Ilusio faltsuak

Leire Narbaiza

Emaidazu eskua, ta hau gertatu zeneko lekura eramango zaitut./ Baina zuk nahiago/ dena ederki ikustea begiak itxita./ Zin egidazu ez dela berriz gertatuko,/ baina soilik ezpainak mugitzen dituzu, ezta?/ Utzidazu esaten lekukoek ez dutela beti berdin ikusten./ Orain ez dago ilusio faltsurik./ Zure itxaropenak zoroen solas pausa./ Zerraldoa bahitua izan da kalean denen aurrean,/ eta zu mutu zaude orain. / Zeinek ulertuko du?/ nagitsuak isilik jarraituko dira./ Zeinek pagatuko du/ inozentzi galduaren prezioa?”.

Hertzainak taldearen kantu hau nahiko kriptikoa iruditu izan zait beti. Edo, beharbada, interpretazio askorako ematen zuela, bakoitzak nahi zuena ulertzeko modukoa zela, alegia. Nahi ala nahi ez, ilun geratu zitzaien letra, ia-ia Hau dena aldatu nahi nuke diskoan sartzekoa bezalakoa.

Abesti zaharra bada ere, egunotan behin eta berriro etorri zait burura Ez dago ilusio faltsurik, eta oraingoan beste zentzu bat hartu diet hitzei. Argiago ikusi dut mezua, ilusio faltsuak eskaini, eta kea saltzen dutenen aurrean, morboaren trafikatzaile krudelak parez pare ikusita.

Sarritan, nahiago izaten dugu dena ederki ikustea begiak itxita, edo albo batera begiratuta. Gure ahoa ez da gai esateko ez dela berriz gertatuko, eta soilik ezpainak mugitzen ditugu, keinu hutsal baten gisa. Lekukoek, ostera, dena dakusate, eta ez dute ikusten gure plantek ezkutatu nahi dutena.

Itxaropena zoroen solas pausa da. Esperantza, ahateak bezala onil baten bidez, galkatutako munstro bat, ahalik eta azkarren gizentzeko, interes ekonomiko eta mediatikoen mesedetan. Eta zerraldoa kalean denen aurrean bahitu dute kamerek, esatariek. Ilusio faltsuen elikatzaileak mutu geratu dira orain, ezin azalduta euren motibazioa.

Gainera, inork ezingo du ulertu; hala ere, nagitsuek isilik jarraituko dute, ezkutuko negozioak azaldu ezinean. Eta zeinek pagatuko du, orain, inozentzia galduaren prezioa? Ezin, inozentzia ezin delako ordaindu diruz.

Kriptikoki moldatu dut kantua, nire interesetara; izan ere, abestia luzetxoagoa da, baina falta den zatiak ez dit balio adierazi nahi dudana azaltzeko, beste norbaiten berbak behar ditudalako sentitzen dudana espresatzeko, inoiz ez dudalako ulertuko ilusioa eta esperantza artifizialki puztea jakinda beste bati ilusio faltsuak eraikitzen dihardugula.

Are gutxiago, sufritzen ari den jendeari, zalantzan murgilduta, tragediaren ertzean. Bai, Malagan zuloan jausitako umeaz eta haren familiaz ari naiz. Sendiari bizirik egon zitekeela esan, eta esperantza zentzugabe —eta faltsuki— handitu. Komunikabideek ere euren negoziorako ilusio faltsuak hedatu zituzten. Zulo ondoan zeuden arduradun politikoek ere itxaropena hauspotu zuten; beharbada, egiten ari ziren erreskate erraldoia zuritze aldera.

Mutikotxo baten desgraziaren lepotik, moral bako jende-moduak etekina ateratzeko aprobetxatu du, itxaropenak itxaropen. Espainiaren batasuneko aldarriak jaurtitzeko, jainkoaren eta erlijioaren apologia egiteko probestu dute abagunea. Sarraskijale madarikatuak dira horiek, inoren samina (beti besteren batena, jakina) erabiliz interes baten zerbitzura. Higuina eta nazka, enpagua eta narda infinituak.

Gure itxaropena zoroen solas pausa.

Leave a Reply

Your email address will not be published.