakurri egiten du gai jartzaileak. Beste saioetan, norbera da gidoigilea, norberarena da ardura guztia, eta, hanka sartzean, norberak sartzen du hanka. Beste tentsio bat eragiten du horrek. Zenbait kasutan, bertsolariek ere kontrariotzat hartzen dute gai jartzailea, beren burua salbatzeko. Baina argi izan behar da han protagonista ez dela gai jartzailea, bertsolaria baizik. Saio batean gai jartzailea dagoenik ere konturatzen ez bazara, ondo ari dela esan nahi du.

Zergatik utzi zenuen?

Gazteak bazetozela ikusi nuelako, eta, nire ustez, bertsolari gazteekin gai jartzaile gazteek askoz irudi hobea saltzen dutelako.

Bertsolaritza barrutik bizi zenuen lehen, eta kanpotik bizi duzu orain. Alde handia al dago?

Askoz gehiago bizitzen da barrutik. Ni neu bertsolaria izango nintzatekeen gustura, baina ez dut izan gaitasunik. Saiatu ere ez naiz egin, bertso eskolan ere sekula ez bainaiz ibili. Baina zortea izan dut halako bertsozalea izanda aukera izan dudalako bertsolariak ezagutzeko eta haien artean ibiltzeko. Luxua izan da, eta ikaragarri gozatu dut.

Beti euskaraz aritu zinen Herri Irratian?

Elkarrizketatu behar nuenak euskaraz ez zekielako bakarrik aritzen nintzen gazteleraz. Pilota partiden emanaldietan ere eskatu izan zidaten gazteleraz laburpena egiteko, baina ez zitzaidan gustatzen, ez nintzen eroso sentitzen.

Elebiduna zen Herri Irratia. Ez al zenuten egin guztiz euskalduntzeko ahaleginik?

Herri Irratiak bazuen helburua euskara gero eta gehiago sartzen joatekoa. Ariketa bereziak ere egin ziren; adibidez, 24 orduz jarraian euskaraz jardutekoa, 1975ean edo 1976an. Garai hartan aldunditik laguntzak jasotzen zituen programak euskaraz egiteagatik. Baina, Joseba Arregiren garaian, Jaurlaritzara pasatu zen laguntza horien ardura, eta bidean galdu ziren. Badakit batzuek esan zutela, gainera, Herri Irratiak bere prestigioagatik bakarrik ere euskarari eutsi egingo ziola. Nik han egin nituen azken urteetan ikusi nuen euskararen alorra beheraka joan zela. Izaten genituen eztabaidetan nik esaten nuena zen irratiaren audientziaren %60 euskalduna bazen eta euskarazko programazioa ez bazen %30era ailegatzen ez zela euskarari laguntzen ari, euskaldunak gaztelerazko programak entzuten jartzen zituelako; gainera, gaztelerazkoak izaten ziren beti programarik garrantzitsuenak. Baina zuzendaritzak ez zuen ulertzen edo onartzen hori.

21 urte igaro eta gero, 2004an nahiko modu tristean utzi behar izan zenuen irratia. Oroitzapen onak dituzu irratiko garaitik?

1983an hasi nintzen, eta urte garrantzitsuak izan ziren ordutik 1990era artekoak. Erabateko askatasunez jardun nuen beti, inolako mugarik gabe. Nire arazoa zen ez neukala guztiaren berri emateko espaziorik eta ez nintzela ailegatzen denera, bakarrik nengoelako. Adibidez, ez da modua idazle batengana bere liburua irakurri gabe joatea, eta horrelakoak ere egin behar izan nituen.

Zer eman dizu irratiak?

Luxua izan da bertsolariekin harreman estu hori izatea, eta gauza bera esango nuke kantagintzan eta literaturan aritu izan direnengatik eta aldizkarietan jarduten dutenengatik ere. Nire mundua zen, nik bultzatu nahi nuena, eta gustuko nuen zenbait gairen inguruan eztabaida sortzen nuen.

