“Nekatuta eta nazkatuta” daude Proisa kulturgunearen aldekoak

“Nekatuta eta nazkatuta” daude Proisa kulturgunearen aldekoak

Unai Zubeldia

Babes falta sentitzen dute eta ez dute askorik falta amore emateko. “Pena ematen dit, gero eta indibidualistagoa bihurtzen ari delako gizartea; gero eta gutxiago partekatzen dugu”. Egoera “gero eta okerragoa” dela uste du Igor Carballok, Proisa Pasai San Pedroko kulturgunea elkarteko presidenteak. “Eta ez dakit honek bueltarik ba ote daukan ere. Politikariek ez dute nahi euren kontroletik kanpoko ezer”.

2015ean ordura arteko eraikina eraitsi eta ordutik “erantzun egokirik jaso gabe”, politikariekin “nekatuta eta nazkatuta” daude Proisako kideak. “Oso bakarrik sentitzen gara, gainera, herrian hiruzpalau lagunek soilik jarraitzen dugulako borrokan. Onean, denak inguratzen dira, baina gauzak zailtzen hasten direnean…”.

Pasai San Pedro erdi-erdian zegoen fabrika bat zen Proisa, Proyectos Industriales SA. “Itsasontzientzat piezak egiten zituzten, motorrak konpondu…”. 1960ko hamarkadan arrantza punta-puntan zegoen Pasaian. “Baina 1980ko hamarkadan, arrantza industriaren krisiarekin, itxi egin zuten fabrika. Ikaragarria zen: 40 metro luze, 11 zabal eta sei metroko bi solairu zituen”. Pabiloi horren ondoan zegoen Tirri Tarra fanfarrearen egoitza, hiltegi zaharraren eraikinean. “Antzerki musikatua, musika sinfonikoa… Denetik egiten hasi ginen, eta txiki gelditu zitzaigun egoitza”.

Proisa fabrika hutsik zegoela ikusita, han sartzea erabaki zuten. “Eta izugarrizko gunea geneukala eskura jabetu ginen”. 1998a zen. Udalarekin hitz egin zuten, eurena delako zoruaren jabetza, eta ez zieten jarri inolako arazorik. “Dena garbitu genuen, lurra berritu, 120 metro koadroko agertokia eraiki… Urtebeteko lana izan zen, eta 1999an inauguratu genuen, Tirri Tarraren 25. urteurrenean”. Entseguak egiteko gunea izateaz gain, kontzertuak edo antzerki emanaldiak eskaintzeko, bazkariak egiteko… zabalik egongo zen gunea izan nahi zuen Proisa eraberritu hark.

2009ra arte “arazorik gabe” landu zituzten kultur eta gizarte jarduerak Proisan. “Urte hartan jarduera profesionala alboratzea erabaki zuen Tirri Tarrak, eta Proisa kulturgune bihurtzea komeni zela ikusi genuen”. Eraikina “erortzeko arriskuan” zegoela deklaratu zuen, ordea, udalak. “Bitxia izan zen arkitektoaren bisita. Arazo bat tarteko, egun hartan ez zegoen argirik, eta bost minututan hartu zuen erabakia; argi zegoen aurretik zehaztuta zeukatela dena. Hilabeteko epea eman ziguten handik ateratzeko”. Maider Ziganda EAE-ANVko ordezkaria izan zen Pasaiako alkatea 2007tik 2011ra, eta Amaia Agirregabiria Bildukoa 2011tik 2015era.

EH Bilduren azalpena

Miguel Mari Torrea Pasaiako Udaleko EH Bilduko egungo bozeramaileak onartu du arkitektoak Proisa baldintza txarretan zegoela azaldu ziela. “Baina eurak ez zeuden ados, beste azterketa bat eskatu zuten, eta hala egin genuen, fidagarriagoa izan zedin”. Kanpoko enpresa bati deitu zioten. “Eta, Proisako kideek eskatuta, eraikina konpontzea, edo eraitsi eta berria eraikitzea, merkeagoa zer zen jakiteko azterketa bat ere egin genuen, eta argi gelditu zen merkeagoa zela proiektu berria egitea”. Euren arkitektoek eraikinaren oinarria “baldintza onetan” zegoela ondorioztatu zutela zehaztu du Carballok. “Baina erortzeko arriskurik ez zeukala sinatzeko prest ote zeuden galdetu genien, eta ez zuten sinatu nahi izan”, argitu du Torreak.

Pasai San Pedroko behar sozio-kulturalak aztertzeko herri galdeketa bat abiarazi zuen Bilduk garai hartan. “Baina Proisa bai edo ez, hori zen kontua. Jende askok parte hartu zuen, eta ondorio argia atera zuten: Proisa edo Proisaren gisako eraikin bat behar da herrian”. Udalbatzarrean bozketa ere egin zuten, eta alderdi politiko guztien aldeko botoekin onartu zen. Torrea erabat ados dago eskaera horrekin. “Eta hala defendatu genuen”.

“Erortzeko arrisku handia” zeukalako, 2015eko martxoan eraitsi egin zuten, azkenean, Proisa. “Berez ezin zen erabili eraikina, baina badakigu sartu egiten zirela, eta eurek esan ziguten ohi baino argi gehiago nabaritzen zutela”, hasi du azalpena Torreak. “Arkitektoak ikusi zuen pilotalekuaren frontisaren kontra erortzen hasita zegoela pareta, eta frontisa bera pitzatzen hasita zegoela, gainera. Arrisku handia zegoen herriaren erdi-erdian, eta egoera ezin genuen luzatu gehiago”. Udal hauteskundeak izan ziren 2015eko maiatzean. “Eta erabakiak ez zigun mesederik egin, baina arduraz jokatu genuen. Bota egin behar izan genuen”.

Ordurako EAJ eta PSE-EErekin hizketan hasita zeuden Proisako kideak. “Eta gure proiektuaren alde zeudela esaten ziguten beti”. PSE-EEk irabazi zituen 2015eko maiatzeko hauteskundeak, eta Izaskun Gomez sozialista izendatu zuten Pasaiako alkate. “Berehala joan ginen eurekin hitz egitera, baina kontuak aldatu egin ziren orduan. Gauza asko hitzeman bai, baina bakar bat ere ez zuten bete gero”. Pasaiako Udala eta aldundia. PSE-EE eta EAJ. Hor korapilatu zen kontua.

2017ko akordioa

Gorabehera askoren ondoren, 2017an eraikin berri bat egiteko akordioa sinatu zuten aldundiak, udalak eta Proisak, eta, behin-behineko irtenbide gisa, Erti udal aretoa erabil zezaketela ere hitzartu zuten. “Baina elkarri begira egon dira EAJ eta PSE-EE, eta ez da ezer gauzatu oraindik”, azaldu du Carballok. Mugimendu handia sortu zen Ertiren inguruan. “Baina hegalak moztuz joan dira, eta iazko urrian bota egin gintuzten hortik ere. Kalean gaude”.

Gaur-gaurkoz, orube bat besterik ez dago garai batean Proisa enpresa zegoen gunean. “Eta kultur arlorako gunea eskatu, eta futbol zelaia margotu dute, gainera!”. Udal hauteskundeak izango dira maiatzean, eta Proisako kideek babesa eskatu diete herritarrei.

Leave a Reply

Your email address will not be published.