Txakurraren lekuan jarrita

Txakurraren lekuan jarrita

Imanol Garcia Landa

Txakurren mundua da Xabier Moiua tolosarraren pasioa, eta ogibide bihurtu du, gainera. Maskotentzako Urubi denda dauka, batetik; eta txakurren hezkuntza eta jarrera moldaketa lantzen ditu, bestetik. Ahal duen guztietan, besteen txakurrak ere paseatzen ditu tolosarrak.

Hamar urte zituenetik, Moiuak txakurrak eduki izan ditu etxean; hogei urte daramatza lanean labrador retriever arrazakoekin, eta arraza horretako hiru txakur ditu egun. “Tolosan denda jarri nuenean, hezitzaile zerbitzua emateko esaten zidan jendeak”, azaldu du tolosarrak berak. “Jabeei aholkuak eta informazioa ematen nizkien tarteka, eta teoria arloa gehiago ikastea pentsatu nuen orduan. Eta kontua ez zen titulua eskuratzea bakarrik”.

Hezitzailearen eta trebatzailearen artean ezberdintasunak daudela zehaztu du Moiuak. Txakurrari trebetasunak erakusten dizkiena da trebatzailea; hau da, etzaten, esertzen edo txapelketetarako prestatzen laguntzen diena. Txakurrak dituen arazoei irtenbidea aurkitzen laguntzen du, berriz, hezitzaileak. Egun, beldurrekin, oldarkortasunarekin eta banaketak sortzen duen antsietatearekin zerikusia izaten dute arazo nagusiek.

Hezitzaile gisa, jabeak heztea izaten da lanetako bat: “Txakurraren beharrei buruzko informazioa ematen dut nik, batez ere. Noski, ondo zaindu behar dira, ondo elikatu, baina txakurraren beharrak kontuan izan behar dira”. “Munduari txakurraren ikuspegitik begiratzeko”, hori azpimarratzen die gehien Moiuak.

Txakurrak orainean bizi direla gaineratu du tolosarrak, gertatzen ari den guztira unean bertan egokituz joaten direla. Usaimenarekin erabat lotuta dago txakurraren ikuspegia: “Pertsonok ikusmena erabiltzen dugu, batez ere, eta txakurrek, usaimena. Ondorioz, beldurren edo jarrera desegokien inguruan, usaimenarekin lotutakoak izaten dira txakurrei eginarazten dizkiedan lanak. Mundua lasaiago sentitzen eta konektatuta egoten laguntzen die horrek”.

Guztiak ez dira berdinak

Txakur guztien beharrak ez direla berdinak azaldu du Moiuak. Funtsean, funtzio jakin baterako aukeratua izan da arraza bakoitza. “Dobermana txakurra da, eta chihuahua ere bai. Esaterako, artzain funtziorako sena dute border collie arrazako txakurrek, eta, sen hori nolabait ez bada bideratzen, autoen atzetik korrika joateko joera garatuko dute, agian”. Tolosarraren ustez, oso garrantzitsua da txakur bat hartzean jabeak jakitea zein diren arraza horretako txakurren behar zehatzak, eta behar horiei erantzuteko gai izango ote den aztertzea.

Arlo kognitibotik jorratzen du heziketa. “Emozioa ugaritzean, jaitsi egiten da kognizioa, eta txakurrak ez du berdin jokatzen”, azaldu du txakur hezitzaileak. “Guri ere gertatzen zaigu: haserretuta bagaude, ez dugu hainbeste pentsatzen, eta beste modu batera erreakzionatzen dugu”. Txakurraren heziketan oso garrantzitsua da emozioa lantzea. “Animalia delako, eta, emozio mailaren arabera, bere sena ateratzen zaiolako. Orkatzaren atzetik abiatuko da, eta, deitu arren, ez da etorriko, senari beste ezeri ez diolako kasu egingo”.

Bestalde, txakurrak, bere mundu propioan, ez du uste izaten gauzak gaizki egiten ari denik: “Ekintza bat egitean jabea haserretu egiten dela ikusten du, baina txakurrarentzat, adibidez, alfonbraren gainean pixa egitea ez dago gaizki. Guretzat arazoa dena, euren munduan ez da arazo”. Zeharka egiten die aurre arazo horiei Moiuak: “Lehenengo, animalia orekatzeko lanak egiten ditut txakurrarekin eta jabearekin. Pixkanaka, arazo zehatz hori landuz joaten gara, beste txakur batzuekin talde lana eginez”.

Txakurrak oldarkorrak dira edo ez? Betiko eztabaida da hori. “Ez dago txakur oldarkorrik edo gaiztorik”, hasi du azalpena tolosarrak. “Hori bai, haserretuz gero, min handia egin dezake txakur handi batek. Baina jabeak jakin egin behar du hori, eta txakurra eta jabea hezi daitezke hori ez gertatzeko”.

Txakurren sentimenduak

Moiuak argi utzi nahi du txakurrak ez direla pertsonak. “Gurekin bizi dira, eta sentitzen dute, noski, baina euren erara. Pertsonok, batzuetan, modu okerrean itzuli nahi izaten dugu eurek musu truk ematen digutena”.

Adibide modura, Moiuak gogora ekarri du txakurtegi bateko txakur baten jabe egin zela tarte batean, hezitzaile gisa praktikak egiteko. “Dendan izaten nuen, beldurtia zen, eta hara joaten zirenek esaten zuten pena ematen zuela, txakurrak igaro izan zituen garai txarrak gogora ekarriz. Baina norbaitek laztandu zezan, horixe behar zuen txakurrak, poztasun pixka bat, eta ez pena aurpegi gehiago”. Azkenerako, familia egoki bat topatu ahal izan zion txakurrari, eta, aholkuak jasota, “oso gustura” bizi dira egun.

Leave a Reply

Your email address will not be published.