Gizon jaio bai, baina nolako gizon?

Gizon jaio bai, baina nolako gizon?

Beñat Alberdi

Egun, patriarkatua sustatu eta elikatzen duten sistemak eta kulturak eragin zuzena daukate gizonezkoengan ere. Argi dago beste sexuaren aldean egoera pribilegiatuan bizi dela gizonezkoa, eta baita gizarteko beste sektore batzuekin alderatuz gero ere. Itxuraz, gizonezkoak du egoeraren kontrola, eta garaile irteten da ia beti. Txanpon guztiek dauzkate bi alde, ordea. “Gizon izateko kontratua sinatzean, inork ez digu esaten letra txikia daukanik”, azaldu du Juanma Feitok, Piper Txuriak elkarteko kide eta Arrasateko gizon taldeko dinamizatzaileak. “Irakurriko bagenu, inork ez luke sinatuko”. Gizonezkoen zapaltzaile rolaz eta letra txikiaz hausnartzeko, gizonezkoen talde bat sortu dute Arrasaten.

Feito ez dago ziur zer erantzun behar duen nor den galdetutakoan, edo ez, behintzat, zer erantzutea komeni den. “Ariketa hori egiten dut saio bakoitzean”, zehaztu du. “Bakoitzak bere burua definitzeko erabiltzen duen moduan ikusten dut maskulinitatea”. Nahiago izan du “pertsona bat” dela esatea, bere burua horrela definitzea; “ikasteko gogoa daukan pertsona bat, lasaiago bizi nahi duena”.

Ogibideari helduta, Bilboko Piper Txuriak gizonezkoen elkarteko kide da Feito. Bizitzako gorabeherak tarteko eta gai horren inguruan zeukan interesagatik, maskulinitatea lantzen ari da egun. Izan ere, horri buruzko hitzaldiak, argazki erakusketak, formakuntza saioak eta abar eskaintzen ditu Piper Txuriak elkarteak. “Hau da galdera: gizonezkook zer egin behar dugu berdintasunaren eta bortxakeriaren gaian?”.

Piper Txuriak duela hiru urte hasi zen Debagoieneko Elkarhezitzen sarearekin elkarlanean. Hasieran, Lanbide Heziketarako zentroetan —nerabeekin— eta Helduen Hezkuntzako guneetan hasi zen lanean. Ordura arteko eskaintza hedatzea zeukan buruan Elkarhezitzen-ek. Eta Mondragon Unibertsitatearen Biteri ikasle egoitzara ere iritsi zen egitasmoa.”Hitzaldi bat antolatu genuen, eta edonork parte hartu ahal izan zuen entzule gisa”, argitu du Feitok. “30 lagun baino gehiago bertaratu ziren”. Aurrera egiteko aukera ikusi zuten, eta horrela sortu zen taldea. Hilean behin elkartzea erabaki zuten.

Hazia landatuta eta uzta jasota eman zituzten lehenengo pausoak. Baina zer landu behar du gizonezko talde batek? “Konfiantza eremu bat sortu behar da; ez zara biluziko edonoren aurrean”, argitu du dinamizatzaileak. Finean, egoerari buruz argi eta garbi hitz egitea dute helburu halako taldeetan. “Entzutea da garrantzitsuena. Nik ezin diet esan ‘hori ez da hala, eta hau pentsatu behar duzu'”.

Maskulinitateari heldu eta konplexurik gabe hitz egiten dute elkarren artean. Feitok gaineratu du “ez da inoren errua”, “ahal zenuten ondoen egin duzue” eta halako esaldiak erabiltzen dituztela lortzeko guztiek lasai jardun dezaten. “Gizonezkotzat hartu bagaituzte, zapaltzaileak gara. Hala da. Maskulinitatearen urrats garrantzitsua da hori onartzea”.

Momentuz, saio bakarra egin dute Arrasaten, eta maskulinitate hegemonikoa identifikatzea izan zuten ardatz lehen lanketa horretan. “Hainbat talderekin lan eginda, ohartzen zara oso ohikoa dela gizon izatea edo sentitzea”, azaldu du Piper Txuriak taldeko kideak. Eta bitxia da, baina kasu guztietan eremu edo eragile berberari heltzen diote lehen urratsak egiteko: familiari.

“Neska edo mutila da?”

Feitoren hitzetan, “genero ikuspegia sozializatzen eta gizon izaten ikasten den tokirik garrantzitsuena” da familia. “Borondate onenarekin egiten dute senideek, haurrentzat onena izango delakoan”. Era berean, Piper Txuriak-eko kideak aipatu du haurdun dagoen emakumeari beti galdetzen zaiola neska edo mutila izango den. “Hori izaten da genero sozializaziorako lehenengo pausoa”.

Sistema eta kultura jakin batean hazitakoak eta hezitakoak izaten dira senideak. “Eta normala da ikasitako hura erreproduzitzea”. Hortik sortu da egungo egoeraren muina. “Azaleko ariketa bat egin zenezake”, zehaztu du taldeko dinamizatzaileak, “baina ez da egonkortuko. Lanketa horrek iraungo badu, muinari heldu behar diozu, nola hazi zaren aztertu behar duzu”.

Norberak garatu duen maskulinitatea identifikatzea litzateke saioetako lehen pausoa; eta ondorioak ateratzea eta praktikan jartzea hurrengoa. Hots, gazteekin eta emakumeekin beste modu bateko harremanak izaten ikastea, ahaldunduak eta errespetatuak senti daitezen. “Bakoitzak erabakitzen du nola garatu saio horietan landutakoak”.

Etorkizunera begira jarrita, eta Arrasateko taldetik harago, baikor dago Feito: “Gero eta gizonezko gehiagok ez dute onartzen emakumeen aurkako indarkeria, eta lehen urrats garrantzitsua da hori. Gero eta gizon gehiagok bat egin dezake ideia horrekin”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.