Ezezagunak ezagutarazten

Imanol Saiz

Lepo beteta. Joan den larunbatean hala gelditu zen Irungo Amaia antzokia. 600 lagun bildu ziren urteko emanaldi berezienetako batekin gozatzeko prest. Ia bi urteko lanaren ostean, La paz y otras lunas antzezlana estreinatu zuen Ezezagunok hiriko antzerki taldeak. Ez dira askotan atera Gipuzkoatik, baina pixkanaka ezagun bihurtzen ari dira Euskal Herrian; euren merituari esker, gainera. Ilusioa eta lana dago meritu horren atzean.

Dibertsitate edo bestelakotasun funtzionala duten aktorez osatutako taldea da Ezezagunok. Herritar gutxik dute oholtzara igotzeko eta interpretazio lan ona egiteko trebezia, eta, emanaldiz emanaldi, eurek badaukatela erakusten ari dira Ezezagunok taldeko aktoreak. Urruti gelditu dira dibertsitate funtzionala zutenek euren bizitza etxera mugatzen zuten garaiak; mugaz beteriko bidea egin behar izaten zuten lehen, eta, esparru askotan, baita orain ere. Baina lan eremuan pausoak emateaz gain, dozenaka aukera sortzen ari dira kolektibo horrentzat, eta, Luisma Morenok adierazi duenez, Irunen “den-denek” zabalik dituzte ateak. Ezezagunok antzerki taldeko zuzendaritzako kidea da Moreno, Miren Etxeberria eta Ana Perezekin batera.

2007tik, kalean antzerkia egitea izan da elkartearen zeregina. Morenok azaldu du “hiru hilabeteko probatxo batekin” hasi zutela bidea. “Eta ondo atera zen dena”. Horrek motibazioa areagotu zien aurrera egiteko. “Izugarri gustatu zitzaigun emaitza. Guk eta, bereziki, aktoreek eurek hura nola bizi izan zuten ikusita, hasierako indarra handitu eta martxan hasi ginen”, gogoratu du, harro, Morenok. “Ia konturatu gabe”, hamabi urte pasatu dira jada, eta gero eta kide gehiago batu zaizkio hasierako talde txiki hari.

Zuzendariaren esanetan, dibertsitate funtzional intelektuala dutenei aktore gisa lehen pausoak emateko aukera eskaintzeaz gain, “euren egunerokoan baliagarriak izango zaizkien tresnak eskura jartzea” da proiektuaren asmo nagusietako bat. Lanabes horiek erabiltzen ikasi dute.

Lan metodologia “profesionalizatuz” joan dira lehen emanaldia egin zutenetik, eta aktoreek asko findu dute interpretazio lana. “Ohiko antzerki talde batean bezalaxe egiten dugu lan guk. Erritmoa eta testuen egokitzapena sakonagoak dira gure kasuan, intentsitate handiagokoak”. Hala, obra ugari egin dituzte azken hamarkadan, eta guztiek “sekulako arrakasta” izan dutela aitortu du zuzendaritzako kideak. Romeo eta Julieta da adibiderik onena; hamalau aldiz taularatu dute.

Umorea, izaeraren parte

Orain arteko lan guztiak bezala, umorez josita dago estreinatu berri duten lana ere; barrez lehertzeko horietakoa da. “Umorea eta ironia dauzkate gure obra guztiek; gure izaeraren parte da hori. Biraoak esaten ditugu, ez gara politikoki zuzenak; umore urratzailea bilatzen dugu”. Umoreaz gain, kritika sozialak, eta, oro har, aldarrikapenak ere badu tartea funtzio guztietan. Zuzendariak kontatu duenez, Paz y otras lunas lan berrian indarkeria matxista eta migrazioa landu dituzte bereziki, baina sorkuntza guztietan gizarte gaiak lantzeko joera handia izaten dutela zehaztu du.

Inoiz Ezezagunok taldearen obra bat ikusi dutenek badakite, jada, oihala ireki bezain laster zerekin topo egingo duten. “Ziur ikusleak ez duela espero dibertsitate funtzionala duen pertsona batek zuk zeure kabuz pentsatu beharko zenituzkeen gauza horiek esango dizkizun antzezlan bat ikusiko duenik”, azaldu du Morenok. Are gehiago, antzezlanen helburua ez da erantzunak ematea, ikusleari galderak planteatzea baizik. Hori da erronka.

Zuzendaritzako kidea harro dago aktoreen lanarekin eta zaleen erantzunarekin. Irungoak bertakoak ez diren askok emanaldi bakar bat ere ez dutela galtzen azpimarratu du. “Askotan ez gara ohartzen aktore horiek zer egiteko gai diren. Mezu asko iristen zaizkit antzezlana ikaragarria eta ikusgarria izan dela esanez; esaten didate eurak sekula ez liratekeela gai izango halakorik egiteko”.

Hamabi urteko ibilbideari esker, antzerkiaren munduan txoko bat egitea lortu du Ezezagunok taldeak. “Horrelako taldeak oso ezezagunak izan dira orain arte, eta horregatik jarri genion izen hori elkarteari. Halere, izena aldatzea litzateke helburua, eta Ezagunok jartzea”, azaldu du, barrez. www.ezezagunok.org webgunea eskura daukate hurrengo emanaldien berri jakin nahi dutenek edo taldea lanean ikusteko interesa dutenek.