Kornerra, zubi lanerako gunea

Unai Zubeldia

Goleko marra oso urruti ere ez dauka kornerrak, baina aulkiak ere bertan-bertan izaten ditu gehienetan; bai argazkilarienak eta bai zaleenak. Estrategia jokaldia deitzen zaio zelaiaren izkina bateko mugan gelditzen den erpinetik hasten denari, eta estrategiatik asko izaten du kultur proiektu orok ere. Futbola eta kultura: itxuraz mutur banatan bizi diren bi errealitate izanik ere, iaz kornerrean elkartu zituzten bi hari muturrak. “Eta ederra izan zen emaitza”, aitortu du Iñaki Gabarainek, Ernest Lluch Donostiako Amara auzoko liburutegiko zuzendari eta Korner jaialdiaren programa arduradunak.

Bertsoak, dantzak, erakusketak, hitzaldiak, mahai inguruak…: hitzekin ere golak sar daitezkeela erakustea da egitasmoaren erronketako bat. Reala-Athletic derbia izango da bihar, Anoetan (16:15), eta Reala-Athletic derbia hurrengo asteburuan ere, Anoetan bertan. Gizonezkoena eta emakumezkoena. “Bi derbien artean kokatu dugu Korner jaialdia, eta, alde horretatik, emakumeen futbolari ere merezi duen lekua egin nahi izan diogu aurten, guk ere emateko azkenaldian hartu duen garrantzia”, azaldu du Gabarainek.

Hain zuzen ere, Emakumeek ere jokatu egiten dute erakusketa inauguratu zuten, astelehenean, Donostiako Bulebarrean, eta otsailaren 10era arte egongo da ikusgai. Otsailaren 8an, berriz, Ellas también juegan: debate sobre el fútbol femenino (Eurek ere jokatzen dute: emakumezkoen futbolaren inguruko eztabaida) mahai inguruan parte hartuko dute Aintzane Encinas Realeko jokalari ohiak, Nahikari Garcia Realeko jokalariak eta Vero Boquete Pekingo BG Phoenixeko jokalariak —Frankfurt, Bayern Munich eta PSGn jokatutakoa da—.

Urtero bezala, derbiaren jiran eta Korner jaialdia baliatuta, XIII. Bertso Derbia egingo dute bihar, Antzoki Zaharrean (18:00). Amets Arzallus, Andoni Egaña eta Oihana Iguaran izango dira Realaren ordezkariak, eta Sustrai Colina, Onintza Enbeita eta Xabi Paya Athleticenak. Donostia Kulturaren leihatiletan eta Realaren dendetan eskura daitezke gonbidapenak.

Lehen kirol derbiaren biharamunean iritsiko da aurtengo Korner jaialdiaren hizketaldi mamitsuetako bat: Luis Arkonada Realeko atezain ohia eta Jose Angel Iribar Athleticekoa elkartuko dira mahai beraren bueltan, eta Aitor Lagunas ariko da moderatzaile lanetan. Antzoki Zaharrean izango da ekitaldi hori, 19:00etan.

Acento Robinson Ser irrati kateko irratsaioa grabatuko dute asteazkenean, 19:30ean, Antzoki Zaharrean bertan, Michael Robinson futbol jokalari ohi eta irrati eta telebista esataria gidari lanetan dela. Eta kulturak futbol mundua bere egingo du ostegunean, Euskal kultura eta futbola mahai inguruarekin —19:30ean, San Jeronimo aretoan—. Koldo Almandoz zinema zuzendaria, Ana Malagon idazlea eta Gari musikari eta abeslaria elkartuko dira mahaiaren jiran, eta Juan Luis Zabala kazetari eta idazlea ariko da moderatzaile lanetan. Kukai dantza konpainiak ere eman nahi izan du beretik, eta Korner jaialdirako sortutako Kirol legez ikuskizuna eskainiko du otsailaren 9an eta 10ean, Tabakaleran.

Kulturgunea Anoetan

Nahi gabe bezala hasi zen gorpuzten Korner. “Ernest Llucheko zuzendaria naizenez eta kulturgune hori Anoeta estadioan bertan dagoenez, ikusi genuen futbola eta kultura elkarren ondoan daudela zentzu askotan”. Ideia horri tiraka, eta Reala Fundazioaren babesarekin, iaz eman zuten lehen pausoa. “Eta oso itxura ona dauka aurtengoak ere”. Pasioa da derbien hizkuntza, eta Korner jaialdiak futboletik harago eraman nahi du sentimendu hori.