Ezagun egin zintuen irratian aritzeak. Nola barneratu izan duzu hori?

Arazorik ez dit sortu inoiz, baina horren bila ere ez naiz ibili. Sekulako zama ez da izan, baina publikoaren aurrean jarduteak eta edozer gauzaren inguruan zure iritzia eman behar horrek, beti eragiten du presioa, eta, horregatik, lasaitua hartu nuen irratia utzi nuenean.

Estualdiak ere izango ziren. Baduzu bakarren bat gogoan?

Irratian hasi berritan, Tolosako zezen plazara joan nintzen aizkolarien urteko finalaren emanaldia egitera. Egun handia izaten zen: zuzenean egiten genuen, eta irratiak aurretik salduta izaten zuen programa horretako publizitatea. Baina Telefonicarekin arazoak izan genituen orduan ere. Konexiorik ez, seinalerik ere ez… Horretan nenbilela, hasi egin zen finala. Zer bururatuko, eta telefono kabina batera joan nintzen kontaketa egitera. Ordu laurdenero joaten nintzen kabinara, ordura artekoaren kronika egitera. A zer estualdia pasatu nuena! Antzerakoak dira pasadizo txar gehienak, Telefonicarekin zerikusia dutenak.

Hainbeste urtean irratian ibilia izanik, berri ona iruditu al zaizu Naiz irratiaren sorrera?

Oso ona. EITBri ere mesede egingo dio lehiakide bat izateak. Badira Herri Irratiko zuzendariaren pentsaera bera dutenak, gutxirekin asko egin daitekeela uste dutenak, eta hori ez da hala; aurrekontuaren eta baliabideen araberakoa izango da emaitza ere. Horren ondorio dira Euskadi Irratiaren eta Radio Euskadiren arteko aldea, eta ETB1en eta ETB2ren artekoa. Eta euskararen normalizazioan, aurrera egiten ez bada, atzera egiten da, espazio publikoa irabazten ez bagara ari galtzen ari garelako. Dena dela, ikusi egin beharko da Naiz irratiaren bilakaera nolakoa den, eta euskarari eta nazio ikuspegiari dagokionez hasierako planteamenduari eusteko gai den edo ez. Irudipena dut duela berrogei urte orain baino gertuago geundela Bidasoako mugaz bi aldeetakoak.

Euskaldunak jabetzen dira euskarazko produktuak kontsumitzeak daukan garrantziaz? Adibidez, oso euskalduna da Azpeitia bera, baina gaztelerazko egunkaria irakurtzen da gehien.

Urtean behin Durangora joatea eta umeentzako zerbait erostea baino askoz gehiago eskatzen diot nik herri honi. Jabetu behar genuke zenbat lan egiten den euskarazko eta kalitatezko produktuak kaleratzeko, eta guk kontsumitzen ez baditugu beste inork ez dituela kontsumituko. Oso pentsamendu espainolak dauzkagu oso euskaldunak garelakoan. Umorea egiterakoan edota ateraldi eleganteetan, gaztelerara jotzen dugu beti. Zer jaten den, horixe irteten baita.

Irratia utzi eta Jesusen Lagundian itzultzaile aritu zinen erretiroa hartu arte. Eta, harrezkero, liburuak idatzi eta idatzi ari zara, ezta?

Aspalditik zintzilik neukan zerbait zen errezildarren ateraldiei buruzko liburua idaztea. Enkarguz egin ditut gainontzekoak: Azpeitiko auzoetako bizimoduaren ingurukoa, Tomas Zubizarreta trikitilariari buruzkoa, sagardoari buruzkoa… Sokatirari buruzkoarekin ari naiz orain. Disfrutatzen ari naiz lan hauekin; ordu pila bat sartzen dut, baina oso gustura.

Leave a Reply

Your email address will not be published.