Zaintzaileen zaintza lanetan

Zaintzaileen zaintza lanetan

Kerman Garralda Zubimendi

Adineko eta gaixo askok zaintzaileren baten beharra izaten dute egunari aurre egiteko. Halere, kasu batzuetan, zaintzaileak ere laguntza behar izaten du adinekoaren edo gaixoaren arabera. “Lotua eta neketsua da zaintza lanak egitea. Zaintzen ari diren horren mina eta trabak direla medio, zaintzaileek ez dute ia atseden hartzeko tarterik ere izaten, eta horrek ito egiten ditu”, azaldu du Nerea Redondo soziologo eta aholkulariak. Hark gidatuko du Legorretako Udalak antolatutako zaintzaileentzako laguntza taldea.

“Zaintzaileek ere laguntza behar izaten dutela jabetu ziren Legorretan”, adierazi du Redondok. “Lehen urratsa autolaguntza taldea da: sei hilabeteko tartean, hainbat ariketaren bidez, laguntzaileentzako eta laguntza jasotzen dutenentzako tresna praktikoak identifikatuko ditugu tailerrean”. Joan den astean elkartu ziren lehendabizikoz, asteartean, eta hilabeteko azken astearteetan elkartuko dira ekainera arte. “Taldea irekia da; berdin dio lehen egunean azaldu ez izanak. Legorretako Udalarekin harremanetan jarriz gero, zaintzaile oro izango da ongi etorria”.

Redondok argi utzi du helburua ez dela terapia egitea, baizik eta zaintzailearen eta zaindutako pertsonaren lan eta bizi maila “samurragoa, gozoagoa eta lasaiagoa” izatea. “Laguntzaileen kasuan, adibidez, pentsamenduak kontrolatzen ikasiko dugu. Sarri, behar baino gehiago pentsatzen dugu, eta, pentsamendu ezkorrak direnean, zurrunbilo negatibo batean sartzen gara”, azaldu du adituak. “Era berean, erlaxatzeko, entzuteko edo motibatzeko tresnak ere jasoko dituzte. Motibazioa gal daiteke zaintza lanak eragindako nekearen ondorioz, edo baliteke gaixoak, ondoezaren erruz, ezertarako gogorik ez izatea. Helburu txikiak jartzen ikasiko dugu, lorpenak nola ospatu…”.

Alaitasunari ere garrantzi handia ematen dio Redondok; haren ustez, gaixotasun baten inguruan hartzen den jarrerak eragin zuzena baitu bilakaeran. “Asko landuko dugu alaitasunaren gaia: poza, irribarrea, bizipoza… Guk erabaki dezakegu jarrera horiek hartzea, eta mundua beste modu batera ikusten laguntzen dute”.

Redondok, halere, badaki askotan kosta egiten dela halakoetan alaitasunari eustea. “Onartzea da zaintza lanak egitea egokitzen zaigunean egin beharreko gauzarik oinarrizkoena. Jarrera erreaktiboa har dezakegu, geure buruari galdetu ea zergatik egokitu zaigun guri halako zerbait. Edo jarrera proaktiboa izan dezakegu: errealitatea datorren bezala onartu, eta egoera ondo kudeatu”. Horrekin guztiarekin, Redondok ez du esan nahi egoera beti gustagarria izango denik: “Onartzeak ez du esan nahi egoerarekin eroso eta gustura gaudenik. Pena senti dezakegu, eta, aldi berean, jarrera proaktiboa eduki”.

Soziologoak azpimarratu du argi izan behar dela halako egoera batean ezinezkoa dela ordura arteko bizimodu berbera izatea. “Gure bizitza aldatu egingo da, eta horretarako prest egon behar dugu”. Gizartea ez du prest ikusten, ordea: “Ez dugu guk erabakitzen noiz gaixotuko garen, eta aurretiaz ez dugu pentsatzen hori gertatzen denean zer egingo dugun”. Redondoren ustez, gainera, kanpoko laguntza gutxi dagoela sumatzen dute askok. “Eta ez dira jabetzen baliabideak badaudela errealitate hori hobeto eta gozoago bizitzeko”. Redondok lehen aldiz parte hartuko du halako egitasmo batean.

Onartu du gero eta ikusgaitasun handiagoa duela zaintza lanak, nahiz eta “bide luzea” dagoen egiteko oraindik ere. “Orain arte, osasun fisikoaren alorra landu izan da bereziki. Hau da, pisuak nola altxatu bizkarra eta belaunak mindu gabe, era erosoan nola garbitu… Ez da askorik landu zaintza lanaren alor emozionala”.

Redondoren ustez, “oso sektore feminizatua” delako baztertu dute orain arte zaintza lana. “Gizonezkoek ez dituztelako egin nahi halako lanak: ordu asko lanean, aisialdirako tarte gutxi, zailtasunak dituzten pertsonak zaindu behar… Lanaren ezaugarriengatik, historikoki emakumeei bideratu izan zaizkie zaintza lanak”. Soziologoak gizonezkoei ere gonbita egin die zaintzaileen laguntza taldera batzeko: “Etxeko lanez emakumea arduratu izan da urte askoan, eta tartean baita zaintza lanez ere. Posible da egunen batean errealitate hori desagertzea eta zaintza lan hori gizonei egokitzea. Halako egoera batean dagoen edozein gizonentzat ere baliagarria izango da tailerra”.

Teoriatik praktikara

Redondok argi utzi nahi du, “pertsonei laguntzeko taldea” dela eurena, gizon zein emakume, izan profesional edo etxeko zaintzaile. “Egunerokoan moldatu ezinik, askok kontratatzen dute zaintza lanetarako norbait. Soldatapean lan egin arren, traba emozional berberak jasaten dituzte, eta haientzat ere baliagarriak dira horrelakoak”.

Redondok azaldu du gerora norberak jakin behar izaten duela tailerreko zein tresna erabili eta zein ez. “Erlaxatzeko, agian mendira joatea gustatuko zaie batzuei, baina beste batzuek ezingo dute egin halakorik. Horregatik, geure burua ezagutu eta komenigarrien zaigun baliabidea hautatu behar dugu”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.