Jose Antonio Villar: “Kazetaritza da iritzi publikoaren egilea eta manipulatzailea”

Jose Antonio Villar: “Kazetaritza da iritzi publikoaren egilea eta manipulatzailea”

Beñat Alberdi

Hamaika etiketa ditu, berez, Jose Antonio Villarrek (Oñati, 1939). Kantaria da, Ez dok Amairu taldeko kide izan zen, hogei urte pasatu ditu agertokietan, eta Goenkale telesailean ere aritu zen. Haren alor akademikoa ez da horren ezaguna, ordea. Urte ugari daramatza komunikazioaren arloa ikertzen eta egunez egun ikasten. Horren harira plazaratu du Nacionalismo nacionalismos. La acción comunicativa del periodismo actual liburua. Kataluniako prozesua ardatz hartuta, hedabideek zabaldu dituzten mezuak aztertu ditu oñatiarrak. Eztabaida sustatu nahi du gaiarekin.

Irakasle izateko ikasketak egin zenituen lehenengo. Nolatan bukatu zuen maisu batek komunikazioaren arloan lanean?

15 urte nituela, maisu batek sartu zidan harra barruraino. Komunikazioa egokia izan zedin, komunikatu behar zen gaia ondo definitu behar zela esan zigun. Edozeri buruz galdetzen zigun: “Hau zer da?”. Definizio teknikoa ematen genion, edo Natura ikasketa liburuan agertzen zen adierazpen teknikoa bestela. Hori definizioa zela erantzuten zigun, baina ez definizio orokorra. Zer den eta zer ez den esaten duen hori da definizioa.

Katalunian definitu gabe al dago zein den eztabaidarako gaia?

Bai, eta ezertaz ezin daiteke eztabaidatu aurrez ezer hori definitu gabe. Adibide ona dira hemen bake prozesuari buruz egin diren bilak.

Zergatik konpara daitezke hemengo bake prozesua eta Kataluniako independentziarena?

Elkarrik Arantzazun antolatu zituen bake prozesuari buruzko bilerei buruz ari naiz hizketan. Bileretan inori ez zitzaion eskatu bakeari buruzko bere definizioa. Beraz, denbora galtzea da. Badakigu, eta oso ondo dakigu, haietako bakoitzak, gutxi gorabehera, bakeari buruzko zer definizio zuen buruan. Baina bakea lortzeko bakoitzaren bidea zein zen, ez. Bakea zer den definitu behar da horri buruzko eztabaida egin aurretik. Hiru aldiz egin ziren bilerak, eta bakar batean ere ez zen izan emaitza onargarririk.

Prozesuari buruzko informazio faltak bideratu zaitu idaztera?

Azkenean, nire ustez Kataluniako arazo, eztabaida, prozesu edo dena delakoan azaldu diren esaldi oker, trakets, interesatu eta manipulatzaileek bultzatu naute hau idaztera. Esan ohi diren astakeriak entzun ondoren hasi nintzen idazten; astakeria horiek errepikatuz mito bilakatzen direlako, eta gizarte arruntak barneratu egiten dituelako mito horiek. Haserretu egiten nau neure lagun bati horrelako astakeria bat entzuteak. Berari ez diot ezer esango, agian, baina ideia hori zabaldu duen komunikabideari botako diot errua. Gaur egun, uste dut kazetaritza dela iritzi publikoaren ezagutarazle, egile, eragile, edota, beharbada, manipulatzaile. Askotan, manipulatzaile gisa ikusten dut gehiago.

Liburuan eskaintzen al dituzu falta diren definizioak?

Aurretik definitu egiten ditut ondoren kritikatzen ditudan kontzeptuak. Nazionalismoa txarra da edo ona? Zer den esaten ez badidazu, ezin dizut esan txarra edo ona den, edo nolakoa den, edo zertaz ari zaren…

Kontzeptu bat, izatez, ona edo txarra da?

Kontzeptuak aztertuta, onak edo txarrak izan daitezke. Pluraltasunaren errespetua da adibide bat. Baina zer pluraltasun da etikoa? Kolonoek eta kolonizatuek eremu bat partekatzea? Hori da pluraltasuna? Hori bada, txarra da. Justua izan behar du ona izan dadin. Justua eta zilegia ez bada, eta beste ezaugarri batzuk ez baditu, txarra da. Beraz, ez ezazu defenda pluraltasunaren errespetua errespetagarria ez den pluraltasun baten aldarrikapenerako.

Zer kontzeptu landu dituzu liburuan?

Zilegitasuna eta legezkotasuna parean ipintzen ditut, eta bakoitza zer den esaten. Nazioa eta estatua definitzen ditut, gero horren arabera jokatzeko. Identitatea, nortasuna eta identitaterik gabekotasuna ere zehazten ditut. Autodeterminazioa, independentzia eta dependentzia ere parez pare daude liburuan… Ez da, nobelen moduan, hurrenkeran edo jarraian irakurtzeko liburu bat.

Eztabaidan dauden gaiak ez al dituzte definitzen komunikabideek eurek?

Komunikabideek ez dute eskaintzen definizio hori. Gizarteak, askotan, onartu egiten du, ustez etikoa delakoan, ustez legeak hori dioelakoan. Baina lege hori justua ez bada, zilegi da lege horren kontra egitea.

Komunikabideetako esaldiak ikertu dituzu ondorio horietara iristeko. Zer esaldi mota dira?

Arauak ez betetzea leporatzen diete, adibidez, katalanei. Baina zer arau dira horiek? Besteek jarritakoak! Epailea besteen aldekoa da, baloi bila joaten dena ere bai, ikusleak alde dituzte, irrati eta telebista esatariak ere bai… Arau horiekin, kontrako taldeak debekatuta dauka gola sartzea.

Zure iritzia ematen al duzu lantzen dituzun alorretan?

Erabat. Argi eta garbi gelditu da nire iritzia. Baina, nire definizioekin ados ez badago, hobe bat eman dezan aukera eskaintzen diot irakurleari. Eztabaidatuko dugu hobea den edo ez.

Azken lanaz gain, beste hainbat ere argitaratuak dituzu; tartean, bi tesi. 2009an kaleratu zenuen Komunikazio egoerak tesia. Zer defendatu zenuen?

Diziplina aniztasuna eskatu behar da komunikazioan. Diziplina bakoitzak beretzat hartzen du komunikazioaren izaera eta jarduera. Soziologo batek esaten zuen ekintza soziologikoa dela komunikazioa. Baina psikologoak ezetz esango du, psikologiaren araberakoa delako pertsona bakoitzaren joeren nondik norakoa. Teknikariek, berriz, esango dute teknika bidez egiten den hori dela komunikazioa. Nik hori guztia bateratzea eskatzen dut komunikazio deitzeko.

Komunikazioaren oinarria aztertu al duzu?

Hiru zatitan banatu dut komunikazioa. Komunikazio ekintza, orain egiten ari naizena; elkar eragina; eta elkar eragin horren jarraitutasunetik sortzen den komunikazio egoera. Egoera horri bakarrik deitzen diot nik benetako komunikazioa. Tresnak edo bitartekoak dira besteak. Egoera da lorpena. Eta lorpen hori bera ere tresna gisa erabil dezakezu beste helburu batzuetarako. Hori da nire tesiaren funtsa.

Leave a Reply

Your email address will not be published.